Arabako Eskolartekoa festa giroan amaitu zen larunbatean Legution. Goizean umeak izan ziren protagonista eta arratsaldean helduak. Txapelketa formatoa, Nafarroan eta Iparraldean bezala, helduetan soilik aplikatu da Araban ere. Peru Abarrategi aramaioarrak jantzi zuen txapela eta Iñaki Tena gasteiztarrak ere Euskal Herrikorako txartela lortu zuen.
Larunbatean izan zen Arabako Eskolarteko bertso festa Legution, txikietatik hasi eta handietara, bat-batean zein sortetan, denek izan zuten parte hartzeko, elkar pixka bat gehiago ezagutzeko eta ikasturtean zehar ikasitako erakusteko aukera. Goizean goizetik Legutioko Kultur Etxean ekin zioten lanari. Bat-batean eta bertso sorta kolektiboak kantatuz aritu ziren Gasteiz, Mendialdea, Lautada eta Aramaioko 30 haur. Bertso-eskolatik oholtza gainera saltoa ez da makala, baina urduritasuna alde batera utzi eta gozatu eta gozaratzeko gai izan ziren Arabako bertso-eskola guztietatik etorritako 80 haur, gazte eta gurasoen aurrean. Nabarmentzekoak izan ziren hasi berriak izan arren, zenbaitetan asmatu ez arren, erakutsi zuten freskura eta ausardia. Hamaiketako batekin amaitu zuten goizeko txanda bertaratutako guztiek. Haurrek irribarrea ahoan, talde bakoitza kurtso amaierako merendola egiteko beharrezkoak diren gauza guztiak biltzen zituen saski dotore batekin joan zen etxera. Legution kantatu ostean, Euskal Herriko txapelketan parte hartzeko gogoa adierazi duten herri ezberdinetako haurrek taldea osatuko dute datorren asteotan, astelehenetan 18:00etan Gasteizko Amaia zentroan bilduko dira, elkarrenganako konfiantza sakondu eta Orioko finaleko festa egunean egin beharrekoak egoki prestatzeko.
Eguerdian bertso poteoaEguerdian gazteen txanda izan zen, Murgia, Izarra, Legutio, Aramaio, Agurain, Zalduondo, Gasteizko bertso-eskoletatik hurbildutako 40 gaztek bertso poteoa egin zuten herriko kale eta tabernetan. Elkarri ziria sartuz, elkarrekin barre eginez, umore onarekin egin zioten aurre eguraldi kaxkarrari. 14:00etan Herriko frontoian bazkari herrikoia zuten zain eta ez zuten asko iraun isilik eta geldirik. Postrea amaitzerako zorroetatik ateratako soinu, pandero eta gitarrek,
bazkalosteko dantza-plaza eta kantuei bidea zabaldu zieten. Giro horretan eta elkarrekin heldu
zen gazte talde oparoa Legutioko Kultur Etxera. 16:30etan gaztez bete zen aretoa eta ikusleek
berehala egin zuten bat egun osoan zehar kalea eta giroa animatzen aritutako bertsoeskoletako partaideen berotasunarekin .
Eskolartekoan, Peru Abarrategi eta Iñaki Tena, Euskal HerrikoraArratsaldeko saioa Murgia, Izarra eta Legutioko bertso-eskoletako bertso sorta umoretsu eta dotoreek zabaldu zuten, giroa hasieratik pil-pilean jarriz. Jarraian, Gasteiz, Zalduondo eta Aramaioko kanporaketetan sailkatutako 6 gaztek Eskolarteko txapelketako finalari egin behar
izan zioten aurre. Oholtza gainean izan ziren Maddalen Arrausi eta Iñaki Tena gasteiztarrak, Sabin Aranburu eta Peru Abarrategi aramaioarrak, Egoitz Iradier zalduondoarra eta Jon Unai Aspe Aguraindarra. Bakoitzak beretik ahal zuen onena eman ondoren, guztiek izan zuten aipamen berezi bat umorez betetako sari banaketan. Iñaki VIñaspre eta Ander Solozabalek opari xelebrez betetako poltsa zabaldu eta errimatutako esaldiz lagunduta entzuleen barre algarak piztu zituzten. Iñaki Tena gasteiztarrak bigarren postua lortu zuen eta Peru Abarrategi aramaioarrak aldiz txapela. Horrekin batera Euskal Herriko eskolarteko txapelketarako txartela ere eskuratu zuten.
Legutioko festa eguna BERTSO TABERN-ekin dantza, kantu eta saltoka amaitu zuten gazteek.
Amaiera bikaina eman zioten eguraldi txarra alde batera uztea lortu zuen egun politari.