Iñaki Muruari elkarrizketa 2013-05-10

"Bertsolaritza ikergai bihurtu nahi genuke"

Mintzola Fundazioaren proiektua berbideratzeko lana egin du Bertsozale Elkarteak. Ahozkotasunaren "zaku zabala" mugatu eta bertsolaritzan "buru belarri" sartuko da Mintzola. Lehendik martxan zeuden proiektuak Soziolinguistika Clusterrera bideratuko dira.
 Lau urte beteko dira aurten Mintzola Fundazioa sortu zenetik. Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kutxa, Villabonako Udala eta Euskal Herriko Unibertsitatea dira patronokide. Hiru urteko ibilbidearen ondoren proiektua berbideratzeko prozesua abiatu zuen Bertsozale Elkarteak orain dela urtebete. Iñaki Muruak honela azaltzen du prozesu hori: "Mintzola egia esan hasiera batean ahozko kultur sorkuntzaren inguruan mugatzeko asmoa zegoen, hori ikertzeko. Ikerketaren institutu bat osatu nahi genuen bertsolaritzaren ingurukoa. Gero ahozkotasunaren zaku horretan gehiegi sartu edo zabaldu gara. Horrek ekarri du bertsolaritza laino artean bezala geratzea. Guk Elkarte bezala zuzenean erantzuteko proiekturik ez genuen; bertsolaritzatik ekarpenak egitea nekeza egiten zitzaigun. Zaku handi horretan lehen ere lantzen ari ziren proiektuekin solapea gertatzeko arriskua zegoen edo gertatzen ari zen. Proiektua berbideratu, berriz heldu, bertsolaritzara ekarri eta bertsolaritzaren ikerketa lan eremuetara berriz ere bildu dugu. Hor Soziolinguistika Clusterra izan dugu bidelagun eta berak helduko die martxan zeuden ahozkotasun zaku zabal horretako proiektuei. Beraz lehendik martxan zegoen proiekturik ez da bertan behera geratuko. Bertsolaritzari buru belarri lotuko gatzaizkio guk gurea den horretan eta ustez dakigun horretan emateko gure indarrak. Horretarako hainbat proiektu badago: bertan dugu ikergaia, bertsolaritza, eta zerekin ikertu ere bai, Xenpelar Dokumentazio Zentroko fondo hori guztia daukagulako. Bertsolaritza ikergai bihurtu nahi genuke eta ahalegin horretan tesiak, graduondoak eta horrelako gaiak lantzeko unibertsitateko ikasleak beren ekarpenak ari dira".

 Hala, garbi dauka hemendik aurrera zein izango den Mintzolak jarraitu beharreko bidea: "Lehen aipatu bezala bertsolaritza ikertzea izango luke helburu. Ez ikertzea bakarrik, ikertzaileak eta ikerketan arituko direnen formazioa eta entrenamendu aukera eskaini beharko du. Bestetik, lehen hasitako eta abian dauden proiektuei erantzun beharko die. Besteak beste, Kulturartekoa 2003an burutu zen eta leiho bat ireki zitzaion bertso munduko gazte pila bati, eta oxigenoaldi hori berriz ere astindu bat emateko erabili nahiko genuke. Munduko beste kantu inprobisatuen inguruko jardunaldiak egin nahi genituzke. Elkargunea ere hor daukagu beste generoekin elkarlanean proiektuak konpartitu eta bidea batera egiteko aukera baliatu eta zabaltzeko. Bertsolaritza, kantu inprobisatua eta genero ezberdinen artean zer egin dezakegun ikertu, adostu eta emaitza edo bide bateratu batean ekarpenak eginez eta elkar aberastuz zer eraiki dezakegun aztertu beharko dugu".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri