Interneteko atalean, Dantzan.com-ekin batean 2013-01-25

Argia Saria Bertsoa.com plazari

Bertsoa.com-ek interneteko Argia Saria jaso du, Dantzan.com-ekin batean, bi kultur eremuetan egindako zabalkunde lanagatik. Argia Saria bertsolaritza sarean (ere) zabaltzen diharduten guztiei eskaini die Bertsoa.com-ek. Saria jaso ondorengo hitzetan, Jexux Mari Irazu azpimarratu du bertsolaritzak sarean egin duen bidea eta adierazi du agian bertsolaritza sareko komunikazio eta zabalkunde eskaintza berria garatzeko aukeran egon litekeela.
Bertsoa.com interneteko Argia Saria jaso du, Dantzan.com-ekin batean bi kultur eremuetan egindako zabalkunde lanagatik. Ekitaldia izan dira Beñat Gaztelumendi, Eneritz Urkola, Aritz Zerain, Jon Agirresarobe, Iñaki Murua eta Jexux Mari Irazu, Usurbilgo Atxega Jauregian. Bertsoa.com-en izenean Argia Saria bertsolaritza sarean (ere) zabaltzen diharduten guziei eskaini die Bertsoa.com-ek.

Bertso plazetatik bertsolaritzaren plazarantz
Argia Saria jaso ondoren, hitzaldien txandan Jexux Mari Irazuk azpimarratu du bertsolaritzak sarean egin duen bidea. Bertsoa.com gogoetan ari dela aitortuta, adierazi du etorkizunean agian bertsolaritza sareko komunikazio eta zabalkunde eskaintza berria garatzeko egoeran egon litekeela. "Orain arteko bidea eginda, bertsolaritza sarean jauzia emateko abagunean egon liteke. Agian, bertso plazetatik bertsolaritzaren plazarantz, bertsolaritzaren lurralde osorantz... Bertsolaritzak eskura izan lezake tresna propio bat, orain arteko eduki eskaintza aberasteaz gain, edozein telebista edo irratiren pareko irismen gaitasuna lukeena".

Beste kazetaritza alorretan sarituak
Gainerako sariei dagokionez, Prentsa Idatzikoa Berriako kazetari Edu Lartzangurenek jaso du, Irratikoa Asier Leozek Euskadi Irratian egiten duen Portobello programak, Publizitatekoa Herrira mugimenduak hilaren 12ko manifestaziora begira prestatutako Denbora film laburrak, Telebistakoa Maddalen Iriartek ETB1en gidatzen duen Azpimarra saioak, eta Merezimenduzkoa 30 urte bete dituen Euskadi Irratiak.

Ekitaldiko hitzak
"Bertsolaritzaz gozatu eta bertsolaritza zabaltzeko plaza da Bertsoa.com, Bertsozale Elkarteak eta Librean Kooperatibak lankidetzan egiten duguna. Youtubek internet deskubritzerako (2005en) sarean zebilen bertsolaritza. Nagusiki Bertsozale Elkartearen Bertsozale.com-en eskutik, eta geroago Sareko Argiako Garialea blogaren eskutik, besteak beste. Aurrekoen arrastoan, 2006an Bertsoa.com abiatu zen sarea ere bertso plaza bihurtzeko ahaleginean.  Euskarak bere medioak bezalaxe, kulturgintzak ere behar ditu bere komunikazio tresna propioak, eta helburu horrekin aritu gara gu ere. Helburu horrekin, eta asmo bereko hainbat proiekturekin batean eta elkarlanean.

Edukiak dira gure oinarria. Eta elkarlan horri esker:
-Sei urteotan 25.000 bertso inguru sareratu ditugu. Buruz ikasteko gehitxo, eta aldiz, plazaz plazako emariaren % 7 baino ez. Horietako asko, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren grabatzaile Sareak bilduak edo Hitzetik Hortzerako lan taldeak landuak.

-Sei urteotan, 4.000 albiste inguru landu ditugu: elkarrizketak, erreportaiak, kronikak, Ta halere beti ez gara behar zen tokian egon...

-Zuzeneko emisioak ere garrantzitsuak izan dira Bertsoa.com-en. 2006an Bizkaiko Txapelketako finala eman genuen zuzenean, eta geroztik saiatu gara bertsolaritzako ekitaldi nagusiak zuzenean ematen.

Google-en estatistikak sinestekoak badira
-Sei urte pasako bidean, Bertsoa.com-ek ia 250.000 bertsozale/erabiltzaile izan ditu, milioi inguru sarrera, munduko 100 bat herrialdetatik.

Aurrera begira zer?
Egia esatera, Bertsoa.com gogoetan harrapatu du Argia Sariak. Batetik, nahiko genuke hemen gertuko mahaiotan zaudetenok (erakuneetako ordezkariak) oraindik ere gehixeago sinestea kulturgintzako komunikazio proiektuek egiten duten ekarpenean.
Bestetik, etxean ere, gogoetan segituko dugu. Bertsolaritzak sarean bidea egin du, eta horren lekuko dira beren ekarpena egiten ari diren hainbat sareko proiektu: Txapelketanagusia.com, Bizkaikotxapelketa.com, Arababertsozale.org, Gpuntua.com, Xilaba.net Bertsozale.com, Bertso-eskolak.com... Hamarretik gora bai. Eta horietaz gain, medioetako bertsolaritza atalak, bertso-eskoletako atariak, blogak...
Bide hori eginda, bertsolaritza sarean jauzia emateko abagunean egon liteke. Agian, bertso plazetatik bertsolaritzaren plazarantz, bertsolaritzaren lurralde osorantz... Bertsolaritzak eskura izan lezake tresna propio bat, orain arteko eduki eskaintza aberasteaz gain, edozein telebista edo irratiren pareko irismen gaitasuna lukeena. Puntua jarrita dago.

Bukatze aldera, berriz ere eskerrik asko Argiari, Bertsoa.com egiten dugunon izenean. Eskerrik asko, baita ere, proiektu hau aurrera ateratzen lagundu duzuen pertsona eta erakunde guztioi. Eta azkenik, bihoakizue Argia Sari hau bertsolaritza sarean ere zabaltzen diharduzuen guztioi"

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri