BTN13. Bosgarren kanporaketa Legazpin 2013-10-23

Pintxotik bertsora

Pintxotik bertsora
Josema Azpeitia kazetari gastronomikoa da eta bere jardunak bertsolaritzarekin dituen antzekotasunei buruz hitz egin digu artikulu honetan.
Lanez leporaino izan arren ezetz esaten ez dakiten horietakoa naizenez, bi gonbidapenei erantzun nien joan den astean.

Hondarribiko Ostalaritza Elkarteak, batetik, Euskal Herriko Pintxo Txapelketan epaile gisa aritzeko aukera eskaini zidan eta horretan aritu nintzen astelehen eta asteartean, gure herriko lau bazterretatik etorritako sukaldarien perlak dastatzen eta baloratzen. Ezin ukatu gustura betetako lana izan zenik baina zin dagizuet bi egunetan 66 pintxo dastatzea ere gogor xamar suerta daitekela.

Bertsozale Elkartearen eskutik iritsi zen bigarren gonbidapena, Legazpiko kanporaketara joateko eta bertan jasotakoaz artikulu bat idazteko. Ilusio handiz onartu nuen, izan ere, bertsozale amorratua ez izan arren, inguruko saio guztietara joaten nintzen garaia bizi izan nuen 2000ko hamarkadaren hasieran, Egaña, Peña, Lizaso, Murua eta enparauak taulatuen nagusiak zirenean, eta garai hartako bertso-grina berreskuratzea ideia polita iruditu zitzaidan.

Legazpiko saioa nire bertsozaletasuna zein utzia neukan konturatzeko balio izan zait. Hasteko, Elortzarena ezik, aurpegi guztiak ezezagunak nituen. Bestetik, ohitura berriak somatu ditut: bertsolariak animatzeko pankartak egitea, parte-hartzaileak animatzea beraien izenak oihukatuz… pilotan bezala, ikuslegoa poliki-poliki berritzen ari denaren seinalea da, pozteko moduko seinalea hain zuzen.

Bestalde, zenbait gauza berdinetan jarraitzen dutela ikusi dut: Nesken proportzioa handitu den arren, bertsogintza gizonen eremua izaten jarraitzen du (uste nuen herrietako bertso-eskoletako lanak errealitate honi buelta emateko balioko lukeela, baina momentuz ez omen da horrela); Eusko Jaurlaritza eta bertako kultur arduradunek bertsolarien kritiken jo-puntua izaten jarraitzen dute; eta bertsolari beteranoek metrikan, doinuan eta bertsoaren garbitasunean sakontzen duten heinean, gazteek mezua eta ideologia azaltzen dute gaiak uzten dien zirrikitu guztietan. Adin kontua. Denborarekin ohartuko dira bertsotan aritzea, berez, aberria egitea dela eta bertsoan gehiago zentratuko dira. Elortza izan zen horren adibide garbia. Txapeldun planta somatu nion durangarrari.

Astea sukaldariekin hasi eta bertsolariekin bukatu. Zazpi egunetan, Euskal Herrian sustrai sendoak dituzten bi kultur adierazpenen txapelketak gertu-gertutik bizitzeko aukera izan dut eta bien arteko antzekotasunetaz ohartzeko ere: gizonezkoen lehentasuna, bat-batekotasunaren garrantzia, belaunaldi berrien iristea, teknika zaintzeko beharra, txapelketetan lehiatzearen ohitura, jendea zoriontsu egiteko grina (Elortzak dixit)… Ez daude ez bata bestetik hain urruti bertsolaritza eta gastronomia gure herrian. Hondarribian dozenaka pintxo jan ondoren eta Legazpin bertsotaz bapo ase ondoren, ohartu naiz egunean behar den bezala jartzeko, bi adierazpenak modu argian elkartzen dituen ekitaldi batean parte hartzea soilik falta zaidala: bertso-afari batez ari naiz, noski!


JOSEMA AZPEITIA
Kazetari gastronomikoa. Ondojan.com aldizkariko arduraduna eta 2013ko Euskadi Gastronomia Saria.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri