Hezkuntza arautuko proiektua Euskal Herri osoko 382 ikastetxetara iritsiko da aurtengo ikasturtean eta herri berriak sartu dira proiektuan. Bertso-eskolei dagokienez, aurten 95 herritan izango dira taldeak, eta 1 429 lagunek hartuko dute bertan parte.
Bertsozale Elkartea bertsolaritzaren transmisiorako aurrera eramaten ari den proiektuak hazten jarraitzen du. Aurtengo ikasturtean, "Gu ere bertsotan" programa 382 ikastetxetako 20 532 haurrengana iritsiko da, 35 irakasleren lanari esker. Euskal Herri osoan hedatuta dago proiektua, banaketa administratiboen gainetik. Iaz Euskal Herriko ikastolekin sinatutako elkarlan akordioa berritu dute aurten, eta horri esker Ipar Euskal Herriko proiektuak sendotzen eta egonkortzen jarraituko du. Ikastola eta talde berriak sartu dira bertan proiektura. Gipuzkoan ere herri gehiago atxiki zaizkio aurten proiektuari: Bergara, Bidegoian eta Lizartza. Araban iazko ikastola guztiek segiko dute eta Bizkaian ia guztiek.
Dena den, arazoak ere izan ditu proiektuak azken aldian. Horren adibide da Nafarroan "Bertsolaritza irakaskuntzan" programak izandako gora-beherak. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduarekin
hainbat arazo izan ondoren, azkenean aurrera jarraituko du proiektuak, baina murriztuta: ikasturte osoko eskolak eman beharrean lauhileko bateko ikastaldiak emango dituzte hemendik aurrera.
Bestalde, Euskal Herriko ikastolek eta Bertsozale Elkarteak egindako hitzarmenak beste ondorio bat ere izango du: Eskolarteko Txapelketari diseinu berria emango zaio.
1 429 kide bertso-eskoletan Transmisio proiektuaren hirukiaren bigarren erpina bertso-eskolek osatzen dute, eta hauek ere zabaltzen jarraituko dute ikasturte honetan. Denera 95 herritan izango dira aurten bertso-eskolak, eta 1 429 kide ariko dira bertan bertsolaritzarekin gozatzen: 913 haurrak eta 516 helduak. Azken bi ikasturteotan Ipar Euskal Herrian izandako zabalpen eta egonkortzea aipagarria da. Araban, ikasturte honetako helburua Gasteizen haurren taldeak eta herrietan helduen taldeak sortu eta indartzea izango da.
Antolaketari dagokionez, pausuak ematen ari dira etorkizunean bertso-eskolak bailaraka edo zonaldeka antolatzeko. Gipuzkoan Tolosaldeko bertso-eskolen elkargunea sortzen ari dira, eta Bizkaian Lea-Artibain eta Durangaldean ere bai.
Hona hemen datuak xeheago:
Hezkuntza arautua Araba Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa XILABA Guztira
Ikastetxeak 41 151 131 38 21 382
Ikasleak 2.189 6.119 9.879 1.532 633 20.352
Irakasleak 5 13 11 3 3 35
Bertso-eskolak Araba Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa XILABA Guztira
Herriak 12 24 35 14 10 95
Partaideak haurrak 141 135 405 55 177 913
Partaideak helduak 71 112 210 104 19 516
Irakasle/arduradunak 21 28 87 11 6 153