Hastear den Txapelketa Nagusian, saioen aurretik bertsolariek dituzten sentipenak kontatu nahi dizkizue Bertsoa.com-ek. Txapelketari begira dituzten asmoak, helburuak, seikoteak dituen berezitasunak.... Gaur Amasa-Villabonako seikotea dugu protagonista. Odei Barroso, Alaia Martin, Iker Zubeldia, Nerea Elustondo, Fredi Paia eta Jon Martin.
Amasa-Villabonako saioan jarriko da martxan Txapelketa Nagusiko lehenengo seikotea. Alaia Martin, Fredi Paia, Iker Zubeldia, Jon Martin, Nerea Elustondo eta Odei Barroso.
Abizenetara begiratzen hasita, lehenengo kointzidentzia. Martin Etxebeste anai-arrebak batera kantatuko dute lehen saio honetan. Elkarrekin dezentetan kantatu izan dute, baina txapelketetan behin bakarrik egokitu dira anai zaharra gogoratzen denez. “Gipuzkoako finalean egongo ginen, baino ez genuen ofiziorik egin elkarrekin”.Badu horretarako gogoa eta baita txapelketa on bat egitekoa ere. Jon Martinek garbi azaltzen du helburua. “Aspaldi ari gara prestatzen eta orain da momentua erakustekoa. Nere helburua finalerdietan kantatzea daukat jarrita. Badakit oso zaila dela lehen fasea hau pasatzea (bestela hasi pentsatzen zein eliminatuko zenukeen) baina horixe nahi nuke. Finalerdietan, finalerako presio handirik gabe, gogotsu kantatzea”
Alaiak gogoan du bera bertsolari hasiberria zela, saio asko egin zituela Jon anaiarekin "jendeari kuriosoa iruditzen zitzaion anai-arrebak elkarrekin abesten ikustea baina gerora ez dugu asko kointziditu. Berezia da anaiarekin oholtzan egotea eta saiatuko gara horren alde baikorra bilatzen". Helburuez galdetuta "zerbait eragin nahi dut entzuleengan, dela poza, tristura, barrea... bertsoa askabide izatea nahi dut"
Izenetatik aurreraxeago joanda, beste bitxikeria. Saioko lau bertsolari urte berekoak dira. 1981ekoak Fredi, Iker, Jon eta Nerea. Gazteenak, Jon Martinek, oraindik betetzear baditu ere, hogeita hamabi urteren bueltan laurak. Eta lauretan zaharrena, beraz saioko zaharrena, Fredi Paia algortarra. Beteranoena ere bai. Lau Txapelketa Nagusi daramatza bizkarrean, beti semifinaletan. “Urte hauetan bide bat egin dut, batez ere lan psikologikoan. Asmatu dut, antsietateak, urduritasunak... gainditzen, mehazten. Entrenatzeko moduan ere, behar bada teknikako zoromena alboratu eta egunari begirako lana egiten dut orain gehiago. Oholtza gainean buruko ahotsak isiltzen eta saioan kontzentratzen... Nik nere burua ondo ikusten dut txapelketa honetarako".
Urte bereko laukotetik aparteko beste biak ere, Alaia Martin eta Odei Barroso ia ia kintoak dira. Ez badira urte berean jaio ere, ez dute urte beteren aldea. Biak hogeita bost urte izango dituzte txapelketa bukatu bitartean. Gazteena lapurtarra. Baina bere adinkideak ez bezala honek bere bigarren txapelketa du aurtengoa. Aurrekoan ez zen inondik ere gustura geratu eta orduko arantza atera nahi duela kontatu digu Odeik. “Bertsotan izandako esperientzia txarrena izan nuen duela lau urtekoa, baina hortik ere asko ikasten da eta... Oraingoan benetako gogoa daukat, ilusioz noa. Landutakoa, plazatan egindakoa.. praktikan jartzeko gogoa dut eta horixe nahi nuke”
Bere edade berekoak, Alaiak lehenengo Txapelketa Nagusia du, horrek ez badu beldurtzen ere "Ilusioa, gogoa, jakinmina... dut txapelketa honen aurrean. Gipuzkoako txapelketan nire helburua finalerdietara iristea zen Txapelketa Nagusian kantatu ahal izateko beraz gogotsu nago" dio Alaiak.
Laurogeitabateko kintoak ordea badute eskarmentua txapelketetan, Nerea Elustondok bigarrena du baina aurreko txapelketa 2001ekoa izan zen. Semifinaletan kantatu zuen urte horretan. Orduan buelta gutxiago ematen zizkiolako edo, orain kezkatiago harrapatu dugu.
“Gogoa bai, bertsotan egiteko gogo handia dut, baina lehenengo saiotik txapelketak hartzen duen dimentsioekin beldurra pixka bat ere bai. Haber tarte honetan pixka bat zentratzen geran eta... Gogoarekin joango naiz behintzat”
Iker Zubeldiak era badu esperientzia. Hirugarren Nagusia du hau. Aurrenekoan lehen fasean geratu zen bigarrenean finalerdietan eta hirugarrenean? "Hirugarrenean ere ahalik eta urrutiena iritsi nahi nuke, nire buruarekin gustura geratuz".