Larunbatean izango da finala Orioko Karela kiroldegian. Gaur aurkezpenean izan dira Amaia Dorronsoro alkateordea, Miren Irigoien Bertsozale Elkarteko Transmisio Arduraduna eta Juanjo Respaldiza Ikastolen Elkarteko ordezkaria.
Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketak 25. edizioa izango du larunbat honetan. Ibilbide luze horretan hainbat geltokitan izan da: Mungian, Altsasun, Agurainen... Aurtengoan Orion izango da lehenengoz. Gaur egin dute aurkezpen prentsaurrekoa Orioko udaletxean eta bertan izan dira Amaia Dorronsoro alkateordea, Juanjo Respaldiza Ikastolen Elkarteko ordezkaria eta Miren Irigoien Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Transmisio Arduraduna.
Juanjo Respaldizak nabarmendu du 25 urteko ibilbide horrek lan handi bat daukala atzetik "herriz herri, ikastetxez ikastetxe eta bertso-eskolaz bertso-eskola" egin dena. Miren Irigoienek ere ibilbide honetan Eskolartekoak betetako funtzioak nabarmendu ditu "urte osoan egindako lana erakusteko eta bertso-eskolan lanean jarraitzeko tresna" bezala. "Data seinalatua" dela esan du eta larunbateko ekitaldiak "topagune eta festa" izan behar duela. "Herrialde ezberdinetako gaztetxoak ariko dira hitzekin jolasean. Errealitate soziolinguistiko eta kultural oso ezberdinetako gazteak elkarrekin ikusiko ditugu".
Amaia Dorronsorok azpimarratu du herrian gutxitan izaten dituztela "nazio proiekzioa" duten proiektuak eta honako hau hala dela. "Administrazioak herri mugimenduari lagundu" egin behar diola esan du eta Errikotxia bertso-eskolak Orion egiten duen lana aipatu du. Horrez gain, Patxi Etxeberria bertsolari oriotar beteranoa larunbatean sari-banaketa ekitaldia izango dela esan du.
Egun osorako plana
Egun osorako plana izango da larunbatean Orioko Karela kiroldegian. Bi kategoriatako finalak izango dira. Goizeko 11etan gaztetxoena izango da, taldeka. Honako talde hauek ariko dira bertan:
-Ekialdeko taldea (Bizkaia): Iruri Altzerreka (Garai), Antxon Urguen (Gernika), Beñat Bilbao (Gernika) eta Bittor Altube (Abadiño) -Zarauzko taldea (Gipuzkoa): Ione Makazaga (Zarautz), Irati Tolosa (Zarautz), Ane Peñagarikano (Zarautz) eta Libe Goenaga (Getaria) -Leitzako taldea (Nafarroa): Xabat Ilarregi (Leitza), Oiher Altzelai (Leitza) eta Joanes Ilarregi (Leitza) -Arabako taldea: Beñat Cano (Dulantzi), Unai Etxenausia (Aramaio), Mikelats Jausoro (Ozeta), Aroa Arrizubieta (Gasteiz), Ibai Martin (Gasteiz), Lexuri Gonzalez de Heredia (Gasteiz), Ainhoa Barrio (Gasteiz), Aitor Ugarte (Aramaio) eta Martin Abarrategi (Aramaio) -Kanbo-Xalbadorreko taldea (Iparraldea): Oier Urreizti (Bidarrai), Hodei Renteria (Baiona) eta Julen Bellan (Baiona)
Kategoria honetan honako ariketa hauek egin beharko dituzte:
-Taldeka agurra, aldez aurretik prestatuta -Lau oinak emanda, bi taldekidek 8ko txikian/handian bertso bana -Bukaera emanda, taldekide batek bertso bat 8ko handian -Gaia emanda, taldekide batek 8ko handiko/txikiko bertsoa edo kopla -Bukaerako agurra (aukerakoa izango da)
10 bertsolari gazteen mailan
Bazkalostean, 15:30etan, hasiko da gazteen finala. 15 eta 18 urte bitarteko 10 bertsolari ariko dira kantuan:
Peru Abarrategi (Aramaio) Iñati Tena (Gasteiz) Txaber Altube (Abadiño) Ander Gerrikaetxebarria (Zornotza) Mikel Iturriotz (Urretxu) Gemma Urteaga (Beasain) Ortzi Murua (Azkaine) Aitor Servier (Azkaine) Mikel Lasarte (Barañain) Maddalen Lopez (Lesaka)
Honako ariketa hauek egin beharko dituzte finalean:
Larunbateko finalean Xabier Sukia ariko da aurkezle lanetan. Epaileak, berriz, honako hauek izango dira: Ekaitz Elorriaga (Araba), Gorka Intxaurbe (Bizkaia), Ainhoa Mujika (Gipuzkoa), Joakin Arregi (Lapurdi), Beñat Soulé (Baxenabarre) eta Mikel Beaumont (Nafarroa). Maiteder Sasieta izango da idazkaria. Saio eta saio artean bazkaritarako aukera izango da. Tiketak bertan eskuratu ahal izango dira. 200 bat lagunentzako lekua izango da.
Aldaketa sakonak etorkizunean
Gaurko prentsaurrekoan 25 urteotako ibilbidearen balioa azpimarratuta, Miren Irigoienek azaldu du etorkizunean Eskolartekoaren funtziotan "sakondu" nahi dutela. Hala, eragile askoren ekarpenak jasota etorkizunerako diseinua osatzeko lanetan aritu dira azken hilabeteotan. 2014an jarriko da martxan diseinu berri hau, "bultzada" emateko asmoz.