Larunbatean egin zuten aurkezpen ekitaldia Abel Enbeitaren Abornikanoko baserrian, orain dela 30 urte Araban bertsolaritzan aitzindari izan zirenak omendu asmoz. 30 bertsolarik hartuko dute parte eta finala Gasteizen egingo da, Printzipal Antzokian, martxoaren 16an.
Larunbatean aurkeztu zuten Arabako Bertsolari Txapelketa Abornikanon. Toki berezia aukeratu dute horretarako Arabako Bertsozale Elkarteko kideek, Abel Enbeitaren baserrian egin baita aurkezpena. Bertan izan dira Ekaitz Elorriaga (Arabako Bertsozale Elkarteko lehendakaria), Abel Enbeita (Arabako lehen bertso-eskolaren sortzailea) eta txapelketan parte hartuko duten bertsolariak. Aurtengoan 30 izango dira.
"Lotu" leloarekin abiatuko da Arabako Bertsolari Txapelketa, Arabako bertsolaritzaren historiarekin lotuta dagoela adierazteko. Horregatik aukeratu dute, besteak beste, Abel Enbeitaren baserria aurkezpena egiteko. Orain dela 30 urte, 1982an, bertara joan ziren Martin Imentza, Xabi Rico, Amaia Otsoa, Txipi Ormaetxea eta Rikardo Gonzalez de Durana. Gasteizen bertso-eskola bat jarri nahi zuten martxan eta Abel Enbeitaren laguntza behar zuten horretarako. Ordutik hona bertsolaritzaren proiektuak nabarmen egin du aurrera Araban. 1982an sortutako bi bertso-eskolei (Gasteiz eta Aiaraldekoak) beste batzuk lotu zaizkie, eta gero eta jende gehiago mugitzen da bertsolaritzaren bueltan. Dena den, aurtengo txapelketan gogoan izango dituzte transmisioaren kate hori abian jarri zutenak.
Bost kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala 30 bertsolariko txapelketa izango da aurtengoa. 2011ko Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartutako 17 bertsolariei kanporaketa fasetik sailkatutako beste 13 gehituko zaizkie. Gai-jartzaile taldea ere indartuz doa, eta aurten 16 lagun aritu dira gaiak prestatzen. Epaileei dagokienez, bigarren urtez autonomia lortu du Arabako Bertsolari Txapelketak, eta Araban bertan sortutako 7 epaile jardungo dira bertsolari arabarren lana epaitzen.
Egiturari dagokionez, bost kanporaketa izango dira lehenengo fasean:
URTARRILAREN 25ean, OSTIRALA
Lantenon
URTARRILAREN 27an, IGANDEA
Elosun
OTSAILAREN 1an, OSTIRALA
Agurainen
OTSAILAREN 2an, LARUNBATA
Laudion
OTSAILAREN 3an, IGANDEA
Lantziegon
Afari edo bazkari formatuan egingo dira saio hauek, 60 lagunentzako tokiko elkarte, txoko eta antzekoetan. Bertsolari bakoitzak zortzi bertso puntuagarri kantatu beharko ditu:
-Binaka, gaia emanda 3na bertso zortziko handian
-Binaka, gaia emanda 3na bertso zortziko txikian
-Bakarka, hasierako puntua emanda bertso bana zortziko txikian
-Bakarka, hitza emanda bertso bana neurri librean
Bigarren fasera 18 bertsolari sailkatuko dira. 3 finalerdi egingo dira aurtengoan:
OTSAILAREN 16an, LARUNBATA
Izarran
OTSAILAREN 23an, LARUNBATA
Aramaion
MARTXOAREN 2an, LARUNBATA
Dulantzin
150 lagun ingururentzako antzokietan izango dira saio hauek. Bertsolari bakoitzak 13 bertso puntuagarri kantatu beharko ditu:
-Binaka, gaia emanda 3na bertso zortziko handian
-Binaka, gaia emanda 3na bertso zortziko txikian
-Binaka, gaia emanda 3na bertso hamarreko txikian
-Kartzelako lana:
-Bakarka, hasierako puntua emanda bina bertso zortziko txikian
-Bakarka, gaia emanda 2na bertso doinu eta neurri librean
Bukatzeko, martxoaren 16an, larunbatez jokatuko da finala Gasteizko Printzipal Antzokian, 700 lagunentzako lekuarekin. Fi fasetan jokatuko da finala. Lehendabizikoan 6 bertsolari ariko dira kantuan, eta 13 bertso puntuagarri kantatu beharko dituzte:
-Binaka, 3na bertso zortziko nagusian
-Binaka, 3na bertso zortziko txikian
-2na puntu zortziko txikian
-Binaka, 3na bertso hamarreko txikian
-Bakarka: gaiari 2na bertso doinu eta neurri librean
Ondoren, bi bertsolari sailkatuko dira buruz burukora. Hemen 6na bertso kantatu beharko dituzte sailkatuek:
-Binaka, 3na bertso seiko motzean
-Kartzelako lanari hiruna bertso neurri eta doinu librean
Taldekako txapelketaren ondoren 2010etik aurrera Araban txandaka antolatzen dira Kuadrilla arteko txapelketak eta banakakoak. Urte hartan egindako taldekako txapelketak jende asko inguratu zuen bertso mundura, eta hori igarri zen 2011ko banakako txapelketan. Iazko taldekako txapelketak emandako indarra sendotu nahi du aurtengo txapelketak. Hala, bertsozale gehiago sortu eta daudenak kohesionatu nahi ditu txapelketak. Manex Agirre da egungo txapelduna.