Irailaren 29an Villabonan hasi eta abenduaren 15ean Barakaldon bukatu arte, 14 saiotan ariko dira 43 bertsolari. Bertsolaritzaren zabaltasun eta dinamismoaren isla izan nahi du aurtengoak.
Lau urtetik behin bertsolaritzaren mugimenduari eragiten dio Txapelketa Nagusiak. Udazkenean abiatuko da 2013ko edizioa. Muina bertsogintzan jarrita, 43 bertsolari, 14 gai-jartzaile, 16 epaile eta dozenaka bertsozalek hartuko dute aurtengo edizioan parte. Aurten, lau aldiz txapela jantzitako Andoni Egañak ez du parte hartuko. Dena den, orain dela lau urte finalean aritu ziren gainerako zazpi bertsolariak bertan izango dira.
36 bertsolari kanporaketetan
36 bertsolarik ekingo diote Txapelketa Nagusiari kanporaketetan. Denera sei bertsolariz osatutako sei saio jokatuko dira:
IRAILAREN 29an, IGANDEZ Villabonako Behar-Zana pilotalekuan, 17:30etan Iker Zubeldia Odei Barroso Alaia MArtin Fredi Paia Jon Martin Nerea Elustondo
URRIAREN 5ean, IGANDEZ Markina-Xemeingo Udal pilotalekuan, 17:30etan Agin Laburu Arkaitz Estiballes Beñat Ugartetxea Eneko Fernandez Jone Uria Onintza Enbeita
URRIAREN 12an, LARUNBATEZ Hendaiako Beltzenia ezker-paretan, 17:30etan Amaia Agirre Felix Zubia Iban Urdangarin Iñaki Apalategi Iñaki Zelaia Julio Soto
URRIAREN 13an, IGANDEZ Altsasuko Burunda pilotalekuan, 17:30etan Beñat Gaztelumendi Erika Lagoma Jexux Mari Irazu Oihane Perea Unai Agirre Xabier Silveira
URRIAREN 19an, LARUNBATEZ Legazpiko Urbeltz pilotalekuan, 17:30etan Ainhoa Agirreazaldegi Beñat Lizaso Igor Elortza Iñigo Mantzizidor "Mantxi" Jokin Uranga Oihana Bartra
URRIAREN 26an, LARUNBATEZ Oiongo Arroyo I pilotalekuan, 17:30etan Eneritz Zabaleta Etxahun Lekue Iratxe Ibarra Maddi Sarasua Manex Agirre Miren Amuriza
Kanporaketa bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara. Gainerakoek puntuazioen zain geratu beharko dute. Honako lan hauek egin beharko dituzte bertsolariek lehenengo fasean:
-Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian -Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian -Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian -Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso -Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian
Bi itzuli eta zazpi saio finalaurrekoetan
Finalaurreko fasean 24 bertsolari hasiko dira kantuan. Horietatik 18 sailkatuko dira finalaurrekoetako bigarren itzulira. Orain dela lau urte finalean aritu ziren bertsolariak fase honetan sartuko dira lehian Maialen Lujanbio izan ezik: txapeldun geratu zenez, zuzenean sailkatuta dago finalera. Honako lau saio hauek izango dira lehenengo itzulian:
AZAROAREN 24an, IGANDEZ Donostiako Atano III pilotalekuan Oiartzungo irabazlea Tolosako irabazlea Puntuazioz 5.a Puntuazioz 6.a Puntuazioz 11.a Puntuazioz 12.a
AZAROAREN 30ean, LARUNBATEZ Maule-Lextarreko Ororena ezker paretan Murgiako irabazlea Puntuazioz 2.a Puntuazioz 3.a Puntuazioz 8.a Puntuazioz 9.a Puntuazioz 14.a
Honako lan hauek egin beharko dituzte bertsolariek:
-Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko handian -Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian -Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian -Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte -Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian
Abenduaren 15ean jokatuko da finala
Finala abenduaren 15an jokatuko da Barakaldoko BEC aretoan. Maialen Lujanbio zuzenean sailkatuta dago. Gainerako zazpi finalistak puntuazioen arabera sailkatuko dira. Ohi bezala, goizez eta arratsaldez egingo da saioa. Goizean honako ariketa hauek egin beharko dituzte bertsolariek:
-Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian -Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian -Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian -Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean -Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian
Arratsaldean bi fase izango dira. Lehendabizi, zortzi bertsolariek honako ariketa hauek egin beharko dituzte:
-Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian -Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte -Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian
Behin ariketa hauek eginda, bi bertsolari sailkatuko dira buruz burukora. 10 bertso puntuagarri kantatu beharko ditu bakoitzak:
-Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean -Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian -Kartzelako lana: -Banaka, hitza gaitzat emanda, bertso bat bederatziko txikian -Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian
Txapelketa internetez eta Hitzetik Hortzeran jarraitu ahal izango da
Aurten ere Bertsoa.com-ek apustua egingo du Txapelketa Nagusiko saio guztiak zuzenean eskaintzeko. Gainera, behin saioak bukatuta, bertsoaldi onenak ere ikusgai jarriko ditugu ahalik eta azkarren. Aurten, dena den, eduki bereziak ere izango dira, eta parte-hartzaileei egindako elkarrizketak eta kulturgintzako eta bertsogintzako adituen gogoetak eskainiko ditu astero Bertsoa.com-ek.
www.bertsozale.com webgunean ere jarraitu ahal izango da Txapelketa Nagusia. Bertan parte-hartzaileei buruzko datuak, sailkapenak, albisteak, saioetako laburpenak eta beste hainbat eduki kontsultatu ahal izango dira. 2012an berritu zen webgunea eta Txapelketa Nagusiak azpiatal berezia izango du. Horrez gain, bertsolaritza ikertzen ari den ikerlari talde zabal batek Txapelketa Nagusira bideratutako gogoetak egingo ditu. Bakoitzak bere talaiatik, antropologoek, irakasleek, kazetariek eta musikariek Txapelketa Nagusian gertatzen dena aztertuko dute. 14 aditu hauek egindako ekarpenak ere www.bertsozale.com atarian egongo dira kontsultagarri.
Sare sozialetan ere Txapelketa Nagusiaren jarraipena egingo da Facebook-en eta Twitterren. Azken honetan #btn13 traola erabiliko da.
Hitzetik Hortzerak ere apustua egingo du aurten, eta bi programa eskainiko dira astero: igandeetan arratsaldeko 15etan eta astelehenetan 23:15etan. Horietan, asteburuko saioen jarraipen zabala egingo da. ETB eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean gauzatzen dute Hitzetik Hortzera programa.
Inprobisatzaileen bisita eta euskalduntzearekin elkarlana
Txapelketa Nagusiaren bukaera aldera atzerriko inprobisatzaile eta adituek bisita egingo dute. Eta euskaltegietan lanean ari diren ikasleak erakartzeko asmoz, Txapelketako saioak jarraitzeko ikastaro didaktikoak eskainiko zaizkie. Bertsozale Elkarteak eta hainbat euskalduntze erakunde eta euskaltegiren artean martxan jarritako proiektua da honako hau.
Sarrerak internetez eskuragarri
Azken urteetan bezala, aurten ere sarrerak internetez erosi ahal izango dira www.bertsosarrerak.eu atarian. Saioetarako sarrerez gain, bonoak ere eskuragarri egongo dira. Bazkideek eta gazteek beherapenak izango dituzte. Finalaurrekoetarako sarrerak urriaren 14an jarriko dira salgai.
Dena den, finalerako sarrerak eta autobus eta bazkaritarako txartelak salgai jarriko dira zenbait herritan. Salmenta puntuen zerrendawww.bertsozale.comatarian kontsultatu ahal izango da.
Azkenik, ohi bezala, aurten ere sintonia izango du Txapelketak. Bixente Martinez, Amaiur Cojaraville eta Hasier Oleagak osatutako Igelaren Banda taldeak egin du aurtengo sintonia.
Bertsozale Elkartearen zortzigarrena
Aurtengoa hamaseigarren Bertsolari Txapelketa izango da. Lehendabiziko zortziak Euskaltzaindiak antolatu zituen. 1935ean Iñaki Eizmendi "Basarri" izan zen txapeldun; 1936an Manuel Lujanbio "Txirrita"; 1960an berriz ere Iñaki Eizmendi "Basarri"; 1962an, 1965ean eta 1967an Manuel Olaizola "Uztapide" nagusitu zen eta 1980an eta 1982an Xabier Amurizak jantzi zuen txapela. Ondoren, 1986an, Bertsozale Elkarteak heldu zion Txapelketa Nagusiaren antolaketari. Urte horretan Sebastian Lizaso izan zen txapeldun, 1989an Jon Lopategi eta 1993an, 1997an, 2001ean eta 2005ean Andoni Egaña. Urte horretan eman zuen finalak Donostiatik Barakaldorako jauzia. Orain dela lau urte Maialen Lujanbio izan zen txapeldun, buruz burukoa Amets Arzallusekin jokatuta.