Markinan jokatu zen finala 2013-06-10

Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal irabazle Plazatik Gaztetxeran

Oihana Iguaran amasarrak eta Unai Mendizabal zizurkildarrak irabazi dute 2013ko Plazatik Gaztetxera Bertsolari Gazteen Txapelketa. Buruz burukoa Josu Oiartzabal Xenpelar eta Jon Gurrutxaga azpeitiarren kontra jokatuta lortu zuten txapela janztea. Hirugarren Maddi Ane Txoperena eta Paula Amilburu sailkatu ziren; eta laugarren, Malen Amenabar eta Txaber Ormazabal.
Oihana Iguaran amasarrak eta Unai Mendizabal zizurkildarrak irabazi dute 2013ko Plazatik Gaztetxera Bertsolari Gazteen Txapelketa. Buruz burukoa Josu Oiartzabal Xenpelar eta Jon Gurrutxaga azpeitiarren kontra jokatuta lortu zuten txapela janztea. Hirugarren Maddi Ane Txoperena eta Paula Amilburu sailkatu ziren; eta laugarren, Malen Amenabar eta Txaber Ormazabal.

Bete-bete egin zen Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxea larunbat gauean. Giro itzela piztu zen hasieratik, eta amaierara arte, bertsolarien eta bertsozaleen artean sekulako berotasuna somatu zen.

Gorka Ostolaza Potxis markinarrak aurkeztu zuen saioa. Gazte asanbladan jarritako gaiei ahotsa jarri zien.

Agurren ostean, saio puntuagarriarekin hasi ziren bertsolariak. Zortziko handian Markina-Xemeinera joandako euskaldun berrien paperean hasi ziren Txaber eta Paula. Ostean, Jonek eta Unaik 30 urte herritik kanpo egondako iheslarien paperetik kantatu zuten. Ale politak bota zituzten ofizio horretan.

Zortziko txikian umearen udalekuetako batzarrera joandako gurasoaren paperetik kantatu zuen Maddi Anek. Baina bilerara heldu eta Xenpelar hezitzailea ikusita umea bidali edo ez zalantza sortu zitzaion. Saio bizia eskaini zuten bertsolariek. Bestetik, aspaldi klase berean ibilitako Oihana ikasle fina eta Malen kolperik jo ez zuena Inem-eko iladan topatu ziren momentua jarri zuten gaitzat.

Kopletako ariketa etorri zen ostean. Eta horren atzetik, bakarkako ariketa. Wert ministroaren aurrean jarri zen Txaberrek eskua ukatu egin zion; ingurumen zinegotziaren paperetik Maddi Ane; sarekada bateko izenen zerrenda heldu zaion kazetaria Jon; eta lehen gazte asanbladan ibilitako Oihana 20 urteren ostean gaztetxean sartu zen. Ale politak laga zituzten bakarkakoan, eta bereziki, Maddi Aneren eta Jonen lanek jaso zituzten txalorik gehien.

Lehenengo zatia horrela amaitu zen. Publikoak botua eman bitartean puntuka aritu ziren bertsolariak. Eta epaileek eta bertsozaleek bat egin zuten buruz burukora pasatzeko bikotea aukeratzerakoan: Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal. Horregatik, epaileek bigarren puntuaziorik altuena eman zioten bikotea pasatu zen Oihana eta Unairekin batera: Jon eta Josu.

Hasteko, hamarreko txikiko lana egin zuten. Unaik eta Xenpelarrek egin zuten ariketa: "Alderdi politiko desberdinetako zinegotziak zarete. Osoko Bilkuran zaudete, eta halako batean, Xenpelarrek esku bat sentitu du mahaiaren azpitik". Oso ariketa dotorea eta osoa eskaini zuten. "Esku luzea duzu zentzu guztietan" hasi zen Xenpelar, eta "Len e´esan genion alderdiko bati, gure eskua izango zenutela beti" jarraitu zion Unaik. Baina gero ados jartzen joan ziren, eta plenotik kanpora geratuko zirela adostu zuten: "Gure lan eta kezkak aparte utzita, egin dezagun biok gure politika", bota zuen Xenpelarrek, eta "Jarri nahi det eskua hanka arte erdin, zure fideltasuna egin nahi nuke zin", amaitu zuen Unaik. Bizi eta dotore kantatu zuten bi bertsolariek.

Hamarreko txikiaren ostean irudi bati kantatu behar izan zioten. Jon Gurrutxagari eta Oihana Igurani argazkia eman zizkioten bertsoak osatzeko. Biek osatu zituzten ariketa politak. Nabarmentzekoa Oihanaren lehenengo bertsoa.

Horrela, puntuazioak batu, eta txapeldunen izenak bota zituen gai jartzaileak: Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal.

Sariak emateko Markina-Xemeingo Gazte Asanbladako eta Mutrikuko Gazte Asanbladako kideak egon ziren Plazatik Gaztetxera antolatzen duten beste asanblada guztien izenean: Deba, Mendaro, Soraluze, Eibar, Elgoibar, Mutriku eta Markina-Xemein. Bertsolariek saria jaso zuten, eta txapeldunek, ondo merezitako txapela.

Bertsolarien agurrekin amaitu zen saioa. Opari moduan jasotako makilak erabiliz, Santa Ageda doinuan eta makilekin lurra joz kantatu zuten txapeldunek agurra. Txapelak publiko artera botaz eta publikoari txalo joz eskertu zuten saria txapeldunek.


Puntuazioak
Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal: 311´5 (buruz burukoa kenduta 203,5)
Josu Oiartzabal Xenpelar eta Jon Gurrutxaga: 291,5 (buruz burukoa kenduta 189,5)
Maddi Ane Txoperena-Paula Amilburu 178
Malen Amenabar eta Txaber Ormazabal 164,5

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri