Etxeraten urteroko jaialdia 2013-01-07

"Kartzelaren denbora buka dadin" kantatu zuten Oiartzunen

800 lagunetik gora elkartu ziren atzo Oiartzungo Elorsoro kiroldegian. Kantuan Julio Soto, Amets Arzallus, Jon Maia, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Odei Barroso, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa" eta Andoni Egaña jardun ziren Unai Elizasuren gidaritzapean.
 Saio berezia izan ohi da urtero Etxeratek Oiartzungo Elorsoro kiroldegian antolatzen duena. Halaxe izan zen atzokoa ere. Urtero bezala jendetza bildu zen kiroldegian, iaz baino gutxixeago izan bazen ere. Hala, 800 lagunek baino gehiagok jarraitu zuten Julio Sotok, Amets Arzallusek, Jon Maiak, Maialen Lujanbiok, Igor Elortzak, Odei Barrosok, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa"-k eta Andoni Egañak eskainitako saioa. 2012a euskal presoen senideentzat urte txarra izan bada ere, umoreak ere izan zuen lekurik jaialdian. Unai Elizasu aritu zen gai-jartzen.

 Errege eguna izanik, oparien inguruan aritu ziren lehenengo bertsoaldian Amets, Xamoa, Odei eta Andoni. Askotan gertatu ohi da urtero urtero opari bera jasotzea, eta aurten ere halaxe gertatu zaie laurei. Entzuleei aholkuak eman beharko dizkiete. Umorez eta irudimenez josi zuten saioa.

 Igorrek eta Jonek serioago jardun behar izan zuten. Atzokoa ez zen Etxeratek antolatutako lehenengo jaialdia izan. Jada badira 16 urte gutxienez Oiartzungo bertso-saioa egite hasi zirenetik, eta urtea joan eta urtea etorri badira hitz batzuk bertsolariek kantatzen dituztenak: senideak, presoak, lagunak, besarkadak, muxuak... Hitz horien eta, orokorrean, bertsolaritzak testuinguruan eragiteko daukan gaitasunaren inguruan aritu ziren bi bertsolariak, elkarri erantzunez eta sakon.

 Maialenek eta Juliok ere aktualitateko gai bat izan zuten kantagai. Donostiara paseoan joan eta errege kabalgatarekin topo egin dute biek. Umeak hara eta hona dabiltza opari eta gozoki bila. Halako batean, ordea, ume bat eskale baten parean geratuko da bere gozoki guztiak eskalearen poltsara botatzeko. Ariketa polita osatu zuten biek elkartasunaren inguruan.

 Eguneko lehenengo bakarkakoa iritsi zen ondoren. Honako gai hau jarri zion Unai Elizasuk Amets Arzallusi: “Hegan, igerian, oinez” Bilbora. Hiru bertso bota, bat hegan, bestea igerian eta bestea oinez. Baina Bilbora. Halaxe osatu zituen Ametsek hiru bertsoak: lehenengoa oinez, bigarrena igerian eta hirugarrena hegan, presoak eta iheslariak gogoan hartuta.

 Umorezko gaia egokitu zitzaien Igorri eta Odeiri ondoren. Urtezahar gauetan plan bat baino gehiago egin izan dute biek: parranda egin, mendira joan... Aurtengoan itsasoan bainatzea otu zaie. Han daude biak uretan gerriraino sartuta, 14 gradutan, ondo pasatzen ari direnaren itxura eginez. Elkarri erantzunez eta irudiak bertsoz bertso hedatuz kantatu zuten biek, entzuleen irribarreak piztuz.

 Andonik eta Xamoak gai serioago bat izan zuten, Oarsoaldeko gazte auzipetuei lotua. Andoniren alaba Xamoaren neskalaguna da. Gaur hirurak elkartu dira bazkaltzeko eta ezkutatzera doala esan die neskak. Aktualitate handiko gai mingarria izanik errealismo handiz landu zuten bertsoaldia bi bertsolariek.

 Berriz ere umorearen txanda iritsi zen ondoren, saioa berotze aldera. 2013a hamahiru zenbakiari lotuta egonik badirudi zorte txarraren urtea izango dela. Halaxe uste dute behintzat atzeko zazpi bertsolariek. Beren beldurrak areagotu edo lasaitze aldera Jon pitonisoarengana jo dute. Atzekoei erantzunez saio bikaina osatu zuen Jonek. Hortxe lehertu zen saioa lehenengoz.

 Ametsek eta Odeik bi militanteren paperetik kantatu behar izan zuten gero. Urteetan iparraldean aritu izan dira lanean. Urteetan milaka bilera eta milaka eztabaida izan ondoren bukatu dela erabaki dute. Artxibo guztiak gordetzen ari dira. Iparraldeko bertsolaritzaren egoerari kantatu zioten.

 Xamoa eta Julio bikote baten larruan sartu ziren ondoren. Elkar gutxi ikusi izan dute orain arte. Gabonetan, ordea, Olentzerok bi robot oparitu dizkie: batek otorduak prestatzen ditu eta besteak garbiketa-lanak egiten ditu. Hor daude biak sofan eserita, robotek lan nola egiten duten begira. Umorez eta elkarri zirika aritu ziren bi bertsolariak.

 Maialenek espetxeari lotutako gai bai izan zuen bakarka kantatzeko, seguru asko arratsaldeko une gorena izango zenean. Bere bikotea kartzelan bisitatu ondoren hark egindako galderari bueltaka doa etxera bidean: "haur bat izango dugu?". Hiru bertso eder osatu zituen hernaniarrak.

 Bestelako tonua izan zuen Igorren eta Andoniren bertsoaldiak. Espainiako erregeak telebistan izandako elkarrizketak Unai Elizasu ase ez zuenez elkarrizketa eredugarri bat egiteko eskatu zien Andoni bertsolaritzaren erregeari eta Igorri. Umoreari tira zioten biek, eta ondo moldatu ziren batek galdetuz eta besteak erantzunez.

 Oiartzunen ohikoak izan ohi dira atzekoei kantatzeko ariketak. Urtea joan eta urtea etorri, gogoan hartzeko moduko bertsoaldiak atera izan dira horrela. Eguneko lehenengoa Jonek egin zuen eta Juliori egokitu zitzaion bigarrena. Julio taxista da, eta urte zahar gauean atzeko zazpi bertsolariak eramatea egokitu zaio. Berak azaldu beharko du zein egoeratan eta nora, eta besteek erantzun. Doinuak etengabe aldatuz, saioari bizitasun handia eman zion gorritiarrak, Andoniri habaneran kantatutako alearekin borobilduz. Andoniren erantzuna ere ederra.

 Bukatzeko, koplatan aritu ziren Maialen eta Jon. Gaia honakoa: "Eztabaida askotan izan duzue, lagunen artean ezin dela ezer pasa. Elkarrekin afaldu eta parrandan irten zarete, baina lagunen artean ezin da ezer pasa. Etxera bidean, Jonek gehiegi edan duela eta kotxea hartu ezin duenez Maialenek etxera gonbidatu du, baina lagunen artean ezin da ezer pasa. Sofa txiki geratzen zaiola eta Maialenek bere ohera gonbidatu du Jon. Hor zaudete, elkarri bizkarra emanda, lo hartu ezinik baina lagunen artean ezin da ezer pasa". Umoreari eta imaginazioari tiraka, saio aparta osatu zuten biek.

 Bukaerako agurrekin borobildu zen saioa. Normalean Bertsoa.com-en agurrak jartzen ez badira ere, Oiartzungoak bereziak izan ohi dira, eta atzokoan ere izan zen gogoan hartzeko modukorik.

 Gara egunkariak ere saioaren berri eman du.

Bukaerako agurrak
2013-01-06 Oiartzun

Igor eta Jon hiztegiaz
2013-01-06 Oiartzun

Maialen eta Julio kabalgatan
2013-01-06 Oiartzun

Amets bakarka
2013-01-06 Oiartzun

Jon pitonisoak atzekoei
2013-01-06 Oiartzun

Xamoa eta Julio sofan
2013-01-06 Oiartzun

Maialen bakarka
2013-01-06 Oiartzun

Julio taxistak atzekoei
2013-01-06 Oiartzun

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri