Bertso-saioa Getarian 2013-01-21

Diseinuzko bertsoak

Aurten lekuz aldatu dute Getariako San Anton jaietako bertso-saioa. Balentziaga museoan egin zuten pasa den ostiralean.

San Anton jaiak ospatu dituzte Getarian asteburu honetan. Urtero egin ohi dute bertso-saioa jai hauetan baina aurten bazen nobedadea. Frontoiko Karpan egin beharrean Balentziaga museoko sarrera prestatu zuten emanaldirako. Nabari zen elegantzia eta bertsolariei ere eman zien zeresana eszenatokiko aulkiek; aulki erosoak jarri baitzizkieten, bertsotarako erosoegiak batzuen ustetan.

Azken egun eta asteetako eguraldiak hainbat zailtasun jarri zituen Getariara heltzeko baina azkenean 400 lagun inguru elkartu ziren museoaren sarreran. Giro ona, eguraldi traketsari aurpegi ona jartzeko hamaika arrazoi eman zituzten bertsolariek.

Jone Uria, Julio Soto, Maialen Lujanbio, Arkaitz Estiballes eta Amets Arzallus aritu ziren bertsotan eta Amaia Agirrek egin zituen gai-jartzaile lanak.

Amaia Agirrek ariketa bereziak prestatu ohi ditu eta Getariako saioa ez zen salbuespen izan. Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusi bideo bat jarri zien bertsotarako. Guraso izan berri diren bikotea dira Maialen eta Amets, eta beraien haurrak lotarako arazoak dituenez bideo bat erakutsi zien Amaiak laguntzeko asmoarekin.

Eta beste ariketa berezia Julio Soto eta Jone Uriari jarri ziena. Sei pastel txiki entzuleen artean banatzeko agindua eman zien Amaiak. Bat eurentzat gorde zuten baina gainontzekoak banatu zituzten. Bat baino gehiago geratu ginen inbiditan!

Arzallusek bakarkako lan polita egin zuen. 16 urteko txirrindulari hasi berriaren ahotik abestu zuen, azken egunetan txirrindularitzaren mundutik datozen albisteei buruz.

Maialen Lujanbio mota guztietako lanak egiten dituen enpresa bateko langilearen lekuan jarri zuen gai-jartzaileak. Atzeko laurek zertarako deitu dioten kontatu zigun.

Eta saioari amaiera emateko puntuka aritu ziren Lujanbio, Estiballes eta Arzallus. Errepaso ederra eman zien Getariari, Balentziaga museoari, Bilbori...




Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa