Beasaingo Arrano Kultur Elkarteak antolatzen duen ekimenak bigarren edizioa du aurtengoa. Lanak ostiraletik martxoaren 13ra bitartean aurkeztu ahal izango dira. Bozka emateko aukera, berriz, martxoaren 18tik 24ra egongo da.
Gaur aurkeztu dute Bertsomovieda lehiaketaren bigarren edizioa. Beasaingo Arrano Kultur Elkarteak antolatuta, bertsoak eta bideoa uztartuko dituzte ekimen honetan. Iazko arrakastaren ondoren, aurten ere lanak bidaltzeko aukera zabalik egongo da ostiraletik martxoaren 13ra bitartean. Bakarka edo taldean aurkeztu ahal izango dira lanak, zenbait baldintzarekin. Nahitaez bertsoak dauzkaten bideoak aurkeztu beharko dira, eta euskarazkoak izan beharko dute. Gainera, bideoaren bukaeran "gustatu bazaizu, bozkatu www.bertsomovieda.com webgunean" mezuak agertu beharko du garbi ikusteko moduan, 7 segunduz gutxienez. Bideoak youtube, vimeo, euskaltube edo nahi den webgunera igo daitezke. Lehiaketan parte hartzeko, www.bertsomovieda.com webguneko "Parte hartu" ataleko inprimakia bete beharko da.
Behin parte hartzeko epea itxi ondoren, bozka emateko aukera zabalduko da webgunean bertan. Martxoaren 18tik martxoaren 24ra bitartean izango da horretarako aukera. Sari-banaketa apirilaren 12an egingo dute.
Sariei dagokienez, aurten ere sari bat baino gehiago izango dute partehartzaileek. Gazteen kategorian taldekide zaharrenak 16 urte baino gutxiago dituztenak sartuko dira. Kategoria honetako irabazleak 400 euro jasoko ditu. Helduen kategoriako irabazleak, berriz, 1000.
Sari nagusiez gain bestelakoak ere banatuko dituzte. Ikusleen saria 550 eurokoa izango da eta webgunean bozka gehien jasotzen dituen bertsomovie-ak jasoko du. Epaimahaiak hala erabakiz gero aipamen berezia ere izango da, 300 euroko sariarekin. Azkenik, epaimahaiaren ustez bertso onenak dituen bertsomovie-ak 250 euro jasoko ditu.