Londreseko Euskal Etxean bertsoa lantzen 2012-11-21
Aspaldi hasi ziren euskara-klaseak antolatzen Londonen. Peiok, Londresko Euskal Etxeko arduradunak kontatu digunez, “Franco hil eta gutxira hutsik zegoen eskola batean hasi zen euskara-klaseak ematen Larry Trusk”. Urteetako esperientziarekin baldintzak hobetuta ari dira lanean orain Euskal Etxean. Eusko Jaurlaritzak Diasporan euskara irakasteko ematen duen laguntza jasotzen dute HABEren Euskaramunduan programaren bidez. “Hitzarmen horri esker, hiru talde sortu ahal izan zituzten ikasleen euskara-maila ezberdinetara egokituz” dio Peiok. Gaur egun, 25 ikasle ari dira euskara ikasten Londreseko Euskal Etxean, adin eta jatorri ezberdinetakoak.
Bertsoa euskara-klaseetan
Kide asko ditu Londreseko Euskal Etxeak eta ez dira ideia berriak proposatzeaz nekatzen. Eguneroko kontuei aurre egiteaz gain bakoitzak buruan dituen ideiak plazaratzen dituzte bileretan eta saiatzen dira ahal dituztenak behintzat burura eramaten. Gari Ibarluzeak, Londreseko Euskal Etxeko kideak aspalditik omen zuen buruan euskara-klaseetan bertsoa lantzeko ideia. “Hori posible zela konturatu nintzen Hitzetik Hortzeran ikusi nuenean Iruñako Hizkuntza Eskolan euskara irakasten zela bertso bidez”.
Iaz hasi ziren bertsoa lantzen euskara-klaseetan. “Orduan euskara irakasle zen Mikel Erneta oiartzuarra bertsozalea zen eta bertso-eskolan jardundakoa. Aukera ona iruditu zitzaigun froga egiteko. Ikasleei zerbait berria eta sortzailea eskaini nahi genien eta asko gustatu zitzaien ideia” kontatu digu Garik. Londonen euskararen erabilera mugatua izanik pizgarri moduan ikusten dute bertsoaren lanketa Euskal Etxeko kideek. “Ikasleari euskaraz sortzeko aukera emateaz gain, euskal kulturara gerturatzen da bere kide sentituz. Hitz berriak memorizatu, ikasi, hitzak lotuz esaldiak sortu… eta guzti horrekin batera, poesia itxurako testuari zentzu bat emanez ikasten du euskaraz. Kanturako afizioa pizteko ere balio dezake gainera. Ikasleentzat berria eta aberatsa da bertsoa, dudarik gabe” dio Garik.
Irakasle berriarekin eman diote hasiera aurtengo ikasturteari Euskal Etxean, Alazne Ostolaza debatarrarekin. Euskara klaseetan hasi diren arren, oraindik ez dute denborarik izan bertsoaren lanketari eusteko. Dena dela, urte hasieran helduko diote kantuari.
Bertsoa Londonen
Noski, honek guztiak bertsozaletu egin ditu Londonen Euskal Etxearen jiran dabiltzan guztiak. Duela hamar urte gutxi gora-behera egin omen zuten bertso-bazkari bat eta azken hiru urtetan Amets Arzallus eta Jokin Uranga gonbidatu dituzte. Garik esan digunez, “bertako euskaldunak, ikasleak, atzerriko kuriosoren bat edo beste… guztira 60 lagun elkartzen gara bertso-bazkarian, ez galtzeko modukoa”.
Hurrengo bertso-zita ere ez dute urruti Londonen. Izan ere, larunbat honetan egingo duten Elkartasun Jaiaren baitan Xabier Silveira eta Miren Amuriza izango dira. “Txan Magoarekin arituko dira bertsotan Silveira eta Amuriza, musika-kontzertuen aurretik. Jaiaren aurkezpenean ere izango du bere lekua bertsoak”.
Besteak beste, bertso bidez eman dute jaiaren berri. Interneteko lotura honetan duzue bideoa ikusgai:
https://www.youtube.com/watch?
Beraz, asteburu honetan Londonera joateko ideia duenak izango du bertsoak entzuteko aukera.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24