Uztailaren 1era arte 2013-05-07

Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketan izena emateko epea zabalik

Hiru kategoria bereizi dituzte: gaztetxoak (13 urte artekoak), gazteak (14 eta 18 urte bitartekoak) eta helduak (1994an edo aurretik jaioak). Aurten 22. edizioa du sariketak.
 Bertsopaper lehiaketen artean ospe handiena dutenetako bat da Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa. Lazkao Txikiren babesean sortu zen lehiaketa, eta bera hil ondoren ere aurrera segi du 22. ediziora iristeko. Aurten ere ohiko egiturarekin dator, hiru kategoria bereizi baitituzte antolatzaileek.

 Gaztetxoen mailan sartuko dira 13 urte arteko partehartzaileak, aurten 14 betetzen ez dituztenak, alegia. Norberak nahi adina bertsopaper bidaltzeko aukera izango du, baina sorta bakoitzak gutxienez 2 eta gehienez 4 bertso izan beharko ditu. Neurria eta doinua libreak izango dira, ez ordea gaia. Honako gai honi jarri beharko zaizkio bertsoak: "barazkiak jatea osasuntsua omen da". Kategoria honetako irabazleak 200 euro jasoko ditu, bigarrenak 100 eta hirugarrenak 50.

 Gazteen kategorian 14 eta 18 urte bitarteko bertso-jartzaileak sartuko lirateke. Kategoria honetan neurria, doinua eta gaia libreak izango dira. Gutxienez 8 eta gehienez 12 bertsoko sortak osatu beharko dituzte. Sariei dagokienez, irabazleak 300 euro jasoko ditu, bigarrenak 200 eta hirugarrenak 100.

 Hirugarren kategoria helduena izango da eta 1994an edo urte horren aurretik jaiotako partehartzaileak sartuko dira bertan. Kategoria honetan ere doinu, neurri eta gaia libreak izango dira eta sortek gutxienez 8 eta gehienez 12 bertsoz osatuak izan beharko dute. Kategoria honetan irabazleak 500 euro jasoko ditu, bigarrenak 400 eta hirugarrenak 300.

 Izena emateko epea zabali dago jada eta partehartzaileek uztailaren 1era arteko tartea izango dute lanak bidaltzeko. Bidalketa egiteko bi aukera daude. E-postaz egin nahi izanez gero hauxe da helbidea: aitor-c@ahize.aek.org.

 Posta arrunta erabili nahi bada helbide honetara bidali beharko dira lanak:

  ARGI BERRI Elkartea
  Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa
  Gipuzkoa kalea 15-behea
  20240 Ordizia
  Gipuzkoa

 Lanek jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute, eta lan originalarekin batera beste lau kopia bidali beharko dira ohiko posta erabiliz gero, ordenagailuz edo makinaz idatzita. Bertsoen ordena-zenbakia ere jarri beharko da, eta baita doinua ere. Horietan lanak izenordez bakarrik sinatuko dira. Lanak daramatzan gutunazalaren barruan gutunazal txikiago bat sartu beharko da, bertan egilearen datu gehiago sartuta: izenordea, izena, jaiotze-data, helbidea eta telefono zenbakia.

 Sari-banaketa ekitaldia irailaren 15ean egingo da Ordiziko Euskal Jaien barruan.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri