AMHER Hernaniko Elkarteko Multikulturalak antolatuta, herrialde ezberdinetako inprobisatzaileak elkartu ziren astelehenean Hernanin. Maialen Lujanbio bertsolaria, Marta Suint (Argentina) eta Jose Curbelo (Uruguay) payadoreak eta Yeray Rodriguez (Kanariar Irlak) trobadorea Ner Suarez gitarra-jolearen laguntzaz.
AMHER Hernaniko Elkarte Multikulturalak saio berezia antolatu zuen joan zen astelehenean. San Juanak garai bereziak izaten dira Hernanin, familiak eta koadrilak elkartzen direlako. Kultura ezberdinetako hernaniarrak elkartzeko aitzakia ederra zela pentsatuta eta inprobisazioa ardatz hartuta, leporaino bete zen Biteri Kultur Etxea. Bertan lau inprobisatzaile aritu ziren: Maialen Lujanbio bertsolaria, Jose Curbelo (Uruguay) eta Marta Suint (Argentina) payadoreak eta Yeray Rodriguez (Kanariar Irlak) trobadorea. Azken honek Ner Suarez gitarra-jolea izan zuen laguntzaile.
"Emigrazioari oso lotua dago"
Yeray Rodriguez trobadorea hasi zen Kanariar Uharteetako inprobisazio kantatuak dauzkan ezaugarriak azalduz: "Tradizio hau maite duen lur batetik gatoz. Emigrazioari oso lotua dago, eta hori da gaur hemen elkartu gaituena. Pentsa ezazue gu kantatzen ari garen generoari "Punto Cubano" deitzen zaiola, eta ez zaio hala deitzen kasualitatez; melodia hau eta kantatzeko modu hau Kubako uhartean ikusten ditugu. Ondoren itzuli ziren gure emigranteak, indiano ezagunak, izan baitziren kantatzeko modu hau, amesteko modu hau ekarri zituztenak. Ondoren sustraitu egin da tradizio hau, eta hainbeste sustraitu denez gure soinu paisaiaren parte da orain dela hamarkada askotatik. Hori da gaurko emanaldiarekin lotzen gaituena".
"Isilik daudenen hitza"
Marta Suintek Argentinako payadoreen esperientzia ekarri zuen: "Rio de Platako inprobisazioaren jatorria lurreko herri guztienaren antzekoa da, hain zuzen ere hitza izan delako gizakien komunikaziorako lehenengo tresna. Gure inguruan, Panpa erraldoian, jendearen analfabetismoak eta liburuetara iritsi ezinak behartu zuen gizakia kantu bat sortzera. Konkista deitu zioten horretan eramandakoak ez zion erantzuten gure lurreko gizakiak ikusten zuenari. Gauchoak, irakurtzeko ezintasunak hartaratuta, kantu bat asmatu zuen. Etapa ezberdinak izan zituen, une ezberdinak, eta hala dauzka orain ere, baina misioa beti izan da bera: isilik daudenen hitza izatea, baztertuenek jasandako injustiziak salatuko dituen hitza izatea. Min handiena eman diguten une historikoak gogoratzen ditugu; ez da beharrezkoa zuei gogoraraztea Argentinaren historia tristea 30 000 desagertu baino gehiagorekin diktaduraren garaian. Payadoreoi egokitu zaigu hiltzen zutenei gogoraraztea justizia behar zela eta akusatuak aulkian jartzea. Hori da payadorearen misioa: herriaren ahotsa izatea".
"Bagenekien hemen bertan ere bazirela inprobisatzaileak"
Jose Curbelok ere bide beretik jarraitu zuen payadoreen izaera azaltzen: "Zuen bertsolarien misio eta sustrai berdinak dauzka. Hori izan da Rio de Platako payadoreen historia, eta halaxe deitzen zaie Txilen eta Brasilen hegoaldean. Halaxe deitzen zaio bere jendeari eskainiko dizkion hitzak konposatu ahala inprobisatzen dituenari. Galdera zen ea bagenekien bertsolarien berri. Uruguain berezitasun bat daukagu: bertan bizi izan zen ez dakit zenbat urtez zuen lurrean oso sustraitua dagoen gizon bat, zuen kantu hori hara eraman zuena: Jose Mari Iparragirre. Berak eraman zuen, hemendik esnegintzaren industrian lan egitera joandako emigrante guztiez gain, bertsolarien eta zuen kantuaren memoria. Horrez gain, bagenekien hemen bertan ere bazirela inprobisatzaileak, bertsolari deitzen zitzaienak. Guretzat ohore bat da hau konpartitzea. Kanariarrak ere ezagutzen nituen, haien ondorengoa naiz ni gainera. Oso ederra da hemen egotea munduko txoko ezberdinetako familiak elkartzeko; ezberdintasunek bereizi beharrean aberastu gaitzaten, gauza positiboak ekarriz mundu hau azkenean bake eta justiziaren mundua izan dadin. Eskerrik asko ekimen honengatik".