BTN13 2013-10-09

Hirugarren saioa, larunbatean Hendaian

Hirugarren saioa, larunbatean Hendaian
Amaia Agirre, Felix Zubia, Iban Urdangarin, Iñaki Apalategi, Iñaki Zelaia eta Julio Soto jardungo dira arratsaldeko 17:30ean hasita, Beltzenia pilotalekuan. Bere sentsazioak jaso ditugu hemen.
Lapurdira, Hendaiara, joango dira hurrengo sei bertsolariak, Txapelketa Nagusiko hirugarren saioa betetzera. Bost gipuzkoar eta nafar batek osatzen dute seikotea, eta batek baino gehiagok aipatu digute saio orekatua ikusten dutela Beltzenia ezker-paretakoa.

Baina Felix Zubiak esate baterako bazuen gogoa beste batzuekin kantatzeko “Tokatu zaizkidanekin lehen ere batzuetan kantatu izan dut eta, beste herrialdeetakoak… Bueno baina gustura nago lagunekin, ea saio polita, entretenigarria egiten dugun. Nik ilusio handia daukat, eta pozik nengoke nire buruarekin konforme geratuz gero. Gustatuko litzaidake txapelketan aurrera egitea noski, baina ez dut pretentsio, beraz presio handirik horretan. Nire bertsolaritza bizitzeko ideian hau esperientzia eder bat izango da”

Berria da txapelketa honetan Iban Urdangarin ere. Aurreko astea txar samarra izan du ataundarrak, baina lasai antzean dago “ Gabirian ibili gera preparatzen eta bueno, batzutan sentsazio hobeak besteetan txarragoak, baina bertsotan egin dezakegula jakinda. Haber eguna topatzen degun eta saioak merezi duen grazi hori ateratzen asmatzen degun”

Eta beste goierritarra, Iñaki Apalategi ere bere lehenengo Txapelketa Nagusian izango dugu. Aurreko saioak entzuten izan da, eta han urduritasun pixka bat sartu izan bazaio ere, bereari begira lasai ikusten du bere burua “Ondo, prestakuntza eginda, emaitza nolakoa den ikusi behar. Ea hori ateratzeko aukera daukaten, eta gero gerokoak”

Beste hirurak esperientzi gehiago daukate txapelketan. Bosgarrena izango du hau Iñaki Zelaiak. Horregatik beharbada, badaki txapelketari tamaina hartzen “Saioz saio joan beharko da, helburu gehiago hartu gabe. Entrenatzen eta ondo ibili gara, eta ahal dudan guztia egindako sentsazioarekin noa. Prestatuta nagoelakoan, gero hara joan eta... egin egin behar da” Ez du bere burua gehiago estutu nahi “afizioz eta saltsa gustatzen zaidalako nago hemen, beraz…”
 
Amaia Agirrek aurreko bi Txapelketa Nagusiak jokatu ditu, eta batez ere lehenengoa gogoratu nahi du. Hendaian kantatzea egokitu zitzaion 2005eko Nagusiko finalerdietan, eta saio ona atera nonbait “Ez dakit ordukoa errepikatu, baino orduko sentsazioak nahi nituzke. Oso pozik atera nintzen handik” Bestela gustura dabil “larunbateko helburua ez sufritzea da behintzat. Haber  asmatzen dudan burua han edukitzen eta saioa ateratzen dugun”

Julio Sotok  ere badaki nolakoa den Beltzenia. Duela lau urte kantatu zuen bertan, finalaurrekoetan. “ Leku berezia da eta badakit goxoa eta beroa izango dela” Juliok txapelketa latza egin zuen duela lau urte. Halere, aurtengorako ez du helburu zehatzik jartzen. “Ni gozatzera aterako naiz. Nerbioak tenplatzen asmatzen badut gustura geratuko naiz hori eginda. Ondoren ikusiko da sailkatze kontua”

Nafar bat, neska bat, mediku bat, betaurrekodun bat, bi Iñaki, bi goierritar, filologia ikasketetako bi, hiru debutante… Seiak prest Hendaian duten onena ateratzeko.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri