Egun osorako egitaraua izango da 2013-01-04

Urtarrilaren 26an ospatuko da Bertso Eguna

Goizean Alde Zaharreko kaleetan ariko dira bertsolariak, arratsaldean ekitaldi nagusia egingo da Kursaalean eta, ondoren, afaria eta festa NiNeu jatetxean, bertso jarriek eta bat-bateko saioek lagunduta. Bertsozale Elkarteko Bazkideek datorren astelehenetik aurrera erosi ahal izango dituzte sarrerak.
 Badator 2013ko Bertso Eguna. Urtarrilaren 26an ospatuko da aurtengo ekitaldia, eta egun osorako egitaraua prestatu du antolakuntza taldeak. Goizean, ohitura bihurtu den moduan, bertsolariak ibiliko dira Alde Zaharreko kaleetan. Hala, Bulebarrean, Bretxako merkatuan eta Konstituzio plazan egingo dituzte geldialdiak.ç

 Ekitaldi nagusia arratsaldeko 18etan egingo da Kursaalean. Aurtengo edizioan azken urteetako gizarte bilakaera izango da ardatz. Honela azaldu dute antolakuntza taldetik: "Soka etetera doa, honezkero eten ez bada. Hari bakarrean izanik bi aukera ditugu: soka tenkatu edo korapilo berriak asmatu. Dena ziztuan aldatzen da eta pentsatu gabe erabakitzen dugu. Estuasuna ez da sormenaren akuilurik txarrena, ordea". Hala, egungo egoerak sortutako noraezean gizakiak egindako hautuak aztertuko dituzte bertso bidez. Denera dozena bat bertsolari inguru ariko dira ekitaldi nagusian, artista gonbidatuen laguntzarekin. Bi orduko saioa izango da.

 Ondoren, ohi bezala, afaria egingo dute Kursaalean bertan, NiNeu jatetxean. Afalostean bat-bateko saioek eta bertso jarriek girotuko dute festa. 600 lagunentzako dago afaritarako lekua.

 Bazkideek lehentasuna

 Afarirako sarrerak erosterako orduan Bertsozale Elkarteko bazkideek lehentasuna izango dute. Urtarrilaren 7tik 15era bitartean bazkideentzat soilik egongo dira eskuragarri. Bazkide bakoitzak, bereaz gain, bazkide ez den batentzat sarrera eta 16 urte artekoentzat beste bat hartu ahal izango ditu gehienez. Urtarrilaren 16tik aurrera edonork erosi ahal izango ditu sarrerak. Salmenta internetez egingo da bertsosarrerak.eu webgunean.

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa