BTN13. Hirugarren finalaurrekoa Oiartzunen 2013-11-14

Zer moduz daude bertsolariak?

Zer moduz daude bertsolariak?
Larunbatean Oiartzunen jokatuko den hirugarren finalaurrekoan abestuko dute Alaia Martin, Agin Rezola, Jon Maia, Aitor Sarriegi, Odei Barroso eta Beñat Lizasok. Abestu baino ordu batzuk lehenago nola sentitzen diren galdetu diegu.
Oiartzunek hartuko du Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren finalaurrekoa larunbat honetan. Bertan, Alaia Martin, Jon Maia, Agin Laburu, Beñat Lizaso, Odei Barroso, eta Aitor Sarriegi arituko dira bertsotan. Bertsoa.comek zuzenean jo du sei protagonistengana saioaren atarian nolako sentipen eta iritziak dituzten jasotzeko.


ALAIA MARTIN
"Herrian kantatzea tokatu zait eta horrek berezia egiten du saioa. Presioa da alde batetik, baina bestetik badu magia , ilusioa... eta ari naiz alde on hori pizten gusturago joateko bertara, Aurreko saioan (Amasa-Villabona) gustura geratu nintzen, baina ez nuen lortu erabat askatzea, eta larunbaterako horixe nahi nuke; tenple eta konfidantzarekin ailegatu bertara eta nere mailako saioa egitea.  Aurrera segitzea ez dut helburu bezala markatzen. Nahia bai, nahi hori badut, baina helburua urte hauetan plazatan ikasitakoa bertan azaltzea da."

AGIN LABURU
"Oso gustura geratu nintzen Markinan egindako saioarekin, eta badakit kosta egingo dela antzekoa errepikatzea, baina behin egin baldin badut bigarrena zergatik ez? Gainera, nahiko nabarmen azaltzen ari da aurreko finalerdietan, lehen egindako lanak, aurreko fasekoak, ez daukala zer ikusirik hurrengoan egiteko. Egoera xelebrean nago, kaderako pitzadura eduki dut, eta horrek asko desanimatu ninduen hasera batean. Nola egongo naizen, posturak, minak... gogoa asko kendu zidan, baina azken lau, bost egunetan hobera egin dut, eta bueno, dagoeneko ez daukat aitzakiarik. Horretan ez behintzat."


BEÑAT LIZASO
"Zain jarrita nago ni, baino ondo. Aho zapore txarra utzi zidan aurreko saioak (Legazpi) Ez nintzan oso konforme atera eta orain esperantza badut zeozer egiteko. Konsziente izanda egin litekeela eta egin gabe geratzeko arriskua ere badudala. Hamabost bertsotan edozer gerta daiteke. Finala berriz oso urruti ikusten det. Hor aurrena salto txiki bat badago eta hori pasaz gero gustura. Baino ni konforme nago egindakoarekin. Urtean bost saio eginda ez dago askoz gehiago eskatzerik.  Saioa polita tokatu zait. Esaterako Jon Maiarekin ez dut sekula kantatu eta bai, gogoa badut."


AITOR SARRIEGI

"Pasatzeko gogoa handia daukat. Eguna pasatzeko diot, eta ondo pasatzeko gogoa. Joan dedila dena ondo. Orain nahiko lasai nago, badakit egunak arrimatu ahala hasiko direla barruak mugitzen, baina orain... Gogotsu txapelketan sartzeko. Besteetan baino kanporagotik edo, jarraitu dut orain artekoa, Egon naiz saio batzuetan, baina beste txapelketetako barruko sentipen hori, puntuazioak, lanak, bertsoak... ez dut izan. Luzeegi ez egiteko ere ondo etortzen da."

ODEI BARROSO
"Ilusio handiz, gogoz nago. Villabonan behar bezala aritu ez eta suertea ukan dut hemen egoteko eta orain ilusioz nago. Ahal den guztia egiteko prest . Printzipioz Oiartzunen kanta eta aintzinera joateko aukera etortzen bada hobe. Ikusi ditut aurreko saioak, asko maite izan ditut. Ea ni ere pozik geratzen naizen saioarekin. Baina badakit hori lortzeko egin egin beharko dela."


JON MAIA
"Gernikako saioan izan nintzen, eta kantatzeko gogoa sartu zitzaidan. Horrelakoeten, izaten da kezkak edo beldurrak etortzea baina ez, desiatzen nengoen kantuan hasteko. Prest? Bai, uste dut preparatua nagoela. Hemendik aurrerako lanak alperrik izango dira, ikasle txarrarenak ezta? Lanak egoki egin ditudalakoan nago. Epe luzeko direnak (aldartea, nola iritsi.. ) lantzen aritu naiz eta bestalde fondokoa (lan teknikoak eta abar) Helburuak noski denak dauzkat. Txapelketan ateratzen diren guztiek amesten dutena. Baina hemen guzti hori pausuz pausu planteatu behar da. Eta lehena da Oiartzunen egitea. Hori ikusita ikusiko da bigarren pausua dagoen, hori nola planteatzen den, hirugarrena…"

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri