Asteburuko agenda 2013-01-25

Zortzi saio asteburuan

Bertso Egunaz eta Arabako Txapelketak Lantenon eta Elosun izango dituen kanporaketez gain beste zortzi saio izango dira: Azkoitian, Itsasun, Zarautzen (bi saio), Iurretan, Bilbon, Leitzan eta Munitibarren.
 Bertsoarentzat asteburu berezia izango da hau. Alde batetik, Arabako Bertsolari Txapelketa abiatuko da Lantenon gaur, eta Elosun bigarren kanporaketa jokatuko da igandean. Bestetik, Bertso Eguna ospatuko da larunbatean Donostian. Dena den, ez dira asteburuko hitzordu bakarrak izango.

 Gaur bertan, hiru saio daude iragarrita. Azkoitian, Zakelan, Eneritz Artetxe, Silvia Etxaniz, Jokin Sudupe, Ugaitz Beristain eta Jokin Landa dira kantatzekoak. Bertso-afaria egingo dute.

 Itsasun Kabaret gaua ospatuko da Sanoki gelan. Iluntzeko 21etan hasita, Joanes Etxebarria eta Ortzi Idoate ariko dira kantuan.

 Zarauzko Urteta auzoan, berriz, auzoko ezkonduentzako bertso-afaria egitekoak dira. Iluntzeko 21etan hasiko da afaria eta Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia jardungo dira bertsotan.

 Bihar Bertso Egunak beteko du tarterik handiena. Dena den, ez da eguneko zita bakarra izango. Zarautzen, Musika plazan, bertako bertso-eskolako kideak ariko dira kantuan eguerdiko 12etan.

 Igandean, Elosun jokatuko den Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketaz gain, beste lau saio daude iragarrita. Iurretako Bakixao auzoko San Sebastian ermita parean urteroko saioa izango da meza ostean. Gorka Lazkano, Eneko Abasolo "Abarkas" eta Erika Lagoma joango dira bertsotara.

 Bilbon, Sabino Arana fundazioaren sari banaketaren baitan, "Bi arreba" emanaldi berezia izango da ikusgai Arriaga antzokian, eguerdiko 12etan hasita. Emanaldi honetan Andoni Egaña jardungo da bertsotan, Xabier Lizaso pianojolea ondoan duela.

 Leitzan Iñauterietako bertso-saioa egingo dute zineman, iluntzeko 19etan. Leitzako helduen bertso-eskola laguntzeko asmoz antolatu dute jaialdia. Bertan, Iñaki Perurena gai-jartzaile dutela, Agin Rezola, Aitor Mendiluze, Asier Azpiroz "Azpi", Iker Gorosterrazu, Ander Fuentes "Itturri" eta Miel Mari Elosegi "Luze" ariko dira kantuan.

 Bukatzeko, Munitibarren bertso-pilota dago iragarrita frontoian, iluntzeko 19:15etan. Pilotarientzat botilero lanak egiten ariko dira Arkaitz Estiballes eta Gorka Ostolaza "Potxis".

Albiste gehiago

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17

Bizkaiko zortzi finalisten aldartea eta helburuak

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04

Laudio eta Errezilgo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21

Aniztasunaren argazkia oholtzan

Jexux Mari Irazu

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»