"Aurtengo txapelketatik azpimarratuko nuke hausnarketa beharra areagotzea eta sakontzea"
Txapelketa Nagusiak "astindu" bat ekartzen duelakoan dago. Euskalgintzan halako "zurrunbiloak" denak elikatzeko aprobetxatu beharko liratekeelakoan dago. Hitzetik Hortzerari dagokionez, balorazio pertsonal bezala, kezka agertu du ordutegi aldaketekin.
2013a Txapelketa Nagusi urtea izango da Euskal Herriko Bertsozale Elkartearentzat. Aurtengoa oraindik aurkezteko badago ere, zertzelada batzuk eman ditu Iñaki Muruak: "Nahiko genuke txapelketa soilduago bat, inguruko adornu gehiegi gabe eta bertsora bertara lerratuko dena eta muina, bertsoa, lehen planoan agertuko dena. Esentzia begi bistan eta nabarmen geldituko dena. Horretaz aparte gustatuko litzaiguke ekin horrek euskalgintzan ari diren gainerakoak ere elika ditzala. Beste hitz batzuetan esanda: ekintza horietan gabiltzanak erabil gaitzatela denontzat arnas berri bat izan dadin. Pentsatzen dut euskalgintzan ari garenok antolatzen ditugun eta maila horretako zurrunbiloa sortzen duten ekintzak beharko genituzkeela eskuzabal jokatu eta denok elika gaitzaten asmatu. Horretan ariko gara, beti ere baliabideei kontuz eutsiz, aurrekontuak zainduz eta gure elkartearen kasuan, datozen lau urteetarako bizitzeko eta proiektuak aurrera ateratzeko diruak eta sosak hortik datozela ahaztu gabe".
Txapelketa Nagusi batek Bertsozale Elkarteari eta bertsolaritzari gauza asko ekartzen dizkiolakoan dago: "Txapelketa Nagusiak Elkarteari hurrengo lau urteetako proiektuak burutzeko baliabideak ematen dizkio. Horrez gain astindu bat ematen dio gai-jartzailetzari hausnarrerako, formaziorako, gai-jartzaile berrien taldeak sortzeko, eraberritzen ari baita aldiro. Epaileen taldeari zer esanik ez, gauza bera. Horrez gain bertsolari partehartzaileak ere, batzuk utzi eta besteak etorri, belaunaldiak eraberritzen ari dira eta hori dena positiboa da. Baina nik azpimarratuko nuke aurtengotik hausnarketa beharra areagotzea eta sakontzea eta formula berriak eta formatu berriei berriz heldu eta hor izango dugula aztertzeko. Hori hortxe egongo da gure iker lerroen barruan. Etorkizunerako bertsolari, epaile eta aurkezle gazteek hor izango dute hori orain arte ez bezala medio zabalago eta aukera aberatsagoekin ahal dela".
Hitzetik Hortzera bera ere tresna garrantzitsua da bertsolaritzaren hedapenerako. Denboraldia amaitu gabe dagoenez Bertsozale Elkarteak ez du baloraziorik egin, baina Iñaki Murua ausartu da balorazio pertsonala egitera: "Baditugu gure kezkak, bereziki ordutegiarekin. Horrek bertsozalea mareatu egiten du; ez da behar bezala adierazi kasu askotan eta autokritika ere ETBren aldetik entzun dugu horri buruz. Gustatuko litzaiguke finkoagoa izatea bere ordutegian eta errespetu bat bertsozaleari eta programa horren zain daudenekiko".