Hala Bedi Irratiak eta Arabako Bertsozale Elkarteak antolatzen dute 2012-10-31

18 bertsolari ariko dira Bertxoko sariketan

Hiru kanporaketa jokatuko dira: azaroaren 9an Murgian, azaroaren 16an Araian eta azaroaren 23an Laudion. Finala, berriz, azaroaren 29an izango da, ostegunez, Gasteizko Gaztetxean. Bertsolari gazteei zuzendutako sariketa da Bertxoko, eta ariketa bereziak izaten dira bertan. Antolatzaileek azaldu dutenez, bi helburu ditu ekimenak: "bertsolari gazteei plazak ematea eta Arabako entzulegoari saio dinamiko, fresko eta animatuak eskaintzea". Iaz Peio Ormazabal nagusitu zen finalean. Bertxoko sariketa 2007an sortu zen, aurretik bost urtez antolatutako Bagare sariketari jarraipena emanez.
 Arabako Bertsozale Elkarteak eta Hala Bedi Irratiak aurten ere elkarlanean antolatu dute Bertxoko sariketa. Ekimenaren oinarria 2002an Arabako Bertsozale Elkartea eta Gasteizko Bagare Kultur Elkartea antolatzen hasi ziren Bagare sariketan dago. Bost urteko ibilbidearen ondoren eta Bagare elkartea desagertu izanaren ondorioz, buelta bat eman zitzaion ideiari eta 2007an hasi ziren Bertxoko sariketa antolatzen, Hala Bedi Irratiaren laguntzaz. Bertsolari gazteei zuzendutako ekimena da, eta, antolatzaileek azaldu dutenez, bi dira helburuak: "bertsolari gazteei plazak ematea eta Arabako entzulegoari saio dinamiko, fresko eta animatuak eskaintzea".

 Aurtengo edizioan 18 bertsolari ariko dira kantuan, hiru kanporaketatan banatuta. Honako hau da egutegia:

 AZAROAREN 9an, OSTIRALEZ
 Murgiako Gaztetxean, 19:30etan
  Xabi Igoa (Aramaio)
  Jagoba Apaolaza (Gasteiz)
  Paula Amilburu (Aramaio)
  Maialen Saez de Okariz (Gasteiz)
  Maddi Ane Txoperena (Hendaia)
  Asier Azpiroz (Zubieta)
   Gai-jartzailea: Unai Mendibil

 AZAROAREN 16an, OSTIRALEZ
 Araiako Gaztetxean, 19:30etan
  Ander Solozabal (Gasteiz)
  Iker Pastor (Zalduondo)
  Iñaki Tena (Gasteiz)
  Ane Labaka (Lasarte)
  Irati Majuelo (Iruñea)
  Endika Igartzabal (Gabiria)
   Gai-jartzailea: Unai Olalde

 AZAROAREN 23an, OSTIRALEZ
 Laudioko Gaztetxean, 19:30etan
  Izar Mendiguren (Laudio)
  Iker Agirre (Aramaio)
  Josu Kanpo (Agurain)
  Peio Ormazabal (Arrigorriaga)
  Uxue Ruiz de Arkaute (Gasteiz)
  Patxi Iriart (Hiriburu)
   Gai-jartzailea: Irati Mendiguren

 Ohikoa den bezala, ariketa bereziak izango dituzte bertsolariek:

 -Agurra, kantu ezagun batean oinarritua eta puntuagarria
 -8ko handian 3na bertso, ofiziotan
 -8ko txikian 3na bertso, ofiziotan
 -Bina punturi erantzun
 -Bakarka bertso bat, gaia formatu berezian emanda
 -3na kopla ofiziotan hirunaka, Santi Mamiñe doinuan

 Finala, azkenik, azaroaren 29an izango da, ostegunez, Gasteizko Gaztetxean, gaueko 22:30etan hasita. Kanporaketa bakoitzetik lehenengo bi sailkatuek lortuko dute finalerako txartela. Azken saioan honako ariketa hauek egin beharko dituzte:

 -Agurra, kantu ezagun batean oinarritua eta puntuagarria
 -8ko handian 3na bertso, ofiziotan
 -8ko txikian 3na bertso, ofiziotan
 -Bina punturi erantzun
 -Bakarka bertso bat, gaia formatu berezian emanda
 -Kartzela: 10eko txikian, 3na bertso, egoera batean kokatuta
 -3na kopla ofiziotan hirunaka, Santi Mamiñe doinuan

 Iazko edizioan Peio Ormazabalek jantzi zuen txapela. Informazio gehiago aurki daiteke Hala Bedi irratiaren web orrian edo Arabako Bertsozale Elkartearen atarian.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri