Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Julio Soto, Iker Zubeldia eta Jexux Mari Irazu aritu ziren kantuan Amaia Otxotorenaren esanetara. Frontoia jendez bete zen eta kanpotik ere bat baino gehiago aritu zen saioa jarraitzen. Bertsoaldi onenak gaur eguerdirako Bertsoa.com-en.
Orain dela aste gutxi inauguratu zuten Ereñotzuko frontoi berria, San Antonio jaiak hasi aurretik. Eta aurtengo jaietan probetxu ederra atera diote. Tartean, urteroko bertso-jaialdia ere bertan egin zuten. Honako bost bertsolari hauek atera ziren jendaurrera igandean, iluntzeko 19ak pasatxoan:
Unai Iturriaga Maialen Lujanbio Julio Soto Iker Zubeldia Jexux Mari Irazu
Amaia Otxotorena aritu zen gai-jartzaile lanetan. Frontoiak itxura ederra hartu zuen saioa jarraitzeko eta kanpotik ere entzule bat baino gehiagok entzun zuen bertso-saioa. Orokorrean umoretik dezente izan zuen saioak. Hala, hasteko, herriko jaietan inoiz baino jende gutxiago dabilela eta nork bere herrikoetara joateko jendea konbentzitzeko eskatu zien Amaia Otxotorenak bost bertsolariei. Elkarri zirika aritu ziren bostak. Bertsoaldi honetako ateraldiek saio osorako jokoa eman zuten.
Jexux Mari Irazuk eta Maialen Lujanbiok serioago kantatu behar izan zuten segidan. Aste honetan gertakari bat baino gehiago izan da euskal politikagintzan: Bake Planaren aurkezpena, atxiloketak, Miarritzeko Iheslarien Ekitaldia... Baina, prozesua aurrera doa edo ez? Sakon aritu ziren bi bertsolariak.
Julio Sotok eta Unai Iturriagak gai arinagoa izan zuten kantagai: aurten Realak futbolean denboraldi borobila osatzen du. Osasuna eta Atlhetic juxtuago ibili dira. Nola ikusten da Bizkaitik eta Nafarroatik Realaren denboraldia? Umoretsu erantzun zioten gaiari.
Maialen Lujanbiok eta Iker Zubeldiak ere umorerako aukera izan zuten. Eguraldi mapako bi ikur dira biak: Maialen eguzkia eta Iker, berriz, hodeiak eta euria. Egoera politikoarekin lotu zuten gaia eta asmatu egin zuten, entzuleek gogotik txalotu baitzituzten egindako loturak.
Ondoren, Unai Iturriagak lehenengo bakarkakoa osatu zuen. Hiru izen eman eta ipuin bat osatzeko eskatu zion Amaia Otxotorenak: Yolanda Barcina, San Mamesko lehoia eta Juan Carlos Borboikoa. Ariketa zaila izan arren irudimenez eta umoretsu osatu zuen ariketa durangarrak.
Julio Sotok eta Iker Zubeldiak ofiziotan kantatu zuten gero. Zegama-Aizkorri-Zegama mendi maratoian parte hartu nahi du Juliok eta Ikerren etxera joan da lehiarako eremua ikuskatzera. Astebete darama bertan eta oraindik ez da korrika egitera atera. Elkarri zirika osatu zuten bertsoaldia.
Unai Iturriagak, Maialen Lujanbiok eta Jexux Mari Irazuk ere umoretik eta ziritik ekiteko aukera izan zuten ondoren. Gaztetan elkarrekin asko ibilitakoak dira hirurak, garai batean gaztediaren erreferente. Orain, ordea, gauzak zertan aldatu diren galdetu zien Amaia Otxotorenak. Bertsoaldi borobila osatu zuten kopletan.
Iker Zubeldiak atzekoei kantatu zien segidan. Telebistan modan daude famatuen etxeak erakusten dituzten programak. Atzekoen etxeak nolakoak diren azaldu behar izan zuen zegamarrak, eta ederki asmatu zuen. Atzekoek ere neurri berean erantzun zioten.
Julio Sotok eta Jexux Mari Irazuk bizi erantzun zituzten Amaia Otxotorenak jarritako puntuak gero, eta Unai Iturriagak eta Iker Zubeldiak ariketa polita osatu zuten ofiziotan. Iker txuletaz beteta joan da azterketara, eta Unai irakaslea ikasleak banan bana erregistratzen hasi da.
Maialen Lujanbiok arratsaldeko bertsoaldi txalotuenetako bat osatu zuen gero bakarka. Donostiako jatetxe batera joan eta hiru hizkuntzatan atera diote karta: gazteleraz, ingelesez eta frantsesez. Euskararen egoeraz kezkatuta kantatu zuen hernaniarrak.
Baina arratsaldea ezin zen frontoi berria aipatu gabe bukatu eta horretarako aukera eman zien Amaia Otxotorenak Jexux Mari Irazuri eta Iker Zubeldiari. Semearekin pilotan jokatzera joan da Jexux Mari. Iker zain dago, bi ordu daramatza eta aspertzen hasi da jada. Aurreko bertsoaldietako erreferentziak erabiliz bertsoaldi polita atera zitzaien.
Bukatzeko, Jexux Mari Irazu, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga puntutan aritu ziren. Horrela borobildu ziren Ereñotzuko San Antonio jaiak.