BTN13. Lehen fasea amaituta 2013-10-30

Lehen-fase aberatsa

Txapelketa Nagusiko kanporaketak amaituta, Felix Irazustabarrenak egin du lehen fasearen balorazioa.
Bost asteburu jarraian eskaini dizkigu txapelketak. Lehen fasea bukatu dela, aste honetan jai dugula aprobetxatuz eta entzundakoaren errepasoa eginez, aukeraketa bat egitea okurritu zaigu. Abstinentzia-sindromeari gain hartzeko bidea jartzea. Eta horrekin batera, joandakoaren inguruko gogoetaren bat.

Gaiak

Aurkezle desberdina azaldu zaigu saio bakoitzean. Xehetasun desberdinekin baina lana ondo ikasita eta ondo eginda. Aurrez prestatutako atzeko lana izaten da ordea gaiak moldatzearena. Sortu, atondu, orekatu… Lan erraza ez dela erakusten dit esperientzi apurrak. Horregatik dakit aurtengo taldeak latz egin duela. Emaitza ere oso ona izan da. Beti atera ahalko zaio punta gairen bati baina gehienak oso txukunak, onak iruditu zaizkit orokorrean.   

Bi apunte, bi iritzi, gaia, ariketa eta saioaren egiturarekin zer ikusia dutenak. Lehen fase honetan jarritako zortziko handiko gaiek abiapuntu beretik jartzen ditu bertsolariak, ez kontrajarrian. Bakoitzak bere bidea aurkitu dezake, bere argudioak bilatu… eta nola ez, horiek lagunarekin osatzen joan. Saioaren hasieran da ariketa. Horrek, bertsolariak berotzen hasteko egoteak, gaiak gehienbat sozialak izateak (zahartzaroa, langile arazoak, gaixotasunak, pobrezia, heziketa, zaintza, inmigrazioa…) nere irudiko bertsoaldi potoloegiak sortzen ditu, edo sortu ditu. Gutxitan ikusi da elkarrizketa bat. Bakarren bat izan da, eta atera diren saio naturalak, errealak eskertu egin dira. Benetan situazio horretan pertsonaiek argudiatuko luketena, ez sozialki zer esan behar den. Arrazoiketa, hizkera… politikoki polita entzun dugu ia beti. Eta horrek askotan bertsoaldiari sinesgarritasuna kentzen dio eta saioa motel, pisu, hasten da maiz.
Seguru asko saioaren erdirago, beste neurri batean baleude planteamendu hauek, beste zerbait aterako zen.

Kartzelako gaia irekia izatea planteatzen da. Fredik esaten zidan berak ez dakiela zergatik, baina beste zerbait espero zuela oraingoan. Nik ere bai. Ez zait larregi gustatzen dena sortu beharreko planteamendu hori. Urtean zeharreko plazetan nekez jarriko litzatekeen gai modua, arnas luzeko neurriak eskatzen dituena…  Onartzen dut besteekiko abantaila nabarmen bat duela kartzelako gaia izatean eta histori (gai) desberdin entzuten direla,bestela arrazoi berak errepikatzen ibiltzeko arriskua legoke. Behar bada kartzelakoaren, kartzelako ariketaren,  oso alde ez nagoelako ere izango da ez gustatzea. Baina hori beste kontu bat da. Arraultzarena eta oiloarena bezala ez dakigu zergatik, baina gaiak neurri luzeak eskatzen ditu eta horrelako bertsoak kantatzeko, istorioak kontatzeko, halako gaiak behar dira. (36 kartzelako lan entzun ditugu eta horietako 32 sei puntu edo gehiagokoak izan dira. Beste laurak bost puntukoak. Hamarreko handiak)

Doinuak

Doinuei buruz ere pare bat baina...   Doinu aukera zabala dugu eta gutxi erabili da. Bakoitzak bere gustuak edukiko ditu, eta  bakarkako lanean (agurra + kartzela) zein doinu duen prestatuagoa, landuagoa… pentsatuta eramaten da normalean (akaso batzuk aukera bat baino gehiago daukate prestatuta…). Hor moda kontua nabarmena izaten da eta aldian-aldian batzuk asko errepikatu daitezke. Duela urte pare bat Silveirak ateratako doinua nagusitu da fase honetan (ETAren su-etenetik) Hamasei aldiz entzun ahal izan dugu (kartzelakoetan zazpi aldiz eta bederatzi agurretan)

Baina… binakako lanetan , ofizioetan,  automatismoak gehiegi funtzionatu ote duenean nago.
Eman ditzagun datuak. Zortziko txikian 36 ofizio-lan-bertsoaldi izan dira, eta hiru, hiru, doinu besterik ez ziren erabili Oion arte. Han beste bat (behin) erabili zuten. Lau doinu guztira. Saio guztietan berak, eta bakarren batean errepikatuta. Doinutegian (BDB) 825 azaltzen dira. Bertsotarako doinu ezagunenak kasillari emanez gero, 70 doinu. Eta betiko hiruretan mugatzea gehiegizkoa egiten zait. Badakit ohituagoa dagoela bertsolaria batzuetara. Batzuk “errazagoak” egiten direla. Bien artean adostu behar dela. Baina… Hamarreko txikian ere bost (5) doinu desberdin erabili dira (ariketa kopuru berbera) Eta horietako bi, behin bakarrik. Hemen ere hiru doinuren bueltan beraz. Aukera gutxixeago egon daiteke hemen, baina tira!

Entzule moduan askoz atseginagoa litzaiguke are aukera zabalagoa bagenu. Norbaitek esango du hau txapelketa dela, epaileak daudela eta beste modu batera ikusten direla gauzak. Baina zer diote epaitzeko irizpideak? Doinu-aukera komunikazio asmoa gauzatzeko funtsezko elementu jotzen dute hauek. Aholkatuko nuke bistadizo bat ematea.

Bertsoaldien aukeraketa

Azpimarratzeko (berriro entzuteko deskantsu dugun aste honetan) bertsoaldi mordoxka izan da pasatako sei saioetan. Saiatuko naiz batzuk ekartzen hona. Ariketa bakoitzetik bana (batzuetan utziko didazue bi aukeratzeko lizentzia) eta  nere irizpideez gain beste batzuk erabiliz.

Lehenengo pausuan errazera jo dut. Ea zein bertsoaldiri eman dion epaimahaiak puntu gehien. Nere iritzi eta koadernoarekin bat datorrenez, hortik abiatzea ondo etorri zait. Puntu gehien jaso duen bertsoaldia bakarkako bat izan da. Kartzelako lanekoa hain zuzen. Beñat Gaztelumendik Altsasun eskaini ziguna “ Gaia ateratzen duen bakoitzean gaiz aldatzen duzu”.  Lan bikaina da añorgarrarena. Egoera bera, gertatzen doana, deskribatzen digu pausuka. Egiten dituen galderek, osatzen doan elkarrizketak (transkripzioan komilla asko erabili beharko da)  suspenseko lan eder baten aurrean jartzen gaitu. ”Larogeita hamar urte” doinuan kantatu zuen (Partiada tristea Ternuarat, Karidadeko Bentako diskoan). Doinu Iraniar bat zumaiarrek bertsotara ekarria. Eta saio honetan aipatu nahi nukeen beste detailea denboraren kudeaketarena da.   Beñatek gaia jarri eta kantuan hasteko bi minutu eskas behar izan zituen (ohiko denbora, edo zerbait gutxixeago) eta behin abiatu zenean ez zuen tarterik hartu. Bi bertsoen arteko tarteetan bost segundo baino ez zituen erabili. Eskema eta zerbait gehiago prestatu zuen seinale.

Ofizioetan puntu gehien jaso duen bertsoaldia (biren puntuazioak batuta) hamarreko txikiko bat izan da. Nere gusturako ere saio konpletoa Amaia Agirre eta Felix Zubiak Hendaian osatu zutena.  Zahartzen ari diren bi lagun gaztetxea utzi edo ez eztabaidan. Eztabaida goxoa, umoretsua eta jendearengana erraz iritsi zena. Bertsolari guztiek aipatzen dute plazan bezala gustatuko litzaiekeela txapelketan ere kantatzea. Hara hemen lortu dutenaren adibidea.

Nere gusturako beste hamarreko txikikoa  Legazpikoa da. Igor Elortza eta Jokin Uranga. Gaia haurdun geratu nahi duten bi emakume. Jokinek lortu du, eta Igorrek oraindik ez. Beste tonu bat hartzen du bertsoaldiak. Ez umoretsua, grabeagoa, serioa… eta bertsoak ederki jositakoak dira. Elkarrizketa osatu eta arrazoiak bilatuz. Akaso sorpresadunak ez diren arrazoiak, Egañak egiten duen sailkapenean Jakina!-koak Joño-!koak baino gehiago. Jakina, horiek ere lortzen dute zirrara entzuleengan.

Puntuei erantzunak asko egon dira (3x6x6=108. Hemen ere goraipagarria gai-jartzaileen lana) Beteenak, hirukoa hartuta,  Agin Laburu Markina-Xemeinen (nere irudiko onena lehena, San Mames berriari botatakoa). Mantxi Legazpin, Iratxe Ibarra Oionen… eta gero banakako asko. Elortzaren lehena Legazpin,  Irazuren bigarrena Altsasun, Maddi Sarasuarena Oionen… Horiek oso erraz entzuten dira eta errepasatu gehixeago.

Zortziko txikian lehenengo saiokoa daukat azpimarratuta. Villabonan Jon Martinek eta Alaia Martinek egin zutena. Anai-arrebak guraso paperean aritu ziren hemen. Alaba futbolean dabilen bitartean bata oihuka eta bestea kargu hartuz. Biak ere dotore, arrazoiak pilatuz. Eta Markina-Xemeinen entzun genuena Beñat Ugartetxea eta Eneko Abasolo”Abarkas”en artekoa. Tiropitxoiean pelutxeak tiraka.  Umoretsu elkarri entzun eta erantzun, ideia berriak tartean jarri.. Aipatzekoa bi bertsolariak dagoeneko txapelketatik kanpo geratu direnak izan, eta zer eskaini dezaketenaren arrastoa utzi ziguten hemengoan.

Zortziko handian Altsasuko ofizioa. Unai Agirre eta Beñat Gaztelumendi bertan protagonista guraso paperean. Alabak kreditu txartelarekin alde egin eta ondorengo kezkak. Saio goxoa, elkarrizketa erreala, logikoa hau. Nik nere koadernoan Unairen lana utzi nuen azpimarratuta batez ere. Sinesgarri jartzen du alboko oharretan.

Bertsoaldi hauei beraz errepasoa, finalaurrekoak erakargarri susmatzen diren zazpi saio hasi bitartean. On egin!


Felix Irazustabarrena

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri