Bertsolari Txapelketa Nagusia 2013-09-27

Aurkezpena eta jaia

Atzo egin zen Bertsolari Txapelketa Nagusiaren aurkezpen-jaia. Han elkartu ziren protagonista gehienak eta protagonismorik gabe lanean arituko direnak, denak jai-giroan.
Iluntzeko zazpi t'erdietan zegoen hitzordua jarria Bertsozale Elkartearen egoitzan, Villabonan. Txapelketarako sintonia egin duen Igelaren Bandaren zuzeneko doinuak egin zien ongi-etorria gonbidatuei. Gonbidatuen artean txapelketan parte hartuko duten bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak, antolatzaileak, babesleak....

Gonbidatu gehienak aretoan elkartuta, Villabonako bertso-eskolako gaztetxoak igo ziren oholtzara. Ondo baino hobeto eman zioten hasiera ekitaldiari Beñat, Ekhi eta Endikak "Jantzi kaskua, lotu gerrikua hastera doa Euskal Herrikua " abestuz.

Maite Berriozabalek egin zituen aurkezle-lanak eta lehen hitzen ondoren, duela 200 urte inguru Villabonan egindako desafioaren berri eman zuen aurkezleak. Zabala Amezketarra eta Txabalategi Hernanikoaren artean jokatu zuten bertso-desafioa; hala kontatzen du Juan Inazio Iztuetak "Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia" liburuan. Egungo txapelketan txapeldun bakarra izaten den moduan, orduan berdinketan geratu ziren bi bertsolariak; entzuleek hala eskatuta eta epaileen adostasunarekin. Desafio hura gogora ekarri zuten atzo; Miel Mari Jauregi "Altzo" eta Saroi Jauregi kontalari-lanetan eta Eñaut Agirre kantari.

Jarraian, Xebastian Lizaso eta Andoni Egaña igo ziren oholtzara bertso-kantura. Andoniren esanetan, beldurrez dardarka somatu zituzten txapelketako bertsolari parte-hartzaileak Xebastian eta biak bertsotan entzunda.

Igelaren Bandak txapelketaren sintonia jo ondoren, Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak hartu zuen hitza.

Bukatzeko, Behar -zana pilotalekuan txapelketako parte-hartzaileen argazkia atera zuten: bertsolariak, gai-jartzaileak eta epaileak denak batera.

Hori aurkezpenari zegokiona, eta hortik aurrerako jaiari dagozkionak ezin askorik kontatu. Txapelketak berezkoa du tentsioa eta tentsio hori askatzeko balio izan bazuen, gaitzerdi!

Albiste gehiago

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17

Bizkaiko zortzi finalisten aldartea eta helburuak

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04

Laudio eta Errezilgo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21

Aniztasunaren argazkia oholtzan

Jexux Mari Irazu

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»