Bertso-jaialdia Ermuan 2012-11-05
Berritu berria da Ermuako antzokia, zinema zaharraren lekuan areto ederra egin dute. Areto huts eta isila ordea ez da inoiz erabat eder izango eta oraingoz behintzat ez da horren arriskurik Ermuan. Kultur-agenda bete-betea dute antzerkiarekin, zinemarekin eta kantuarekin; ostiralean bertsoak bete zuen antzokia.
Urtero egin ohi duen moduan, Euskal Birusa Elkarteak antolatu zuen bertso-saioa. Euskararen birus onuragarria Ermuan zabaldu nahian hainbat ekimen egiten ditu kultura-elkarte honek urtean osoan eta San Martin azokaren bueltan egiten duen bertso-jaialdi hau da horietako bat.
200 lagun inguru elkartu ziren Ermua antzokian. Hamarrak eta laurdenean zen hastekoa emanaldia eta minutu gutxi batzuen gora-beheran igo ziren oholtzara bertsolariak; Beñat Ugartetxea, Sustrai Colina, Igor Elortza, Uxue Alberdi, Maialen Lujanbio eta Anjel Mari Peñagarikano, Josu Goikoetxea gai-jartzailea gidari zutela.
Saio polita egin zuten. Umoretik hasi zen kantaldia; izan ere, Euskal Birusa elkarteko sei kideren lekuan jarri baitziren sei bertsolariak, eta saiora etortzekoak ziren bertsolariei harrera egitea zen euren lana. Elkarri erreferentzia eginez sei bertsolarien mania, gustu eta kapritxoak aireratu zituzten.
Noski, bizi dugun errealitateari ezikusia ezin egin eta Sustrai Colina eta Igor Elortza pankartaren atzean jarri zituen Josu Goikoetxeak euren lan-egoera salatuz. Anjel Mari Peñagarikanok eta Beñat Ugartetxeak ere bertsoaldi polita osatu zuten aita-semeen roletan. Anjel Mari aita ehiztaria adinean aurre doala eta Beñat semeak eskopeta ezkutatu dio, aita ehizera joan ez dadin.
Uxue Alberdik bakarkako lana osatu zuen gai-jartzaileak emandako sagarrarekin. Egingo ote dio kosk Uxuek bekatuaren sagarrari?
Elortza, Ugartetxea eta Lujanbio egoera zelebrean jarri zituen Josu Goikoetxeak. Igorrek ligatu eta neskaren etxera joan da. Goizean gosetuta hozkailura jaiki denean neskaren amarekin eta semearekin elkartu da sukaldean.
Ermuako San Martin azokan lehiaketa berezi bat egitekotan dira, azokako txerriaren pisua asmatu behar dute herritarrek. Horren harira, Sustrai Colina eta Maialen Lujanbio elkarren pisua asmatu nahian aritu ziren. Bukatzeko, Maialen Lujanbio euskara ikasteko berbalagun bila hasi zen atzekoei bertsotan.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24