Antonio Zabalaren lana argitaratu dute 2013-01-02

Bilboko Gabon kantak bertso-paperen jatorrian?

Antonio Zabalak Bilboko Gabon kantei buruz oso aurreratuta utzi zuen lana argitaratu berri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. 1755etik eta 1832ra bitartean sortu eta Bilboko zenbait elizatan kantatzen zirenak dira, horietako asko zortziko txikian idatzitakoak. Bertso hauen egileak nor diren argi jakin ez badaiteke ere, Zabalak Bizenta Mogel jotzen zuen askoren egile. Aita Zabalaren ustea zen, bertso-paperen fenomenoa Gabon kanten esperientzia honetatik sortua izan zitekeela, zabalkunde formula hark jendearengan izan zuen harrera ona ikusita. ‘Bilboko gabon kantak 1755-1832’ lanari Javier Kalzakorta eta Pello Esnalen ekarpenak gehitu zaizkio.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 'Bilboko gabon kantak 1755-1832' lana argitaratu du, Aita Zabalaren heriotzaren bigarren urteurrenean. 1755etik eta 1832ra bitartean sortu eta Bilboko zenbait elizatan kantatu ziren konposizioak dira. Kantuak bertso moldean idatzita daude eta Zabalak (1928-2009) bere bizitzan zehar euskal literatura herrikoia ikertu, dokumentatu eta zabaltzeko lanean jasotakoak dira. Hauek dira berak argitaratuko zituen bertsorik zaharrenak; eta horietan ikusten zuen bertso-paperaren sorrera.
Antonio Zabalak lana ia bukatuta utzi zuen 2005 aldera, baita hitzaurrea idatzita ere. Eta halaxe dio bertan: “Bertso-papera zera izan zen: bertso-sail idatzia, paperetan inprimatua eta herriz-herri zabaldua. Baina, noiz izan zuen hasiera? Beharbada Bilboko gabon kanta hauetan”.  Bere hitzetan, “bertso-paper horiek Bilboko elizetan banatuko ziren” eta bertsolariek bertsoak jendeari ezagutarazteko bide egokia zela ikusi zutenetan “makina bat lan” eman zieten handik aurrera inprentei Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan, Iparraldean eta baita Argentinan ere.

Bilbon euskarak zuen indarraren adierazle

Gabon kanta hauek agerian uzten dute Bizkaiko hiriburuan artean euskarak zuen indarra eta, bestetik, baita garai haietako Bilboko euskara nolakoa zen ere. Bertsogintzari erreparatzeko aukera ere eskaintzen dute kanta hauek, horietako asko zortziko txikian idatzitakoak. Bertso hauen egileak nor diren argi jakin ez badaiteke ere, Zabalak bat baino gehiago Bizenta Mogel (Azkoitia 1782-Abanto 1854) idazlearenak direla uste zuen.
Bilboko gabon kantak 1755-1832’ liburuak Antonio Zabalak utzitako lana du oinarri, eta lan horri  Javier Kalzakorta eta Pello Esnalen ekarpenak gehitu zaizkio.

Auspoa saileko 324. zebakia
‘Bilboko gabon-kantak 1755-1832’  Auspoa Saileko 324. zenbakia da. Auspoa Antonio Zabalak berak sortu eta gidatu zuen 40 urtez eta  2003az geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen du. Hilaurrean, Zabalak Pello Esnal, Javier Kalzakorta eta Joxemari Iriondoren esku utzi zuen Auspoa proiektuaren ardura. Auspoa Saila da bertsolaritzari buruzko argitalpen mardul eta zabalena.

Albiste gehiago

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17

Bizkaiko zortzi finalisten aldartea eta helburuak

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04

Laudio eta Errezilgo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21

Aniztasunaren argazkia oholtzan

Jexux Mari Irazu

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu