Igandean 15etan ETB1en 2013-02-07

Iturengo bertso-bazkaria eskainiko du Hitzetik Hortzerak

Julio Sotok eta Iker Zubeldiak egin zuten saioa Kontu Egunean. Felixi Iparragirre ttuntturogilea eta Alazne Untxalo eta Egoitz Gorosterrazu bertsolariak elkarrizketatuko ditu Jon Artanok. Tolosan Txolarre irratiaren alde egindako saioa ere emango dute.
 Aste honetan ere egun bakarrean emango du ETB1ek Hitzetik Hortzera: igandean, bazkalostean, arratsaldeko 15etan. Dena den, aste honetan ere kargatua dator programa. Zatirik handiena Iturenen Kontu-Egunean urtero egiten den bertso-bazkariak hartuko du. Iker Zubeldia eta Julio Soto aritu ziren bertsotan. Giro ederreko saioa izan zen, eta joareak jantzita kantatzera ere animatu ziren bertsolariak, bertsozaleen gozamenerako.

 Jon Artano aurkezlea Iturenen bertan izan zen, eta han egindako elkarrizketak eskainiko ditu programak. Alde batetik, Felixi Iparragirre ttuntturrogilearekin Rekaldea etxean izandako solasaldia izango da gozagai. Mozorroen inguruan asko daki Iparragirrek. Bestalde, bi bertsolari ere elkarrizketatuko ditu. Alde batetik, bertso-bazkariko hutsartean jaietako diru kontuak nola egiten dituzten azalduko dio Egoitz Gorosterrazuk. Alazne Untxalok, berriz, bazkaria egin zen ganbararen inguruko xehetasunak eskainiko ditu. Han aritzen da lanean, eta bertan kantatuko du igandean Nafarroako Bertsolari Txapelketan.

 Dena den, Iturengoa ez da izango programak eskainiko duen saio bakarra. Tolosan Txolarre irratiaren alde jendetza elkartu ohi da urtero Leidor Antzokian. Aurten ere giro beroa izan da bertan. Amaia Agirre gai-jartzaile zela, Andoni Egaña, Jon Maia, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Igor Elortza jardun ziren kantuan.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri