BTN13. Bigarren finalaurrekoa 2013-11-11

Hasieratik

Felix IrazustabarrenakTolosakoaren ondoren saioari buruz idatzitako kronika
Finalaurretako bigarren saioa zen gaurkoa eta olatuaren gainean jarri eta gero eta gorago goazen sentsazioa dugu. Ez bakarrik bertsozaleen erantzunagatik (gaur ere aretoa gainezka) bertsogintzan eman denarengatik baizik. Atzokoa maila ederrekoa zen eta Tolosan oraindik koska bat igo denaren ustearekin geratu gara Usabal kiroldegira gerturatutakoak. Saio gustagarria, betea izan da gaurkoa. Memorian gordetzeko modukoa kantatu du agurrean Etxahun Lekuek. Eta horrela izan da.

Agurretatik bertatik piztu dela giroa uste dut. Kiroldegia betetzen zuten entzuleak horretarako prest geunden eta bertsolariek agurretan baiezkoa esan digute. Dena ematera. Has dadila festa. Ekipo bat gara... Animoz beteta hasiera.

Eta batez ere, lehen ofizioa zortziko handian goi mailakoa izan da eta horrek jarri du langa. Haurraren lagun imaginarioari buruz kantatu behar izan dute, gerora lehenengo eta bigarren izango ziren Igor Elortzak eta Mantxik. Saio horren arrakastatik jarraitu dute besteek ere. Eta izan dira gerora bertsoaldi honi buruzko bizpahiru erreferentzi. Ondoren ohiko bihurtu zaigu aurreko saioren baten haritik tiratzea hurrengoa osatzeko. Oso bizi eta gustagarri egiten da hori entzulearentzat, konpartitzen dugun zerbaitez ari baikara, konplize eta partaide bihurtzen gaituen ezagutza batez.

Aipatutako saioan erakutsi du Igor Elortzak gaur eguna zuela. Saio latza egin du durangarrak. Ofizioetan elkarrizketak bilatuz (eta aurkituz) gaia abiapuntu hartu eta bidea egiten  aritu da binakako guztietan. Handian oso ondo, txikian Etxahun Lekuerekin ere bizkor arrazoietan eta erantzunetan, eta seiko motzean serioxeago baina bertsok ondo bete eta baliabide asko erabiliz esandakoari forma emateko. Bakarkako lanetan: Puntuak erantzuten bikain eta bakarkakoa maisu lan bat. Bertso guztiak ez ziren izango topekoak, baina oso maila altua utzi du, eta edozertarako bere kandidatura mahai gainean.

Lehen bertsoaldian berarekin batera aritu den Iñigo Mantzizidor Mantxi geratu da bigarren gaurko sailkapenean. Saioa eginda. Lehen fasean bertsoak ekartzeko lana egiten eta noizbehinka bere kalidadea azaltzen ikusi bagenuen, gaurkoan tonu hori mantendu du saio osoan. Berriro ere ederki puntuak erantzuten. Ofizioetan erantzun behar denean erantzun eta bidea ireki behar denean irekitzen. Seiko motzean Irazurekin etengabeko elkarrizketa eta kartzelako lanean istorio polita asmatu du. Horrekin borobildu du gaurko lana. Lan eta saio betea benetan.

Berarekin mainontzi doinuan ofizioa osatu duena Jexux Mari Irazu izan dugu. Elkarrizketa bizian aritu dira, eta ez da erraza neurri honetan. Erantzuna erantzunaren atzetik lotu dute. Zortziko txikian kolpe izugarriren batekin hasi eta saioari eutsi gero, handian ideia eta arrazoiz betez bertsoak eta bakarkakoetan ere lan txukuna egin du. Kartzelakoan besteetan baino denbora gehiago hartu du hasterako, baina hiru bertso eder osatu ditu. Dena den, behera samar geratu da puntuei dagokionean eta kantatzeko beste aukeraren bat izango ote duenaren esperantzarekin zain egon beharko du.

Antzeko egoeran geratzen da Amaia Agirre ere. Saioko seigarren postuan geratu da, baina lan duina, txukuna egin ondoren. Agian puntuei erantzuten ez du behar adina gozatu, baina beste ofizioetan ondo moldatu da. Lehen fasekoren batean lortutako distirarik gabe baino bertsotako maila erakutsiz guztietan.  Kartzelako lanean bidea tratu txarrak jasotzen dituenaren paperean hartu du eta hiru bertsoetan bukatu du arrazoi sendo batekin.

Etxahun Lekuek ere garbi ikusi du kartzelan hartu beharreko postura eta preso ohiaren paperean bertso sinesgarriak osatu ditu. Gora behera batzuekin behar bada baina binakako lanetan ondo aritu da, batez ere zortziko txikian. Bizkaieraz kantatzearen aldeko hautua egin du, eta oso hizkera egokia, joskera ona, dotorea, topatzen du bertso guztietan.  

Unai Iturriaga zen txapelketara kantatzera sartzen zen bertsolari berria, eta saio ondorengo komentario gehienak berari buruzkoak ziren. Poto bat, bi, hiru... egin ote dituen. Nik hasteko zerbait nabarmenduko banu egin duen saio itzela da. Nere ustetan oso maila altua eman du. Saioari bizitasuna eman dio, bertsotan asko egin eta umorea jarri du. Ezustekoak, arrazoi borobilak (azken bertsoan poto egin duenean adibide) Beste potoren bat puntu erantzunetan (hori da / hasi da) eta eztabaida ekarri duen lagun bi aldiz erabiltzearekin. Batean (makina bat lagun) pertsona adiera hartzen zuela eta hurrengoan arma hoien lagun. Dena den, eta hori tertuliarako ondo badago ere, bertsotan egin duenarekin geratzen gara. Tolosako entzulea behin baino gehiagotan gozarazi baitu.

Denen artean egin dute bertsozaleok gozatzeko moduko saioa Tolosan.Hasieratik bukaeraraino.
Hurrengoa datorren larunbatean Oiartzunen.


Felix Irazustabarrena

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri