Gaur egun, krisia nabaritu arren, Lankuren egoera ona delakoan dago, bereziki lan-taldeari esker. Etorkizunera begira gauzak "ondo" egiten jarraitu nahiko luke.
Krisi hitza asko aipatzen da, eta Mikel Mariskalen iritziz, bertsolaritzak ere nabaritu du: "Kontutan hartu behar dugu kontratazioak normalean udaletxe edo kultur programatzaileen bidez egiten direla, eta hor murrizketa handiak daude. Iazko datu batzuk begiratuta, Euskal Herri mailan %25eko jaitsiera egon zen jaialdi kopuruetan. Baina gu ohituta gaude larre motzean aritzera eta egokitu beharra daukagu. 8 bertsolariko jaialdia egiten zuenak 6 hartuko ditu, edo 4... Zenbait kasutan hori neurtu egin behar da. Emanaldi berezietan ere hori gertatzen da: formatu handiek aurrekontu handia eskatzen dute. Horretaz garaiz egin genuen hausnarketa Lankuko lan-taldean eta hortik planteatu genuen egingo dela baina gauza horiek neurtu egingo ditugula aurrekontuak doitu egin behar direlako. Hobe da aurrekuntua doitu eta bi egitea zero baino".
Gaur egun, hala ere, Lanku egoera onean dagoela dio: "Azken bi urteetan lan-taldeari dagokionez egokitzapen bat egon da halabeharrez. Ondo kokatuta gaude. Antolatzaileei fakturaz gain emanaldiaren ondoren balorazio-orri bat bidaltzen diegu guretzat garrantzia handia daukalako antolatzailea mimatzeak eta balorazio onak etorri ohi dira. Egokitze honetan oso lan-talde potentea osatu dugulakoan nago, eta horrelako enpresa txiki batean gauzak taldean egiten ez badira jai dugu eta horretan asmatu dugu".
Hamar urteotako ibilbidea baloratzeko eskatuta, hauxe Mikel Mariskalen iritzia: "Ikasketa-prozesu bat izan da hau. lehenengo erreflexio bat egiten jarri ginen ea Elkarteek halako enpresa bat behar zuten, eta abian jarri arren beti bazeuden zalantzak eta kontuak. Nik uste dut momentu honetan ibilbideak markatzen digula ondo gabiltzala, gaur egun gauza horiek denak egiteko oso ondo kokatuta gaudelako, beste zenbait arte-diziplinetan gertatzen ez den bezala. Hor ondo kokatuta gaude eta hortik beste zerbait egitera abiatzeko lekuan gaude".
Etorkizunean gauzak "ondo" egiten jarraitzea litzateke erronka: "Argi daukagu antolatzaileak, Elkarteak eta bertsolariak, hau da, gure erabiltzaileek ezinbestekotzat hartu gaituzte. Ondo kokatuta gaude, ikasi dugu gauzak egiten eta une honetan buruan daukaguna da gure esperientzia eta baliabideak eskaini behar dizkiogula gainerako euskal kulturan dabiltzan elkarte txikiei. Bertsolaritzaren inguruko mugimendu osoa hartzen badugu elkarte asko dauzkagu. Badaude batzuk txikiak direnak, langile bakarra daukatenak... Ez daukate guk daukagun gaitasuna. Hortik joan beharko genuke.
Nik ematen dut aurpegia baina aurpegi bat besterik ez naiz. Garrantzia daukana da atzean lan-talde bat dagoela kudeaketa-lana zorrotz egiten duena eta proiektu batean sinesten duena. Lanku enpresa bezala beste enpresetatik bereizten bada da oso ondo txertatua dagoelako proiektu batean: bertsolaritzaren proiektuan. Edozer egiten dugula ere kontutan hartzen dugu proiektu horretan kokatzea eta hor Elkarte guztiek dauzkaten aurrera begirako proposamenetan ondo kokatuta egotea".