Bertso-jaialdia Elizondon 2012-11-19

Ikastolaren aldeko bertsoak

Joan zen larunbatean Baztango Ikastolaren Aldeko bertso-saioa egin zuten Elizondoko Lur Aretoan. Aulki guztiak bete zituzten entzuleek Amets Arzallusek, Maialen Lujanbiok, Jon Maiak, Xabier Silveirak, Iker Zubeldiak eta Julio Sotok egindako saioaz gozatzeko.
 Baztango Ikastolako Guraso Elkarteak bertso-saioa antolatu zuen joan zen larunbatean Elizondoko Lur dntzalekuan. Nafarroako Bertsolari Txapelketako final bat baino gehiago jokatu izan da han, eta final baten itxura hartu zuen larunbateko giroak ere: goraino bete zen dantzalekua. Erlojuan arratsaldeko 18ek jo berritan ikastolako zortzi haur atera ziren oholtzara entzuleei bertsoz agurra egiteko. Ondoren, bertso-saioa osatu beharreko sei bertsolariak atera ziren:

 Amets Arzallus
 Maialen Lujanbio
 Jon Maia
 Xabier Silveira
 Iker Zubeldia
 Julio Soto

 Gai-jartzaile lanetan Fernando Anbustegi jardun zen. Saioa hasiera-hasieratik izan zen goi mailakoa giro beroak lagunduta, eta umoretik izan zuen gehienbat. Ofiziotako lanekin ekin zioten saioari. Iker Zubeldia eta Julio Soto pisukideen paperetik aritu ziren. Biek logela elkarbanatzen dute, eta gaur Ikerrek neska-laguna eraman du gelara. Argiak itzali direnean bi pisukideak hizketan hasi dira. Saio ederra osatu zuten biek, elkarri erantzunez.

 Amets Arzallusek eta Maialen Lujanbiok ere asmatu zuten, oso tonu ezberdineko gaia izan arren. Plazan egin dute biek topo: Amets haurraren kotxetxoarekin eta Maialen amaren gurpildun-aulkiarekin. Sinesgarritasun handiz kantatu zuten, gaiak eskatzen zuen bezala.

 Jon Maiak eta Xabier Silveirak umorearen bidetik jo zuten berriro. Bi erretzaile dira biak. Tabako paketeetako mezuen eraginez, ordea, Jonek erretzeari uztea erabaki du. Adar-jotzaile aritu zen Xabier (saio osoan aritu zen berezkoa duen jarrera ausartarekin), baina oso ondo erantzun zion Jonek.

 Behin ofiziotako lanak amaituta eta ahotsak berotuta, Juliori egokitu zitzaion atzeko bertsolariei kantatzea. Ikastolako irakaslea hautatzeko beste bost bertsolariak joan zitzaizkion hautagai moduan. Oso curriculum ezberdinak aurkeztu zizkioten beste bertsolariek.

 Talde osoak egin beharreko lanaren ondoren, berriz ere ofiziotan egiteko txanda iritsi zen. Amets eta Iker hasi ziren. Biak lankideak izanik, egunero elkarrekin joaten dira autoz lantokira. Baina autoa hartzeko Ikerren txanda iristen denean badu beti aitzakiaren bat. Gogor ekin zion Ikerrek baina ederki eman zion buelta Ametsek.

 Maialen eta Jon serioago aritu ziren. Ikastolara hitzaldia ematera joan eta haurrak galdezka hasi zaizkie ea krisia zer ote den. Umeek ulertzeko moduan azaltzea lortu zuten helduei ulertzen kostatzen zaiena.

 Xabier eta Iker berriz umoretik jardun ziren kantuan bi ziklista profesionalen larrutik. Etapa bukatu eta dopin kontrola pasatzeko zain daude biak. Ederki baliatu zituzten azken urteotako erreferentziak.

 Berriz ere saioari erritmoa aldatzeko Ametsi bakarka kantatzea egokitu zitzaion. Gaia, hauxe: "agurtzerakoan hala esan dizu: plazer bat izan da". Harreman baten bukaerari kantatu zion Ametsek.

 Juliok eta Xabierrek berriz ere bizitasuna eman zioten saioari. Potoaren aldeko talde bat sortu duten bi bertsozale dira. Umoretsu eta irudimen handiz aritu ziren biak, eta, bukaeran, poto egitera ere ausartu ziren.

 Jonek eta Ikerrek ere umoretik kantatu zuten, hiru puntukoan. Bi aita dira, parkean elkarren ondoan bietan alabarik onena nork daukan ezbaidan. Saioa lehertzea lortu zuten biek, entzuleen gozamenerako.

 Maialenek eta Xabierrek ere umorearen bidetik segi zuten. Xabierrek dirutza gastatu zuen Maialenen urtebetetzerako oparia erosteko. Maialenek, berriz, besarkada bat soilik eman dio opari.

 Bizi aritu ziren Julio eta Amets ere. Behobia-Donostia lasterketan elkarrekin hartu dute parte. Juliok zortzi hilabete pasa ditu gogor entrenatzen, eta Amets batere prestatu gabe joan da lasterketara. Baina helmugara leher eginda iritsi da Julio eta Amets fresko-fresko. Elkarrizketa polita osatu zuten biek.

 Bukatze aldera sei bertsolariak altxarazi zituen berriro Fernando Anbustegik. Dirua lortzeko 2013rako egutegi bat kaleratzea erabaki du Ikastolako guraso elkarteak. Horretarako, Maialen argazkilariari deitu diote atzeko bosten argazkiak atera ditzan. Ederki aritu zen hernaniarra bakoitzaren argazkia diseinatu eta zein hilabetetan kokatu erabakitzen.

 Azkenik, puntukako ariketan ere gai beraren inguruan aritu ziren kantuan Julio, Jon, Xabier eta Iker. Agurrekin bukatu zen saioa, bi orduren ondoren.

Xabier eta Iker ziklistak
2012-11-17 Elizondo

Amets eta Iker lankideak
2012-11-17 Elizondo

Julio irakasle bila
2012-11-17 Elizondo

Amets eta Maialen aulkiekin
2012-11-17 Elizondo

Iker eta Julio pisukideak
2012-11-17 Elizondo

Haurren agurra
2012-11-17 Elizondo

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri