Zortzigarren Bectekada 2013-01-14

Bertsoak eta jolasak Amurrion

Orain dela lau urte Bec-eko finalean aritu zen zortzikotea jardun zen kantuan: Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Aitor Sarriegi, Andoni Egaña, Jon Maia, Aitor Mendiluze, Amets Arzallus eta Unai Iturriaga. Naroa Sasietak jarri zizkien gaiak.
 Zortzigarrenez egin dute Bectekada Amurrion. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean aritzen den zortzikoteak kantatzen du jaialdi honetan, eta halaxe izan da aurten ere. Urtarrilaren 4ko egun hotzean, ederki berotu zuten aretoko giroa Maialen Lujanbiok, Sustrai Colinak, Aitor Sarriegik, Andoni Egañak, Jon Maiak, Aitor Mendiluzek, Amets Arzallusek eta Unai Iturriagak. Araba Euskaraz-en aldeko saioa izan zen. Aretoa goraino bete zen berriz ere.

 Azken urteetan bezala, Naroa Sasieta aritu zen gai-jartzen eta asmatu zuen saioari umore eta jolas kutsua ematen. Hasieran, askorentzat urteko lehenengo gaia izanik, 2012aren hasieran jarritako erronketatik zein bete zuten galdetu zien Maialen, Amets, Aitor Sarriegi eta Andoniri. Umorez erantzun zioten hauek galderari.

 Ofiziotako lanen ondoren Jon Maiari atzekoei kantatzea egokitu zitzaion. Bertsolariek krisiari buruz serio kantatu behar izaten badute ere, krisiak baditu bere alde onak ere, jende askok bere ametsetako denda zabaltzeko erabakia hartzen baitu. Halaxe egin dute atzeko zazpi bertsolariek ere. Jonek azaldu beharko du bakoitzak ze denda zabaldu duen. Ariketa bizia izan zen, aurreko gaiei egindako erreferentziekin jantzia. Tartean Jonek eta Sustraik egindako ofizioa agertzen da, ofizio horretan eztabaidan dabiltzan bikote baten paperetik kantatu behar izan zuten. Jonek haurra ekarri nahi du baina Sustraik ez. Saioan zehar gehiagotan ere aipatu zen ofizio hau.

 Maialenek eta Ametsek ere elkarrizketa polita osatu zuten ofiziotan. Irrati-esataria da Amets eta Maialenek gauero deitzen dio Karidadeko Bentaren abesti bat eskatuz. Amets nazkatzen hasia dago.

 Beste seirek ere umoretik hartzeko moduko gaia izan zuten. Jende askok jakin nahi izaten du ea bertsolariek oholtzan ematen duten lagun itxura benetakoa ote den. Hori dela eta elkarren trapu zikinak azaltzeko aukera eman zien Naroak Amurrion. Lotsagabe aritu ziren seirak, eta entzuleek asko gozatu zuten kopletako saio honekin. Atzean entzuten ari ziren Maialen eta Amets ere aipatu zituzten.

 Andonik eta Ametsek elkarri puntuak jarriz osatutako bertsoaldia ere polita atera zen, baina saioa serioago jarri zen ondoren, Unaik bakarka kantatu zuenean. Gaia honako hau: "Atxilotua izatea baino ezkutatua bizi izatea nahiago duela esan du". Hiru bertso sakon kantatu zituen durangarrak, gizartearekin kritiko.

 Iaz ere arrakasta handia izan zuen ariketa bat jarri zuen Naroak saioa bukatze aldera. Unai, Aitor Sarriegi eta Sustrai altxarazi eta jolasean jarri zituen. Kartulinetan hiru pertsonaiaren izenak zeuzkan idatzita gai-jartzaileak, eta bertsolari bakoitzak dagokiona asmatu beharko du beste bien pistei jarraituz. Pistak jartzerako orduan gaizto xamar aritu ziren bertsolariak ordea... Saioa ariketa honek lehertu zuen.

 Azkenik, beste lau bertsoalariek egindako puntukako saioarekin borobildu zen Amurrioko arratsaldea. Agurretan ere izan zen sorpresarik hala ere. Andoni Egañak txapelketa uzteko erabakia hartu duenez ez du berriz Bectekadan kantatuko, eta omenaldi bat egin zioten Amurrioko bertso-eskolako kideek.

Andoniren agurra
2013-01-04 Amurrio

Unai ezkutatuez
2013-01-04 Amurrio

Andoni eta Ametsen puntuak
2013-01-04 Amurrio

Bertsolarien rollo onaz
2013-01-04 Amurrio

Maialen eta Amets irratian
2013-01-04 Amurrio

Jon atzeko dendariei
2013-01-04 Amurrio

2013az
2013-01-04 Amurrio

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri