Joan zen astean "Bi bala" emanaldi bereziarekin hasi zen 13. edizioa, eta bertso jaialdia izan zen atzo. Ostiralean "Ez gara Palestinaz ari" emanaldi berezia dago iragarrita eta larunbatean Julio Soto eta Iker Zubeldiaren bertso-bazkariarekin bukatuko da aurtengoa.
Bere lekua egiten ari da Altzako Bertso Astea Donostia eta bere inguruko bertsozaleen artean. 13 urte dira lehenengo edizioa antolatu zenetik, eta ordutik antolaketan parte hartu du Unai Elizasuk: "Azken batean Altzan bagaude zenbait bertsozale eta kezka horretatik abiatuta hasi ginen Bertso Astea antolatzen. Urtetik urtera jende gehiago sartu gara antolaketan eta mimoz zaintzen dugun aste bat lortu dugu, jendea gustura etortzen dena."
Bertso Astea antolatzeko urtero eskema berari jarraitzen diotela dio Unai Elizasuk: bertso-bazkari edo bertso-afari bat, jaialdi bat eta emanaldi berezi bat. "Aurten aukera izan dugu bi emanaldi berezi izateko; lehengoan izan zen bertako taberna batean "Bi bala" izeneko ekitaldi bat Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxagak egindako bertso-sortak tarteko, eta ostiralean izango dugu "Ez gara Palestinaz ari". Larunbatean bertso-bazkaria izango da Iker Zubeldia eta Julio Sotorekin". Eskema horri jarraika lortu dute bertsozaleak erakartzea. "Egia da Altza ezagututa (legalki Donostiako auzoa da, kanpotik etorritako jende asko bizi da bertan...) publiko aldetik beti bildu da jende dezente. Altzan bi erreferentzia daude: Altzako festetan, Santa Ixabeletan Altzako jende guztia biltzen da eta jende asko biltzen da bertan; eta nik uste aste honek komunikazio eta mimo aldetik erakartzen duela jendea. Gaur ere plaza betea zegoen eta goitik begiratuta gozamen bat da hau ikustea".
"Bagenuen beldurra jaialdi honekin zer gertatuko zen"
Gaur egun Altzan ez dago bertso-eskolarik: "Ez du bertso mugimendurik, Altzan bi ekitaldi hauek bakarrik dira. Gero, agian, izango da bertso-afariren bat elkarteren batean, baina finkatuta daudenak hauek dira. Bere garaian bertso-eskola bat ere sortu genuen, baina bertan bertsozale eta euskaltzale batzuk badiren arren ez bertso-eskola baten dinamikari eusteko adina". Dena den, aurrera begira garrantzia ematen dio Bertso Astean eta Santa Ixabeletan egindako lanari: "Erronka finkatzea litzateke. Garai bateko Santa Ixabeletatik hona asko aldatu dira gauzak, asko mimatu dugu, bertsolaria askoz erosoago sentitu da. Hori ohitura bihurtu da eta finkatzen segi behar dugu; ahalik eta bertsolari gehien ekarri nahi genituzke egun horretara. Bertso Astearekin ere gauza bera: urteetan ari gara lanean, jaialdi honek hirugarren saioa zuen... Bere garaian jaialdi honekin bagenuen beldurra ea zer gertatuko ote zen, baina jendearen erantzuna ikusita gogoa ematen du datozen urteetan ere plaza eder hau betetzeko".