Gernika-Lumon jokatu da lehen finalaurrekoa. Felix Irazustabarrenak boteprontoan idatzitako kronika hemen.
Leku zabala, oso zabala, da Jai-Alai pilotalekua. Eserlukeak oholtzatik ezker eskubira betetzen dute ezker paretako luzea eta bertsozaleez bete egin da. Besozabal hartu gaitu Gernika-Lumok lehen finalaurrekoan. Jendez gainezka, sarrera guztiak agortuta giro beroa jarri dute 1.500 lagunek pilotalekuan. Jendez eta askotan txaloz bete da aretoa. Honetan derrigor eskuzabal bertsozalea ere.
Saioa zabaltzeaz arduratzen diren hedabideei zuzeneko emankizun bat gehitu zaie gaurkoan. ETB-SATen bidez eman da saioa. Aitzol Barandiaran genuen gidari, Arkaitz Goikoetxearen laguntzaz. Aurrerantzean ere zuzeneko emankizunak emango ditu telebistak finalerdi guztietan.
Eta saioa? Goi mailakoa izan da. Agian ez beti goi-goian mantendu dena, baina orokorrean bertsolari guztiek eman dute berea, edo inguratu dira bere mailara behintzat.
Saioko irabazle suertatu dena maila handiko bertsolaria dela esanda ez dut ezer berririk esango. Amets Arzallusi buruz ari naiz, eta gaur berriro erakutsi du nolako bertsolaria den. Eskaini izan dizkigu saio eta bertsoaldi hobeak, baina gaurkoan ere utzi du bere arrastoa. Serio zortziko handian, umorez txikian, eta maisu bakarkakoan (doinu berria ekarri du besapean). Gai zabala zuen hau ere, eskuari begira dagoenaren larruan jarri behar zuten eta damu duen zaplazteko bat emandakoa irudikatu du lapurtarrak.
Jokin Uranga ere bere mailan ibili dela esan genezake. Indartsu hasi eta batez ere ofiziotan txukun-txukun aritu da. Bakarkako lanetan eman du gutxien. Puntu erantzunetan, bitan behintzat behera egin du. Hurrengoa seiko motzekoa izan da bere lanik onena (esanahia, joskera...) eta kartzelako lana korrektoa, balekoa egin du. Koska bat gora egin du aurreko saiotik eta beste bat egingo balu hurrengoan...
Gora beheratsua izan da Julio Sotoren saioa. Oso baju hasi dela iruditu zait. Zortziko nagusiko lehen bertsoan (lehen bietan behar bada) nahastu samar ikusi dut. Hortik aurrera poliki baina goraka egin du eta kartzelako lan eder batekin bukatu du. Bederatzi puntutako doinuan (Munduko ilunabarra) saioari amaiera ona eman dio, eta horri esker beste saio bat egin ahal izateko aukeretan dago. Hala ere Juliorengan espektatiba gehiago zeuden, eta ez du gaur bere bertsokera borobildu. Bere trazak utzi ditu, errima bereziak, leku, marka, izenez betetako bertsoak...
Jon Martinek bazuen oso ondo aritu ez denaren sentsazioa, (hala aitortu du bukaerako agurrean) baina ni ere harritu nau agur horrek. Nik ondo ikusi dut. Agian gehiago eman zezakeen, horretarako gaitasuna baduelako. Baina ia lan guztietan zerbait eman du.Etxean edo bertso-eskolan edo... lan asko eginda dagoenaren sentsazioa ematen dute bere errima landuak, bere hizkuntz jokuak...
Ondo prestatuta dagoen bestea da Jone Uria. Gaur ere zer maila dueneko arrasto asko utzi dizkigu. Lan guztietan aritu da ondo, batez ere zortziko txikian Ametsekin, eta kartzelako lana ona egin du. Planteamenduan, istorioan asko konplikatu gabe (arraunlarien eskuetan jarri du begirada) baina erreal eta entzuleak erraz ulertzeko eta bat egiteko moduan.
Azkena geratu da, eta azkenerako utzi dut nik ere hemen, baina aipagarria egiten zait Nerea Elustondoren saioa. Nere uste apalean, ideietan, freskotasunean, dialektikan... gaurkoan gehien eskaini duena bera izan da. Behar bada erakutsi du ez dagoela teknikoki besteen mailan. Ez dauzkala errima zerrenda berezi, ia perfekto horiek asko landuta. Baina gaurkoan ofizoetan (batez ere zortziko handian eta seiko motzean) asko egin du. Puntu-erantzunak ederrak (bat oso ona), eta kartzelakoa txukuna, balekoa izan da. Batez ere bera gustura geratzeko modukoa, nahi duena esan ahal izan duelako. Saio guztian bezalaxe.
Bueno larunbata bukatzear da eta hurrengoa, bihar Tolosan.
Felix Irazustabarrena