Elgoibarren, ostiralean 2013-05-21

Plazatik Gaztetxerak asteburuan ekingo dio bigarren faseari

Plazatik Gaztetxera txapelketako bigarren fasea hasiko da ostiralean Elgoibarren. Hamasei bertsolari bikotek ekin zioten txapelketari eta zortzi pasako dira bigarren fasera. Elgoibarren eta Mutrikun izango dira bi saioak, bakoitzean launa bikote direla. Bestalde, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabalek irabazi dute joan den asteburuko kanporaketa Eibarren.
Plazatik Gaztetxera txapelketako bigarren fasea hasiko da ostiralean Elgoibarren. Hamasei bertsolari bikotek ekin zioten txapelketari eta zortzi pasako dira bigarren fasera. Fase honetan, bi saio jokatuko dira, bakoitzean lau bikote direla, Elgoibarren eta Mutrikun.

Maiatzak 24an Elgoibarren:

Imanol Uria-Inazio Vidal
Aimar Goenaga-Jon Mikel Mugika
Paula Amilburu-Maddi Ane Txoperena
Jon Gurrutxaga-Josu Oiartzabal “Xenpelar”

Maiatzak 31n Mutrikun:

Arrate Illaro-Peio Arondo
Ander Elortegi-Jon Arano
Txaber Ormazabal-Malen Amenabar
Oihana Iguaran-Unai Mendizabal


Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal irabazle Eibarren
Joan den asteburuan jokatutako kanporaketan Oihana Iguaran amasarra eta Unai Mendizabal zizurkildarra nagusitu ziren Eibarren. Lehen agurretik utzi zuten arrastoa. Bien artean prestaturik ekarri zuten eta dotore joan zen, benetan. Beste hiru bikoteak honako hauek izan ziren: Aimar Goenaga-Jon Mikel Mugika, Josu Oiartzabal (Xenpelar)-Jon Gurrutxaga, Hodei Irigoien-Imanol Lizarazu.

Zortziko handian, txikian, koplaka eta bakarka egin zuten lehen fase honetan. Saioa bizi joan zen. Kuarteleko bizilagunen batekin izandako txortaldi, hankarteak zurrupatzen zituen txakur, kazetariak jipoitzen zituen Ertzain eta Eibarko errekako arratoi artean mugitu ziren bertsolariak, besteak beste.

Aimar Goenaga eta Oihana Iguaranek saio polita egin zortziko txikian. Eibarko errekako arratoi garbitzailea lehenengoa eta arratoia bigarrena. Aimarrek arratoiak akabatu beharrean zeri eraso proposatzeari ekin zion. Bigarren bertsoan, “ba erasotu zazue/El Corte Inglesa”, bota zuen Aimar eibartarrak, eta Oihanak, erantzun: “hara joango gara/ kuartelan ondoren”.

Koplatan eta bakarka aritu eta gero puntuazioen ordua heldu zen. Ez ziren bat etorri epaimahaia eta publikoa. Epaimahaiak Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal aukeratu zituen, eta herriak, Jon Mikel Mugika eta Aimar Goenaga.

Buruz burukoan hamarreko txikian aritu ziren Unai Mendizabal eta Aimar Goenaga eta Bakarkako lanetan Oihana Iguaran eta Jon Mikel Mugika. Hamarreko txikiko gaia oso nahaspilatsua izan zen eta nahikoa egin zuten bertsolariek. Bakarkakoan, autogestioa eta kataia hitzei kantatu zieten Oihanak eta Jon Mikelek. Hona eibartarrak botatako bigarren bertsoa: “Kate batekin lotuta gaude/besterik ezin da entzun, ta kate horren bueltan guztia/ikus dezakegu ilun, asko kartzelan ditugu eta kanpoan mila ezagun, baina egoera berri bat ere/badugu hemen gaur egun. Espainiakin lotzen gaituen/katea hautsi dezagun”.

Horixe izan zen azken mezu serioa. Ondoren agurrak eta bertsolarien komentarioak. Gehienak pozik zeuden egindako lanarekin. Giro beroagoa espero zuen hainbatek, baina denak gustura gelditu zirela zioten.

Puntuazioak
Unai Mendizabal-Oihana Iguaran 197 puntu (finalerditara zuzenean sailkatuak)
Aimar Goenaga-Jon Mikel Mugika 192,5 puntu
Josu Oiartzabal (Xenpelar)-Jon Gurrutxaga 189 puntu
Hodei Irigoien-Imanol Lizarazu 162 puntu

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri