2012-12-04

Xalbador

1) Fernando Aire Xalbadorri buruzko dokumentala egiten ari zara, zergatik Xalbador...
Etxean beti bizi izan dugu bertso mundua. Gu jaio ginen garaitsuan aita Bertsotan liburuen idazketan murgilduta, bertsolaritzaren antologia biltzen ari zen: garai bateko bertsoak eta haiek abestu zituzten bertsolarien gertakariak… Hoiek izan genituen umetako ipuin.
Xalbador zen haietako bat: Irudi bukoliko bat, bizi-gertaera dramatikoak, eta gaur egunera oso presente iritsi den erreferentzia. Banuen ezagutzeko gogoa.

2) Zer da dokumental honetan azaldu eta transmititu nahi duzuna.
Haserako nahiak eginean moldatuz joan dira. Hau ez da bapateko bertso bat! Xalbador bizi izan zeneko espazio fiskoan, Urepeleko mendi magaletan, Xalbador arnasten dela sentitu dut. Izan liteke berak ingurukoengan utzitako arrastoa handia izan delako, baina baita bertara Xalbadorren egarri joaten garenok kutsatu diegulako ere. Hegan dabilen izpiritu bat bailitzan, gela isiletan entzuten den ahots bat… Xalbador hil eta ia berrogei urtetara Urepelen bizitza nolakoa den erakutsi nahi dut, beti ere Xalbadorren presentzia hori ardatz izanik.

3) Aurreratu litekeen neurrian, ze eduki ikusiko ditugu Eneko Dorronsororen dokumentalean?

Orain arteko dokumentazio eta grabaketetan familiara mugatu naiz, eta dokumentalaren oinarri Xalbadorren seme-alabak izango dira. Gertuko, etxeko begiekin erakutsi nahi dut mitifikazioaren urruntasunetik ezagutzen duguna. Horregatik, Xalbadortarren egunerokotasunetik abiatu dut lana. Haien oroitzapen eta bizipenen bitartez izango dugu Xalbadorren presentzia. Beste ezaugarri garrantzitsu bat Xalbadorren ahotsa izango da. Bere ahotsean entzundako bertsoak, bere bizileku izan ziren paisaia eta espazioetan zehar senti arazten saiatuko naiz. Eta hirugarren hankatzat, kontrapuntu lanak eginaz, Xalbadorren beste aurpegia izango dugu: bere bertso-kide, taberna-lagunek ezagutzen dutena. Haiekin oraindik ez naiz bildu, beraz, baliteke bi hilabete barru, izugarrizko aurkikuntzak egin ditudala eta nere asmo guztiak itzulipurdikatzea! Jeje. Ez dut uste, baina hori du bapatean ez aritzeak!

4) "Pertsonalki ezagutu nahiko nukeen mitoanaga hurbiltzeko" hurbilekoengana jo duzu. Zer da aurkitu duzuna?
Mito bat sortzean pertsona erahiltzen dugu. Esaldi hau nonbait entzuna dut, eta arrazoirik ez zaiola falta iruditzen zait. Nik ere mitoagana hurbiltzean hori ezagutu dut: pertsona.

5) Xalbadorren bizitza eta obrareri buruzko dokumentu edo detaile berririk ikusiko al dugu, bertsozale arruntak ezagutuko ez duenik?
Nor da bertsozale arrunta? Zer ezagutzen du bertsozale arrunt horrek? Odolaren Mintzoa irakurri duen bertsozalea bada, Xalbadorri buruz idatzi diren liburuak irakurriak baditu… Bertsoari dagokionean ez du deskubrimentu handirik egingo. Ez da gainera nere asmoa Xalbadorren bertsogintza lantzea, hortarako formatu egokiagoa iruditzen zait liburuarena. Bada ordea bere sorkuntza hobeto ulertzen lagunduko duen zerbait dokumentalean, eta hori da nere mamia: Xalbadorren bizimoldea, bere inguruko gertakariak eta kontextua. Hori ezagututa, Xalbadorren bertsoak dimentsio osoagoan ulertu ahal izango ditu bertsozaleak nere ustez. Hortan aportatuko dio gehienbat bertsozaleari dokumentalak.
Bi fazeta hauek, bertsoarena eta Xalbadorren bizipenena ongi ezagutzen eta uztartzen dituen norbait Mixel Itzaina da. Xalbadorren oso gertukoa eta bertso aditua, elkarrizketa bat egina diot dagoeneko. Eta aipatu zidanez Xalbadorren bertsogintza ardatz duen gogoeta liburu bat idazten ari da. Bertsoaren ikuspegitik, nerea baino aportazio handiagoa izango du bertsozaleak haren lana nik uste. Nere lanak bertsolaritza presente izango du, bistan da; Xalbadorren espresio-bidea hori izan da, eta horrek egin du Xalbador. Baina ez dut dokumental espezializatua egingo. Bertsozaleak gozatuko du, baina bertsozale ez denak ere Xalbador ezagutzeko interesa izan dezakeela iruditzen zait.

6) "Ikasketarik gabeko artzain poeta hark euskal kulturan erreferente izaten jarraitzen du hil eta 36 urtetara" Zeintzuk dira erreferentzialtasun horren klabeak?
Ni ez naiz nor hortaz jarduteko, ez naiz inondik ere aditua. Baina nik sentitu dudanetik esan nezake bere mezuen sakontasuna adina, kontatzeko erabiltzen dituen irudien xumetasuna atsegin dudala: Mendian bizi arren dut ikustekoa, gaztainaren adaskez jantzirik pagoa.
Eta izango dira bertso mailan Xalbadorrengana hurbilduko direnak, berriz diot nik ez ditudala aztertu… Baina bere bizi-gertaerak ez zituzten bestek izan. Bestek ez zuten publikoaren txistuak txalo bihurtzeko “aukerarik” izan. Ez zen beste inor omenaldia eskaintzen zioten egun berberean hil; nola, eta bertso liburu autobiografiko bat, ireki ere egin gabe, mahai gainean utzita. Xalbador dena izatera, bertsoengatik adina gertakari hauengatik iritsi dela uste dut. Baina bestalde, Xalbadorri baizik ezin zitzaizkion gertakari hauek jazo. Emile Larrek aipatzen zidan bezala, Mattin ez zitekeen gisa horretan hil.

7) Noizko izango dugu dokumentala ikusgai?
Sei hilabete barru errazago erantzungo dizut galdera hau! Tentazioa ekoiztetxea sartu da berriki proiektuan, eta haiek ere izango dute zer-esana epeetan… Nire partetik ordea, datorren urtean zehar proiektua dominatzea espero dut.

8) Donostiako Zinemaldiak txalo ala txistu joko ote dio?
Zinemaldia helburu interesgarria izan liteke epeekin garaian iritsi ezkero. Aurreko proiektua, TTAUP, TTAUP! Arraun kolpeka dokumentala Donostian aurkeztu genuen, eta egia esan erakusleiho erakargarria da. Halere oraingoz ez dut planteatzen non aurkeztu, zer aurkeztu baizik.
Eta txistuei dagokienean… Ez dut esango txaloak baino nahiago ditudanik; Xalbadorrena egiteko adorea behar da. Baina sarri polemikatik zer irabazi gehiago ateratzen da arantzarik gabeko bidetik baino.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri