Generoa eta bertsolaritza uztartuz 2013-02-05

Datozen bi ostegunetan egingo dira aurtengo Umorez jardunaldiak

Hilaren 14an Carmen Larrañaga Odriozola ikerlaria eta Ibon Arrizabalaga de Mingo hezitzailea ariko dira hizlari lanetan. Otsailaren 21ean, berriz, Jokin Azpiazu Carballo antropologoa eta Saioa Cabañas argazkilariaren txanda izango da.
 Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Genero Batzordeak Umorez jardunaldiak antolatu ditu hirugarrenez. Bertsozaleen artean feminismoaren ezagutza garatzea dute helburu jardunaldiok, eta genero rolen bereizketaz kontzientzia piztea ere bai. Hala, orokorrean feminismoaz eta maskulinitateaz sakondu arren, genero ikuspegitik bertsolaritzaren edo arte eszenikoen inguruko irakurketak ere egingo dituzte.

 Aurtengo edizioa bi ostegunetan burutuko da: otsailaren 14an eta 21ean alegia, Villabonako Subijana Etxean. Otsailaren 14an arratsaldeko 18etan hasiko dira jardunaldiak, Carmen Larrañaga Odriozolaren "Emakumea eta bertsolaritza. Lehen ikerketak" hitzaldiarekin. Ikerlaria da, genero ikuspegitik irakurketak egiten aitzindari. Orain dela 16 urte argitaratu zuen "Del bertsolarismo silenciado" lana.

 Horren ostean, arratsaldeko 19:30etan, Ibon Arrizabalaga de Mingo hezitzailearen "mutil nerabeak: aurrera ala atzera goaz" hitzaldia izango da. "Harremonak" egitasmoaren bidez ikastetxe nahiz herri mailan mutil nerabeekin harremana izan du, eta beraien artean aurkitu dituen jarrerak azalduko ditu.


 Hilaren 21ean beste bi hitzaldi izango dira. Arratsaldeko 18etan Jokin Aspiazu Carballo antropologoak "Maskulinitatea: eraldatu, irauli edo baztertu" hitzaldia emango du. Maskulinitatearen inguruan orain arte sortutako ikuspegien azterketa egingo du bertan.

 Azkenik, arratsaldeko 19:30etan Saioa Cabañas "Gauilunak" argazkilariaren txanda izango da. Emarock egitasmoaren aurkezpena egingo du bere jardunaldian, dokumental eta hitzaldi bidez. Proiektuaren helburua musika munduko emakumeak ikusgai egitea eta euren testigantzak jasotzea izan da.

 
 Afaritarako aukera ere bai

 Hitzaldien ondoren, bertan landutakoa sakontzen geratu nahi duenak afaltzeko aukera izango du bi ostegun horietan. Horretarako honako helbide honetara idatzi behar du: umorez@bertsozale.com. Bestalde, hitzaldiak Bertsoa.com-en eskainiko dira.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri