Bertso-jaialdia Orion 2012-12-10

Plaza bikaina

Pasa den ostegunean izan zen San Nikolas jaietako bertso-saioa Orion. Unai Manterolak egin zituen gai-jartzaile lanak eta kantuan aritu ziren Sustrai Colina, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Arkaitz Estiballes eta Iñaki Gurrutxaga.

Plaza bikaina da Oriokoa, ia 500 lagun elkartu ziren Karela kiroldegian. Urteroko zita bihurtu da Errikotxia bertso-eskolak antolatzen duen hau, bai oriotarrentzat baita inguruko herrietako lagunentzat ere.

Kiroldegiko pistaren erdian jarri zuten oholtza eta pareko aulki guztiak bete ziren. Unai Manterolarekin batera igo ziren oholtzara Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Andoni Egaña, Arkaitz Estiballes eta Iñaki Gurrutxaga. Azken honi nahikoa jo zioten adarra oriotarra izan eta Aiako Xantio auzoan bizi delako.

Umorea izan zen nagusi bertso-saioan bizpahiru bertsoaldi kenduta. Egun berean Benito Lertxundi oriotarrak Argizaiola saria jaso zuela eta, kantariak euskal kulturgintzari emandakoaz abesteko eskatu zien Unai Manterolak Andoni Egaña eta Maialen Lujanbiori. Jarraian, azken urteetan haurren jolasteko moduen aldaketei buruz aritu ziren bertsotan Lujanbio eta Iñaki Gurrutxaga.

Umoreari helduz, Arkaitz Estiballes, Andoni Egaña eta Iñaki Gurrutxaga jarri zituen kantuan gai-jartzaileak; bertsolari izatea eta aitatasuna nola uztartzen duten galdetu zien hirurei. Telebistan ez dakigu zein arrakasta izango duen baina bertso-saioetan askotan hartzen dute gaitzat Xabier Euzkitzeren Bisitaria saioa. Oraingo honetan, Arkaitz Estiballesek abestu du Euzkitzeren ahotik, Maialen Lujanbiori, Euskal Herriko txapeldunari bisita eginez.

Eta bukatzeko, egia omen den egoeran jarri zituen Unai Manterolak Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina. Orioko inmobiliaria batek honako eskaintza egin omen du: etxea erosteko %30eko deskontua, etxe osoa altzariz hornituta eta bikotea bilatzeko interteneko orrialde horietako batean urte beteko harpidetza. Lujanbio eta Colinak, interneteko zerbitzu horren bidez ezagutu dute elkar.

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra