Umorez jardunaldiak 2013-03-23

Kontzientzian eragin nahian

Otsailean egin zen aurtengo edizioa Jokin Aspiazu, Saioa Cabañas, Carmen Larrañaga eta Ibon Arrizabalagaren hitzaldiekin. Dena den, jardunaldiok ez dira Bertsozale Elkarteko Genero Taldearen ekimen bakarra, eta taldekide diren Oskar Estanga eta Nerea Elustondorekin izan gara.
 Badira urte batzuk Bertsozale Elkartean Genero Taldea sortu zenetik, eta etengabeko lanean ari dira ordutik generoaren inguruko formakuntza eta ezagutza eskainiz. Taldeko kide dira Oskar Estanga eta Nerea Elustondo ere. Nerea da bietan azkena taldera iristen: "Lehenengo bilera ez dakit urrian edo azaroan izan nuen. Orain berriak sartu gara. Oskar gu baino bilera bat gehiago sartu zen eta ondoren sartu gara Unai Muñoz eta ni". Virginia Imazekin udan egindako saioetatik iritsi zen taldera legazpiarra: "genero tatzordean gauden erdiak Virginiaren eskuetatik pasatakoak gara. Ez dakit loturarik daukan baina nik uste eragina baduela." Oskarrek nabarmentzen duenez, taldeak ez dauka biltzeko maiztasun jakinik: "Tarteka biltzen gara, ez daukagu asteroko dinamikarik, hilero biltzen gara. Berez hain gai zabala da... Sentsibilizazioan egin dugu lan berezia".

 Balorazio baikorra


 Otsailean egindako Umorez jardunaldiekin gustura daude bi taldekideak, ikusle kopuruak behera egin badu ere. Nereak hitzaldietara joan direnen "jarrera ona" nabarmendu du. Oskarren ustez, berriz, hitzaldiak ez dira bertara joanda soilik jarraitu: "Zuzenekoak badu bere indarra, baina egiten diren hausnarketak zabaltzeak badu bere garrantzia gure jardun historikorako ere."

 Jardunaldiak bi ostegunetan egin ziren. Lehendabizikoan Carmen Larrañaga ikerlaria eta Ibon Arrizabalaga hezitzailea izan ziren hizlari. Carmen Larrañagak orain dela 16 urte argitaratu zuen "Del bertsolarismo silenciado" lana, eta lehen ikerketa horiei buruz egin zuen hitzaldia. Ibon Arrizabalagak, berriz, mutil nerabeekin egiten du lan, eta haiei begira ikusten duenaz aritu zen. Nerea bi hitzaldietan izan zen: "Carmenena pertsonalki ezagutzen nuen lana zen eta niretzat ez zen berria. Ibonena ere oso interesgarria izan zen, bota zituen zenbait gauza gogoetarako".

 Bigarren ostegunean, berriz, Jokin Aspiazuk "Maskulinitatea: eraldatu, irauli edo baztertu" hitzaldia eskaini zuen. Saioa Cabañas, berriz, "Emarock" egitasmoaz aritu zen hizketan. Egitasmo honek rockean aritzen diren emakumeak ezagutaraztea du helburu. Oskar Estanga gustura atera zen hitzaldietatik: "Jokin Aspiazurenean egon nintzen eta maskulinitate berriak irauli eta aldatzeaz aritu zen. Nahiz eta hitz egiten den gizontasun berriaz, eta gizonak asko aldatu direla eta antzekoez, orokorrean ez gaude hain aurreratuak, gauza asko dauzkagu egiteko eta eskema askoren barruan sartzen gara. Irakaspen potentea izan zen: gauza bat da imaginarioa eta bestea da errealitatea. Saioa Cabañasekin Emarock proiektuaz aritu ginen eta hor ikasi nuena izan zen Rockean bertsolaritzaren antzeko zerbait gertatzen dela emakumeekin. Taularatzeko trabak daude han ere, eta trabak ez dira pertsonalak bakarrik, traba unibertsalak ere badauzkate emakumeek rockean aritzeko eta, ondorioz, baita bertsolaritzan aritzeko ere."

 Nerea Elustondo ere asebete zuten bi hitzaldi horiek: "Jokinek ideia asko bota zituen eskema asko hausten dituztenak. Han egon ginenoi gauza bat baino gehiago jarri zizkigun kolokan. Bat ezingo nuke aukeratu, ez daukat oso ondo definituta. Eta Emarockena ere bonba bat da; ikusi gabe neukan dokumentala eta aurpegi batzuk berriak ziren; genero batzordean nago eta hala ere musikarien portzentaia handi bat ez nuen ezagutzen. Horrek ere ematen du zer pentsatua."

 Bertsolaritza ispilu aurrean

 Eta aurrera begira zer? Egitasmo zehatzez aritzera ausartzen ez badira ere, Oskarrek eta Nereak argi daukate egin beharreko bidea. Oskarren ustez Genero Taldea erabakitze gunea izateaz gain "hausnarketa gunea" ere bada: "Eztabaidagune hori piztuta eduki nahi dugu. " Susmoa antzekoa dugu denok: generoak badu garrantzia gaur egun bai gizonen eta bai emakumeen jardunetan, eta bertsolaritzan ere bai. Aurrerakuntzak egon dira generoaren pisuaren inguruan: aukera parekotasuna eta abar, baina oraindik gauza asko dago egoteko. Aukera teorikoa berdina da, baina maila psikologikoan eta maila sozialean badaude oraindik trabak. Bertsolaritzan ere gertatzen da hori: bai kantaerari dagokionez, bai ideiei dagokienez, bai janzkerari dagokionez, zertarako goazen bertsotara... Badaude neska eta mutilen jardun normalerako trabak sortzen dituzten zenbait kontu eta hor badago oraindik zer esana".

 Nereak bertsolaritza, gaur egun, gizartearekin "paretsu" ikusten du genero gaietan: "Agian pixka bat aurrerago joan liteke testu aldetik, politikoki oso zuzenak baikara denok, baina gero baditugu barruan sartuta halako txip batzuk denok. Nik kantatzean eta entzutean sumatzen ditut landu beharreko gauza dezente. Baina hori gizartearen eboluzioarekin batera ere joango da, eta borondate pixka bat ere beharko dugu. Lehenengoa behintzat da kontzientzia hartzea. Gero, nola batzuen ustez parekidetasuna jada lortutako zerbait den zaila izango da horien txipa aldatzea".

 Dena den, biek argi daukate barne-hausnarketa bultzatu beharko dela. Nerea: "Besteenak detektatzea beti izaten da erraza, baina gero norberak egiten ditu hori baino astakeria handiagoak. Badakit zaila dela denengana iristea, baina inertziazko zera horiek beste gai batzutan frenatu direnak (orain dela 30-40 urtetik frenua jarri dugu), genero aldetik oraindik ere badago zer hobetua. Bertsolaritza ez dut ikaragarri jarraitzen, baina sentsazioa daukat bakoitzak egindako gogoeta bat behar dela. Kolektibitatean konpartitu daitezke gauzak baina denok egin behar badugu generoaren alde lau kontsignatan geldituko gara. Nik uste dut bakoitzak egin behar du berea, batez ere detektatu. Gero gerta liteke ez aldatu nahi izatea. Ez daukat puntu bat fokalizatua. Ni nire gabeziak ezagutzen saiatzen naiz. Genero taldea bertsogintzatik harago doa gainera; ni bertsolari bezala ari naiz hizketan baina genero taldeak beste esparru batzuetara ere iritsi beharko luke. Ez dakit guk egindako lanak zenbateraino eragin dezakeen norbera ez bada kontziente zertan ari den benetan. Baina nola jarri bakoitzari ispilua aurrean? Hor daukagu lana".

 Oskar ere bat dator horretan: "Nire erronka pertsonala ari da izaten nire bertsokera izatea niri burutik pasatzen zaidana; kontzientzia hartzea zer egiten dudan sistemako irizpideetan sartzen delako, eta irizpide horietako asko generoari lotuak dira. Mutil bezala hau esateak indarra dauka, ez? Pertsonalki horrelako erabakien ondorioak nabaritzen dira; sentsazio eta bide ezberdinak landu daitezke, eta horrek sinpatia ezberdinak pizten ditu. Eraginkortasuna da norberak bere bidea bilatzea. Eta hau ez da denontzako balio duen formula bat; bakoitzak sortu behar du bere eredua, eta ez gainean daukagun horri men egin. Nork bere bidea egiteko hausnarketa egin behar da zer den traba eta zer ez jakiteko".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri