Aldaketa batzuk izan dira diseinuan 2013-04-29

Abian dira Eskolarteko Bertsolari Txapelketak

Txikien mailan, hemendik aurrera, herrialde guztietan taldeka izango dira saioak. Euskal Herriko Eskolarteko txapelketako finala ekainaren 22an izango da, Orion. Denera 14 urtera arteko 35 talde eta 15 eta 18 urte bitarteko 100 bertsolari inguru ariko dira.
 Abiatu dira Eskolarteko Txapelketak. Nafarroan joan zen asteburuan hasi zen Eskolartekoa, eta laster hasiko dira gainerako herrialdeetako gazte eta gaztetxoak ere oholtzatik igarotzen. Aurtengoan 14 urtera arteko 35 talde eta 15 eta 18 urte bitarteko 100 bertsolari inguru ariko dira herrialdeetan kantuan. Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa ekainaren 22an egingo da, Orion.

 Txikietan taldeka, gazteetan kartzelarik ez

 Aurtengo edizioan aldaketa batzuk izango da. Lehenengo aldiz, herrialde guztietan 14 urtera arteko lehia taldekakoa izango da. Honen bidez parte hartzea erraztu eta lehiaren gainetik taldearen garrantzia azpimarratu nahi izan da. Gainera, Araban eta Iparraldean ez da lehiarik izango maila honetan, eta Euskal Herriko finalean kantatu nahi duten haurrekin osatuko da taldea. Euskal Herriko finala ere taldeka egingo da lehenengoz.

 Gazteen mailan ere lehia leundu nahian aldaketa bat izango da: Euskal Herriko finalean ez da kartzelako bakarkako lanik egingo. Honen ordez ariketa berri bat jarriko dute, eta saioan zehar ez da galbaherik pasako.

 Aldaketa hauen ondoren gehiago etorriko dira seguru asko, Ikastolen Elkartea eta Bertsozale Elkartea hausnarketa prozesu batean baitaude. 2014an Eskolarteko berri bat sortzea da helburua, eta bertso-eskolen ekarpenekin osatu dute diseinua. Aurtengoan, honako hau izango da herrialdeetako egitaraua:

 Iparraldean gaztetxoen artean lehiarik ez

 Iparraldean, 14 urtera artekoetan, aurten nobedade handi batekin dator Eskolartekoa: aurten ez da lehiarik izango. Hala, Euskal Herriko finalean kantatu nahi dutenek osatuko dute taldea. Txapelketaren ordez bi festa handi egingo dira Seaskako ikasleekin. Denera 700 ikasle elkartuko dira horietan. Miarritzen izango da lehenengoa, maiatzaren 24an, goizeko 10etan hasita Jai Alai ezker paretan. 400 ikasle izango dira bertan, eta giroa alaitzen ariko dira Amets Arzallus eta Sustrai Colina Oskar Estangak musikaz lagunduta. Bigarren festa Gabadin egingo dute maiatzaren 31n goizeko 10etan Herriko Salan. 300 ikasle izango dira bertan eta Joanes Etxebarria eta Miren Artetxe dira kantatzekoak Oskar Estangak musikatuta.

 15 eta 18 urte artekoetan kanporaketak eta Bertso-Eskolen Topaketa antolatu dituzte aurten. Apirilaren 30ean izango dira Baigorrin, eguerdiko 13:30etan hasita, Oronozia etxartean. Kanporaketak Bertso-Eskolen Topaketen barruan izango dira. Lehenengo saioan honako bertsolari hauek kantatuko dute:

 Nahia Sasco
 Leire Lascaray
 Ellande Dunate
 Iulen Vrignon
 Idoia Iriart
 Maddi Sarasua
 Ttele Iriart
 Ortzi Murua

 Bigarren saioan honako bertsolari hauek ariko dira:

 Aitor Servier
 Ainhoa Sarasua
 Lur Renteria
 Johaine Sarraillet
 Itxaro Dunate
 Jon Irazabal
 Ibai Capot

 Finala ekainaren 1ean izango da, Ahierran, Bertsu-Eskolen Egunaren barruan. Eguerdiko 14:30etan egingo dute saioa, Denen Etxea gelan.

 Araban ere gaztetxoen artean lehiarik ez

  Araban ere 14 urtera artekoen artean ez da lehiaketarik egingo. Euskal Herriko finalean kantatu nahi dutenekin taldea aurkeztuko da. Dena den, bailarako topaketak antolatuko dira, eta hor izango da kanturako aukerarik. Taldeka sortak kantatuko dituzte eta 14 urtera artekoek bat-bateko saioa egingo dute. 15 eta 18 urte bitartekoen kanporaketak ere bertan izango dira. Denera hiru saio antolatu dituzte.

 Maiatzaren 10ean Gasteizen izango da lehenengoa, arratsaldeko 17:30etan, Armentia Ikastolan. Sortak kantatzen Bertxilikako bost talde eta Alde Zaharra eta Xagumendi ariko dira. Ondoren, 14 urtera artekoen saioa egingo dute Xagumendi, Bertxilika eta Murgiako taldeek. 15 eta 18 urte artekoen Txapelketako Kanporaketan, berriz, honako bertsolari hauek dira kantatzekoak:

 Iñaki Tena
 Maddalen Arrausi
 Jon Santxez
 Unai Argote
 Ane Amor
 Ianire Nazabal

 Maiatzaren 23an Kanpezun egingo da topaketa, eguerdiko 14:30etan Kultur Etxean. Maeztu, Ibernalo eta Kanpezuko taldeak aterako dira sortak kantatzera 14 urtera artekoetan eta Kanpezukoa 15 eta 18 urte bitartekoetan. Txikien saioan, berriz, Mendialdeko bertso-eskolako taldea ariko da bat-batean. 15 eta 18 urte bitartekoen kanporaketan Kanpezuko ikasleak dira kantatzekoak.

 Zalduondon maiatzaren 11n izango da topaketa, arratsaldeko 17:30etan Lazarraga jauregian. 14 urtera artekoetan Zalduondo eta Aguraingo bertso-eskoletako taldeak aterako dira sortak kantatzera eta Lautadako taldea ariko da bat-batean. 14 eta 18 urte artekoetan Araia eta Amurrioko bertso-eskoletako ikasleek kantatuko dituzte sortak. Kanporaketan, berriz, bertsolari hauek jardungo dira:

 Jon Unai Aspe
 Egoitz Iradier
 Irati Ruiz de Pinedo
 Naur Jungitu
 Aitor Najera
 Asier Lujaondo

 Aramaion maiatzaren 18an izango da hitzordua, arratsaldeko 17:30etan Kultur Etxean. 14 urtera artekoetan Aramaioko bertso-eskolako taldeak kantatuko ditu sortak eta 15 eta 18 urte bitartekoetan Izarra, Legutioko Gazte Asanblada eta Aramaioko taldeek. Bat-batean, 14 urtera artekoetan Aramaioko taldea ariko da. 15 eta 18 urte bitartekoetan honako bertsolari hauek dira aritzekoak:

 Andoni Rubina
 Iñaki Lertxundi
 Ibai Perez
 Peru Abarrategi
 Unai Etxenausia
 Jon Izaga
 Sabin Aranburu
 Beñat Zalakain

 Finala ekainaren 1ean izango da, Legution. Txikien saioa eta taldekako sortak goizeko 11etan izango dira. Ondoren, 15 eta 18 urtekoen saioa egingo da arratsaldeko 16:30etatik aurrera Kultur Etxean.

 Nafarroan joan zen asteburuan abiatu zen txapelketa

  Nafarroan, 14 urtera artekoetan, maiatzaren 11n Bertso-Eskolen Eguna egingo dute Donezteben. Bertan egingo dira Eskolarteko finala eta bertso paper lehiaketaren sari banaketa ere. Goizeko 11etan hasiko da ekitaldia, Zinema Aretoan.

 14 eta 18 urte artekoetan, berriz, finala eta bertso-merendua egin zituzten joan zen ostiralean Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean. Xabier Silveira eta Eneko Lazkoz aritu ziren gazteen aurrean kantari.

 Bizkaian maiatzaren 29an izango da finala

 Bizkaian, idatzizkoetan, maiatzaren 10ean egingo da finala Gernikako Seber Altube ikastolan eguerdiko 15etan hasita.

 Bat-bateko atalean, berriz, lau kanporaketa izango dira denera. 14 urtera artekoek bi izango dituzte: maiatzaren 14an Bermeoko Eleizalde ikastolan bata eguerdiko 15etan eta maiatzaren 15ean Markinako Kultur aretoan bestea, ordu berean. 15 eta 16 urte artekoek maiatzaren 21ean egingo dute kanporaketa, Markinako Kultura aretoan 15etan. Azkeneko kanporaketa Elorrion egingo da maiatzaren 22an Txintxirri ikastolan eguerdiko 15etan hasita, eta 17 eta 18 urte bitarteko bertsolariak jardungo dira bertan kantari.

 Bat-bateko atalaren finala maiatzaren 29an egingo da Bilbon, Indautxuko "El Carmen" aretoan. Goizeko 11etan hasiko da saioa.

 Gipuzkoan lau kanporaketa eta finala

 Gipuzkoan, ohi den moduan, lau kanporaketa egingo dituzte bai idatzizkoetan eta baita bat-batekoetan ere. Eguerdiko 15etan hasiko dira idatzizko kanporaketak eta arratsaldeko 16etan bat-batekoak. Lehenengo 14 urtera artekoak jardungo dira taldeka eta ondoren 15 eta 18 urte bitarteko bertsolariak banaka. Maiatzaren 3an egingo da lehenengo kanporaketa, Hernaniko Biteri Kultur Etxean, Jone Etxeberria aurkezle dela. Gaztetxoen mailan Hernani, Hernani-Oiartzun eta Oiartzungo taldeak ariko dira. 15 eta 18 urte artekoetan, berriz, honako bertsolari hauek dira kantatzekoak:

 Eli Pagola (Hernani)
 Eñaut Martikorena (Hernani)
 Iraitz Mateo (Oiartzun)
 Maddi Etxeberria (Larraul)
 Haritz Mujika (Asteasu)
 Joritz Bastarrika (Zarautz)

 Maiatzaren 10ean izango da bigarren kanporaketa, Zarauzko Modelo Aretoan. Maite Aizpurua izango da aurkezlea. Gaztetxoen mailan Zarautz (1), Zarautz (2), Zumaia-Oikia eta Itziar taldeak ariko dira. 15 eta 18 urte bitartekoetan, berriz, zazpi bertsolari hauek:

 Unai Sarasua (Oikia)
 Markel Eizagirre (Zarautz)
 Amaia Urbieta (Zarautz)
 Paul Beitia (Zarautz)
 Jon Ander Iriondo (Azpeitia)
 Oier Etxeberria (Azpeitia)
 Danel Olano (Getaria)

 Arrasaten jokatuko da hirugarren kanporaketa maiatzaren 17an, Arimazubi ikastolan. Maddi Labayen izango da aurkezlea. Gaztetxoen mailan hiru talde ariko dira: Oñati, Aretxabaleta eta Legazpi. Gazteen mailan, berriz, zortzi bertsolari:

 Maider Arregi (Oñati)
 Ane Zuazubiskar (Arrasate)
 Mikel Iturriotz (Urretxu)
 Maialen Akizu (Urretxu)
 Beñat Torres (Urretxu)
 Jon Mendizabal (Urretxu)
 Aratz Igartzabal (Gabiria)
 Eneko Araiztegi (Segura)

 Azkeneko kanporaketa maiatzaren 24an izango da Lazkaoko Areria zineman, Ainhoa Mujikak aurkeztuta. Gaztetxoen mailan Ordizia eta Zarauzko taldeak jardungo dira. Gazteen mailan, berriz, honako bertsolari hauek:

 Mikel Tapia (Ataun)
 Iñaki Rezusta (Ormaiztegi)
 Aitor Irastorza (Zaldibia)
 Gemma Urteaga (Ordizia)
 Paul Iruretagoiena (Ataun)
 Mikel Oria (Zerain)
 Jon Gurrutxaga (Azpeitia)
 Aitor Balerdi

 Finala, azkenik, Tolosan izango da, Leidor Aretoan, maiatzaren 31n. Arratsaldeko 16etan hasiko da saioa eta Maialen Lujanbio izango da aurkezle. Bertsopaper Lehiaketaren sari banaketa ere bertan egingo da.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri