"Guretzat hezkuntza arautuan eragiteak esan nahi du hor ez bukatzea gure eragina"
Transmisioan ahalegin handia egin du Bertsozale Elkarteak urteotan. Iaz Nafarroako Gobernuarekin eta Gasteizko Udalarekin izandako arazoak gainditzeko bidean ikusten ditu Iñaki Muruak. Hezkuntza arautuko lanak bertso-eskolak elikatzeko balio behar duela dio. Eskolarteko berri baten diseinuan ere buru belarri ari da Bertsozale Elkartea.
Urteak dira Bertsozale Elkartea bertsolaritzaren transmisioari lotutako proiektu sendo batekin lanean hasi zela. Iazko ikasturtean, ordea, gora-behera batzuk izan ziren Nafarroako Gobernuarekin eta Gasteizko Udalarekin. "Nafarroan aurrena bertan behera geratu zen. Hemen politikan sartzen garenean eta politikoekin elkarlanean hasitakoan ez dira gauzak erraz bideratzen beti eta guk nahi bezala ere ez askotan. Nafarroan esaterako egoera zaila aurreikusten genuen: hasieran bertan behera geratu zen, gero atzera baiezkoa, orain ekainera arte badirudi ziurtatuta dagoela hezkuntza arautuko jarduna eta gero eztabaidan hasi behar".
Arabako egoera ere antzeko ikusten du Iñaki Muruak: "Arabak zaila dauka egoera, euskalgintzan ahalegin handia dago egin beharra. Hezkuntza arautuan bertan behera geratu zen dena. Nahiko lan gaitza eta erraldoia egin du hango Bertsozale Elkarteak eta egindako lan eta presio horri esker badirudi bideratua dagoela. Aurtengoa aurrera aterako da eta datozen urteetakoa bide onean doa".
Dena den, baikorra da proiektuari begira: "Orokorrean egoera estua da, bazter guztietan bezala. Proiektuak badauzkagu baina administrazioaren aldetik zailtasunak daude, udalak ere estu daude eta ikastetxeetako diruak ere konta ahala. Hala ere eusten ari gara. Proiektuak ilusio handia pizten du hezkuntzako alor guztietan eta partaide guztiengan, bereziki hartzaile diren umeak oso gustura doaz eta estimatzen duten ordua da bertsolaritzarena. Gurasoek ere balorazio oso onak egiten dituzte eta herri ordezkariak ere bai. Guretzat proiektu interesgarria eta oso emankorra da, bertso-eskolak ere hortik elikatzen baitira eta bertsogintzaren biharra hor hasten da eraikitzen".
"Dibertsifikatzen ari da"
Transmisioan egindako lanak emandako onurak "herritarrek, bertsozaleek eta bertsoaz gozatzen dutenek" nabaritu behar dituztelakoan dago: "Plazaz plaza geroz eta gazte gehiago animatzen da bertsotara, bertsotan gaiak eta gauzak adierazteko moduak eta bitartekoak gero eta gehiago dira. Lehenago Txapelketa Nagusia eta beste sariketa edo txapelketaren batzuk bakarrik zeuden eta orain formatu ezberdinak, plazak, Txapelketa Nagusiak, gaztetxeetakoak, euskaltegietako ahaleginak... Dibertsifikatzen ari da eta gero eta gazte gehiago dabil".
"Hezkuntza arautua aipatzen dugu eta hezkuntza arautuaren datu batzuk emate aldera 20 000 ikaslerengana iristen gara. Hori datu garrantzitsua da baina guretzat hezkuntza arautuan eragiteak esan nahi du hor ez bukatzea gure eragina, bertso-eskoletara ahalik eta jende gehien erakartzea. Adibidez, Iparraldean hasi ginenean 12 talde ziren bertso-eskoletan eta orain 27 talde. 59 ikasletik 181 ikasletara pasa da. Iparraldean dagoen egoera aintzat hartuta, ezer berezirik esan nahi izan gabe Hegoaldean ere egoerak eta egoerak baitaude, 181 ikasle bertso-eskoletan aritzea guretzat sekulako poza eta ilusioa da lanean jarraitzeko. Orokorrean 1 400 ikasletik gora dabiltza bertso-eskoletan. Egia da gaztetxoen bertso-eskolak eta helduenak daudela eta helduetan 500 baino gehiago dabiltzala. Fenomeno hori azken bolada honetan sartu den fenomeno bat da eta oso esanguratsua eta ardatz bihurtzen ari dena. Helduen bertso-eskola dagoen herrietan herri mugimenduan eta antolaketan eta gainerakoan oso ardaztua egotea ekintzak esan nahi du. Gaztetxoen bertso-eskolarentzat ere babes handia da. Alde horretatik beteranoak ez daitezela erretira sekula eta segi dezatela ekimen horri punta ateratzen, zorrozten eta lanean aurrera gaztetxoekin batera".
"Pedagogikoki beste buelta bat emandako ekintza izatea nahi genuke"
Abian dira Eskolarteko Bertsolari Txapelketak, eta bertan parte hartzen duten eragileak hausnarketa prozesu batean murgilduta daude: "Ikastolen Elkarteko ordezkariek lan eskerga egin dute urte askoan. Gure aldetik ere laguntza handia jaso dute, urte mordo bat bada elkarlanean hasi ginela. Orain aro berri bati ekin beharko diogu eta guk heldu beharko diogu lan horri. Ze formatu izango den orain ari gara lantzen eta oraindik ezin dizut esan zertan geldituko den, baina apustua izango da berritzea, kantatu behar duena eta parte hartu behar duena erosoago sentitzea. Jolasetik gehiago eta jolas hezitzailetik eta ondo pasatzekotik gehiago estuasunetik eta txapelketaren rigore eta zurruntasun horretatik baino. Pedagogikoki beste buelta bat emandako ekintza izatea nahi genuke, aberasgarria eta hezitzailea eta denontzan modu eta formatu berriak eta komunikatzeko gaitasuna areagotuko duen sistema bat bilatzea. Hori guztiori orain arte elkarlan horretan partaide izan ditugunen iritziak eta gureak batuta".