Ahoa Bete Hots 2012-11-09

Xabier Amuriza: "Koherentzian dago gakoa"

Xabier Amurizak "Euskara batuaren eta euskalkien lekua bertsogintzan" izeneko hitzaldian gai honen inguruan izan dituen kezkak eta esperientziak azaldu zituen.
 Bertsolari ezaguna da Xabier Amuriza. Horrez gain, bertsoaren inguruko teorizatzaile nagusietako bat ere bada, eta azken urteotan hizkuntzaren inguruko saio bat baino gehiago kaleratu du, "Zazpi ebidentzia birjaiotzarako" esate baterako. "Euskara batuaren eta euskalkien lekua bertsogintzan" izeneko hitzaldian bertsotan egiten ahalegindu dena azaldu zuen diskurtso teoriko baten gainetik. Hala, adierazi zuenez, Bizkaian bizkaieraz egiten du, Gipuzkoan gipuzkeraz eta gainerakoetan euskara batuan. Horrez gain, Txapelketa Nagusian edo euskaldun berriak nagusi diren inguruetan ere batuaren aldeko hautua egingo luke.

 Baina, zer litzateke bizkaieraz egitea? Bere garaian bizkaiera baztertu egin zuten zenbait bertsolarik, eta berreskuratzeko lanetan aritu zen Xabier Amuriza. Aditzean dago gakoa. Lexikoari dagokionez ere, ahal dela Bizkaiako hitzak erabiltzen saiatzea gomendatzen du bizkaieraz egiteko borondatea dagoen kasuetan, eta hainbat euskalkitako formak dauden kasuetan bizkaierazkoak hobetsi. Dena den, beste euskalkietako hitzak hartzeari ere ez deritzo gaizki. Deklinabideari dagokionez, euskara batuko deklinabidearen alde egingo luke, bizkaieraz deklinatzeko modu bat baino gehiago baitaude, eta nahaspila handia sor baitaiteke. Koherentzian ikusten du gakoa Xabier Amurizak: deklinabidea denona da, euskara batutik dator, eta horrek ez diola euskalkiari kalterik egiten irizten dio. Bizkaierak eremu handia hartzen duenez, arazo handiagoak sor ditzake beste euskalkiek baino aldaera gehiago dituenez. Hala ere, ahal dela eta bertsolaritzak sistema ezagutzen badu, tokian tokiko euskalkian ahalegin bat egitea gomendatzen du, beti ere bertsolaria seguru sentitzen bada hizkera horretan. Hau da: bertsolariak beti hurbildu nahi izaten du aurrean daukan publikoarengana, baina euskara batutik euskalkirako jauzia ematen hasiz gero bertso oso batean mantentzeko adinako ezagutza eduki behar da.

 Xabier Amurizaren iritziz entzuleek baloratu egiten dute bertsolaria euskara batuan eta jasoan entzutea. Dena den, errimak behartu egin dezake bertsolaria hurbilagoko forma batzuk erabiltzera. Bertsolaritza tradizionalak ere, bai Lasartek, bai Basarrik eta baita Uztapidek ere, eskolatu gabeak izan arren hizkera jasoa erabiltzeko intuizioa zeukaten; euskara batua sortu aurretik batasunerako urratsak ematen zituzten kantuan ari zirela. Denborarekin gustuak aldatu egin dira eta joera hauek galtzen joan dira. Gainera, garai batean bertso-jarri gehiago idazten zituzten bertsolariek, eta horrek bazuen bere eragina ahozko jardunean ere. 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri