Nafarroako txapeldun seigarrenez 2009-03-24

Xabier Silveira: "Txapela arriskuan ikusi nuen"

Xabier Silveira: "Txapela arriskuan ikusi nuen"
"Juliok kartzelan poto egin zuen, eta ez nuen buruz burukoa jokatu beharko zenik uste". Maila "ona" izan zen bere ustez.
 Xabier Silveirak irabazi du aurtengo Nafarroako Txapelketa. Larunbatean jokatu zen finala Elizondoko Lur dantzalekuan. Seigarren txapela da lesakarrarentzat. Dena den, orain ez dauka berriro ere finalera begira jartzeko gogo handiegirik: "ikusten dut maila ona izan zuela, eta, zorionez, nik irabazi nuen".

 Zortziko handian eta txikian ofizioka aritu ondoren, bina punturi erantzun zieten bertsolariek. Ondoren, kopla bikoitz hautsian binaka kantatu zuten berriz. Azkenik, kartzelako gaiari hiruna bertso kantatu zizkioten. "Besteen saioak entzun nituen, eta kartzelako lanik gehienak ere bai. Juliok kartzelan poto egin zuen, eta ez nuen buruz burukorik izango zenik uste". Dena den, azkenean Juliorekin aritu behar izan zuen Silveirak buruz burukoan. "Banekien Euskal Herrikorako sailkatuta nengoela, eta, gainera, bakarkako lanaren ondoren saioa bukatutzat emana nuen. Beraz, desenpatea jokatuta txapela arriskuan jartzen nuela pentsatu nuen hasieran". Buruz burukoan sartzeak bazuen beste saririk, ordea: Euskal Herriko txapelketa nagusirako txartela. "Horrek ez zidan eragin, ez nintzen gehiegi lasaitu horregatik. Behin hori lortuta, ez neukan zer galdurik".

 Desenpatean bi lan egin behar izan zituzten Juliok eta Xabierrek: 10ko txikian ofizioka hiruna bertso kantatu eta, ondoren, bakarka gai bati bina bertso. Atzo Garari eskainitako elkarrizketan zera zioen Xabierrek: "Giroak irentsi egin zuen (Julio). Ni ere irentsi ninduen, baina kartzelakoa parean etorri zitzaidan". Xabierrek dioenez, "10ko txikiko azkeneko bertsoa tokiz kanpo zegoen. Deskonzentratu egin nintzen. Zorionez 5 bertso baino ez ziren kantatu behar desenpatean". Giroak "irentsi" egin zuen, beraz, bera ere. "Nik uste dut nabarmena izan zela: Bakarka biok bizitzen ari ginen une horri kantatu genion; horrek adierazten du gu hor geundela".

 Bakarkako lan horretan zera esan zuen Xabierrek: epaimahaikoei kantatu beharrean publikoari kantatu nahi diola. Bien artean aldea ikusten du Silveirak. "Gipuzkoako Txapelketako finalean, txalo gehien Zubeldiak jaso zituen, baina baita puntu gutxien ere. Bertsotan nabilen 18 urte hauetan ikasi dut ahal den herri gehienetan kantatzeko helburua izan arren, txapelketetarako beste bertsokera bat ezagutu eta landu behar dela".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri