"Orain nekatuta nago. Bi hilabete iraun du txapelketak, eta lan asko egin dut. Orain atseden hartu eta gogotsu joango naiz Euskal Herrikora".
Julio Soto bigarren gelditu zen larunbatean Nafarroako Txapelketan. Sentsazio "gazi-gozoak" dauzka: "Alde batetik txapela gertu eduki nuela sentitzen dut, eta horrek pena ematen dit. Baina, bestetik, oso pozik nago txapelketa bere osotasunean hartuz gero". Askok faboritoen zerrendan sartzen zuten finalaren aurretik. Dena den, bere helburua ez zen txapela lortzea: "Euskal Herrikorako txartela lortu nahi nuen. Banekien nire mailan ibiliz gero goian egongo nintzela, baina Silveira ere hemen zen. Txapelaren aukera baztertua neukan". Saioaren aurretik ez omen zegoen urduri. "Tentsio puntu bat neukan, baina normala da. Eta hori ona da bertsotarako".
8ko handian ofizioka hasi ziren bertsolariak. "Normalean gozatzea kosta egiten zait, baina larunbatean aulkian eseri eta "ondo hasi gaituk" pentsatu nuen. Horrek motibatu egin ninduen. 8ko txikian gauzak alderantziz joan ziren, ordea. Bigarren bertso polita bota nuen eta hirugarrenean erantzun bat joan zen, baina ez nintzen asebete. Puntu erantzunetan, berriz, atzean eseri eta "bueno" pentsatu nuen. Erantzun hobeak askotan bota izan ditut". Sei puntuko motzean mikrofonoarekin arazoak izan zituzten bertsolariek, eta lehenengo bertsoa mikrofonorik gabe kantatu behar izan zuen. "Mikrofonorik gabe kantatu nuen bertsoa polita izan zen, baina, ondoren, arazo teknikoekin-eta deskonzentratu egin nintzen eta bigarren bertsoan ez nuen pentsatutako bukaera bota". Hala ere, saioan zehar "erregular" ibili zela dio, eta horrek eman ziola desenpatean kantatzeko aukera.
Bakarkako lanean "asko gozatu" zuela dio. "Gaia entzun eta berehala etorri zitzaidan ideia. Pena da bukaeran hirugarren bertsoa itsusitu egin zela. "Goizero-goizero" kantatu nahi nuen, baina nahastu eta "egunero-egunero" kantatzen hasi nintzen. Azkenean, moztu eta "eunero-egunero" kantatu behar izan nuen". Bakarkakoaren ondoren bere burua ez zuen desenpatean ikusten. "Silveirak oso saio ona egin zuen. Banekien goian nengoela, baina ez neukan hain garbi. Izena entzundakoan sekulako "subidoia" sentitu nuen gorputzean."
Hamarreko txikiarekin hasi zen desenpatea, eta hirugarren bertsoan poto egin zuen Juliok. "Egia esan, ez nintzen potoarekin konturatu. Bertsoa hasterako garbi neuzkan bost errimak, baina "irmoa" esan beharrean "erritmoa" kantatu nuen. Saioa bukatu aurretik esan zidaten potoarena. Pena da, baina hamarreko txikian asko gozatu nuen; oholtza baten gainean gehien gozatu dudan saioa izan zen".
Behin lanak bukatuta, ez zuen hain garbi ikusten nor ote zen txapeldun. "Itturrik esan zidan potoarena, baina bera ere ez zegoen hain seguru. Une horretan pentsatzen nuen potorik egin ez banu txapela nirea izan zitekeela, baina potoarekin banekien Silveirak eramango zuela".
Behin Nafarroako Txapelketa bukatuta, Euskal Herriko Txapelketara begira jarria dago Julio Soto: "Orain nekatuta nago. Bi hilabete iraun du txapelketak, eta lan asko egin dut. Orain atseden hartu eta gogotsu joango naiz Euskal Herrikora".