Puntutan 2013-11-07

Bertsolaritza eta hitza oinarri dituzten arropak

Bertsolaritza eta hitza oinarri dituzten arropak
Urtebete da Unai Elizasuk eta Eneko Salaberriak "Puntutan" online arropa-denda martxan jarri zutenetik. Bertsozaletasunak bultzatuta hasi ziren bertso bukaerak eta doinu eta neurrien izenak arropen diseinuaren oinarri bilakatzen.
 Orain dela urtebete abiatu zuten Unai Elizasuk eta Eneko Salaberriak "Puntutan" online arropa-denda. Unai Elizasuk azaltzen duenez, "ikusten genuen bertsolaritzatik sortu zitekeela bertsoa oinarri duen arropa-linea moduko bat eta kezka hori gauzatzeko aukera ikusi genuen Eneko Salaberriak eta biok". Dena den, bertsoa eta hitza arropen oinarri izan arren diseinuaren oinarria ez dute erraz aurkitzeko moduan ematen: "Ditugun diseinuak ez dira ikusi eta berehala antzematen direnak; batzuk dira bertso-bukaera ezagun batzuk modu diferente batean diseinaturik, doinuen izenak ere badaude irudiarekin eta hitzekin jolasten dutenak... Euskal Herrian arropa munduan gehienak marka baten inguruan funtzionatzen du, baina guk ez daukagu markarik. Mezua erdi ezkutuan eta erdi agerian erakusteko modu berri bat daukagu. Orain 12 diseinu dauzkagu baina bertsoa bezala edo hitza bezala berritzen oso errazak direnak. Aldiro sortzen zaizkigu diseinu berrietarako ideiak eta hortik abiatzen gara".

 Urtean behin edo bitan berritzen dituzte diseinuak, eta udaberri-uda alderako berrikuntzak sortu nahian ari direla azaldu du Unai Elizasuk. "Bertsoa bizirik doan neurrian guk ere bide berean segiko dugu ideiak sortzen".

 Bertsozaleei zuzenduta

 Bertsoa oinarri izanik, arropa hauek janzten dituzten gehienak bertsozaleak direlakoan dago Unai Elizasu. "Gure lemetako bat da "bertsozale jantzientzat". Bertsolari batek eman zigun lema hori eta nik uste ondo asmatu zuela. Bertsozaleak oso identifikatuta sentitzen gara mundu honekin eta gure identifikatzeko modu bat izan daiteke janzteko era ere. Orain Txapelketan bete-betean gauden honetan ikusi dugu publikoan jendea gure arroparekin eta zenbait bertsolari ere bai. Nik uste baduela gure nortasunarekin edo gure mundu hau maitatzeko moduarekin lotura".

 Hala ere, azkeneko diseinuetan sartu dituzte bestelakoak ere, esaera zaharrak oinarri dituen bat tarteko. "Hor badago bidea, euskarak baditu denon buruan kokatutako esaldiak eta horiek modu politean erakutsiz gero diseinua erakargarria da. Batipat orain arte Euskal Herrian egon diren diseinuak marka baten ingurukoak edo festa egun baten ingurukoak izan dira eta guk hortik atera nahi izan dugu".

 Hala ere, ez lukete zentzurik gabe zabaldu nahi. "Azkenean mundu hau hain da zabala eta hainbeste gauza erakutsi ditzakegu denetarako irekita gaudela. Baina ez dugu asmorik zentzurik gabeko gauzak sortzeko; ez gara tartak sortzen hasiko. Zentzu bat izan dezaketen gauzak sortuko ditugu, ez gara merchandising absurdu batean eroriko baina esparru asko daude jorratzeko".

 Eta, nola lor daitezke arropa hauek? Puntutan.com webgunean eskura daitezke internet bidez. Dena den, ez da bide bakarra: "Txapelketa Nagusiko saioetan gaude eta bertan gure zenbait arropa erakusten ditugu eta bertan erosi daiteke eta ematen dugun aukera errazena da bertan erostea edo bertan konbinazio bat aukeratzea eta ondoren hiru-lau egunetan etxean izango luke. Iruñeako Karrikirri dendan ere badaude gure arropak eta ea halako gehiago aurkitzen ditugun gure arropak bertan erakutsi eta zabaltzeko. Normalean bi-hiru egunetan etxean izaten da arropa. Tarifa nazional bat daukagu eta Euskal Herritik kanpo beste bat. Euskara ikuspegi batekin funtzionatu dugu horretan".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri