Ostiral iluntzeetan 21etan eta igandeetan 15etan izango da programa hemendik aurrera. Lehendabiziko saioan Iruñeko Bertsoaroko bertsoaldi onenak eskainiko dituzte, eta baita Amets Arzallusi eta Oskar Estangari egindako elkarrizketak ere.
Udako etenaldiaren ondoren, gaur itzuliko da berriz Hitzetik Hortzera ETB1eko pantailara. Hemendik aurrera ostiral iluntzeetan 21:00etan eta igande bazkalosteetan 15:00etan izango da ikusgai. Dena den, aldaketa ez da ordutegiari lotutakoa bakarrik izango, berrikuntza gehiago ere izango baititu programak. Batetik, hemendik aurrera Lanku bertso zerbitzuek ekoitziko dute programa ia osorik. Bestetik, kareta eta grafismo berriak izango ditu, eta sintonia ere berritu diote. Oskar Estanga bertsolari eta musikariak egin du denboraldi honetako sintonia. Eta edukiz ere aldaketa nabarmenak izango dira aurten: hemendik aurrera ez da platorik izango, eta Jon Artano zuzendari eta aurkezlea leku batetik bestera ibiliko da bertsolaritzari lotutako istorioen bila.
Gaurko programak Iruñeko Bertsoaroan joan zen ostegunean egindako saioa izango du ardatz. Ainhoa Aranburu aritu zen gai-jartzaile lanetan, eta, bertsotan honako hauek:
Jon Maia
Maialen Lujanbio
Eneko Lazkoz
Julen Zelaieta
Igor Elortza
Amets Arzallus
Hango bertsoaldi onenez gain bestelako edukiak ere izango dira. Batetik, orain dela bi aste Xilabako finalean txapela jantzi zuen Amets Arzallus elkarrizketatuko dute. Gainera, final bezperan bere urtebetetzea izanik, oparia ere egingo diote. Bestetik, Oskar Estangarekin batera Atarrabiako Gaztetxera joango dira. Han euskal kantak eta batukada uztartzen dituen taldea sortu du, eta entsegura joango da Jon Artano.
Hemendik aurrera erredakzioan, Jon Artanoz gain, Felix Irazustabarrena eta Eneritz Urkola ere ariko dira. Eta kamera lanak Luis Gurrutxagak eta Haritz Arrizabalagak beteko dituzte. Errealizatzaile lanak ere beteko ditu azken honek.
Sarean ere ikusi ahal izango da programa,
eitb nahieranen.