BTN13. Murgiako finalaurrekoa 2013-11-18

Gozatzekoa Gorbeia inguruan

Felix Irazustabarrenaren kronika, Murgiako saioa bukatu denean
Beso zabalik hartu du Murgiak txapelketa. Autobus geltokiko argizko letreroak zein gaztetxeko pankartak ongi etorria eman dio laugarren finalaurrekoari. Jendez gainezka bete den aretoa ere bero zegoen, jendea sartu aurretik martxan jarri duten berogailuagatik eta ondoren bertsoak emandakoagatik.

Lehen itzuliko azken saioa izan da gaur, eta bertan jakin da zein bertsolarik osatuko duten hurrengo hiru saioetako kartela eta hauen banaketa.

Hemen bertan, baina beste leku batean egongo dira horiek, beraz joan gaitezen gaurko saiora.

Saio bikaina izan da gaurkoa, behin baino gehiagotan lehertu da Palatu kiroldegia, eta goi mailako aleak entzun ahal izan ditugu.

Oso ondo hasi dira zortziko handian, lehen bi ariketak bereziki, eta oso ondo joan da ofizioetako beste eginbeharretan. Kartzelako lana izan da gaurkoan behar bada epelena. Bertsoaldi onak izan dira orokorrean, baina zertxobait behera egin du orduan saioak.

Sustrai Colina izan da puntu gehien jaso duen bertsolaria eta zinez bertsotan egin du horretarako. Puntuak erantzuten arituko zen ondoen (bakarren bat paregabea, boleaz erantzundako bigarrena adibidez), baina ofizio guztietan azaldu du bere kalitatea. Handian Fredi Paiarekin izan du arazotxoren bat bertsoaldiaren tonua hartzeko garaian baina goxo eta natural bideratu du. Txikian behin eta berriz erantzun du Unai Agirrek proposatzen zizkionak bi gurasoen paperean. Hiru erantzun eder. Eta seiko motzean arrazoiak bilatu ditu bidea hainbeste zabaldu ez dion Silveirarekin. Kartzelakoan egingo zuen saio kaxkarrena. Bidea aurkitu du, baina esatekoak azaltzekoan ez du hainbeste asmatu.

Ofizioetan maisu aritu den beste bertsolaria Beñat Gaztelumendi izan da. Aurreko bere saioan (Altsasun) puntuak erantzuten, eta batez ere kartzelan asmatu bazuen, gaurkoan alderantziz. Nahiko lan izan du puntuei eusten eta kartzelakoa ez du borobildu, ez du konkretatu, gaiaren aldamenetik pasa denaren sentsazioa utzi du. Binakako lanetan aldiz...  Primeran hasi da zaintza partekatua eskatuz Silveirarekin nagusian eta saioko bertsoaldi osoena bete du Unai Agirrerekin seiko motzean. Hala ere zortziko txikikoa azpimarratu nahi nuke. Fredik gaia bera beste leku batera eraman du lehen kolpetik eta berak gai berriarekin jarraitu du erantzun bete-betekin eta azken bertsoan berriro hasierako gaira bueltatuz itxi du ofizioa. Bertsoaldiari bukaera emate hori ederki egiten duen bertsolaria da.

Unai Agirre izan du lagun lehen aipatutako seiko motzekoan, bertsoaldi konpletoena izan daitekeenean. Jantoki sozialera joaten diren bi lagun osatu eta bien arteko elkarrizketa paregabea lotu dute. Zoragarri aritu da gaur ere Unai horrelako lanetan.  Gaiaren barruan pertsonaiak eraiki eta haiek esango lituzkeenak modu natural, sinesgarri eta ederrean josten daki. Puntu erantzunetan ez du gehiegi luzitu, eta kartzelakoan neri gehien gustatu zaidan lana egin du. Hiru bertso goxo semearen urtebetetzeko ospakizunean.

Aitor Mendiluzek Murgian egin du bere lehen saioa txapelketa honetan. Emateko gogoarekin sumatu dugu hasieratik eta hala egin du. Beharbada ez da bere maila gorenean ibili gaur (gehiago egin dezakeela badakigulako) baina bikain osatu ditu bertsoak. Bere lehenengotik hasi eta bertso guztiak ondo josita, ederki beteta eraman ditu. Zortziko handian goi mailan hasi da, eta beste guztietan utzi du arrastoa. Kartzelakoan ere aitzakiarik gabeko hiru ale utzi dizkigu. Doinuetan ere ahalegin berezia egin du, ofizioetan gutxiago entzuten direnak (txapelketan behintzat) plazaratuz. Gustagarri.

Xabier Silveirak ez du bere eguna izan. Azaldu ditu bere bertsoeraren seinaleak, baina bera ere ez da gustura geratu. Hala aitortu du azken agurrean eta halaxe izango da. Txapelketa honetako bere azken agurra. Ondo hasi da zortziko handian, konplikatzen joan da zortziko txikian Mendiluzerekin eta nahasi samar puntu erantzunetan. Goraxeago gora egin badu ere seiko motzean bertsoa ekartzen sentitu dut. Eta kartzelakoa berezia egin duela iruditu zait. Lortu du umorez jendea piztea, ideia eta gaiari txukun heldu diola uste dut, baziren bertan joskera, lotura bitxiak. Kantaera ere oso berean eraman du, errimak markatuz, errezitatzetik gertu... Baina gelditu zait borobildu ez duenaren ustea. Berriz entzun beharrekoa iruditzen zait. Esandakoa, bukatu du berea aurtengoan eta (honena ere) pena bat da, bertsolari berezia delako. Eta horregatik izango da jendeak hainbeste eskertzen diola.

Fredi Paia da jendearen piztea lortzen duen beste bertsolari bat. Gaur ere erakutsi du hori. Ausart, oldarkor azaldu da. Batzuetan punki samarra ere esango genuke. Zortziko handian seriotik hartzea erabaki du (amonaren hilotzaren aurrean zegoen) eta hor asmatu du gutxien. Txikian ere, zarpail samar behar bada, baina zaleengana iritsi da, eta lehertu den saio horietako bat osatu dute. Seiko motzekoa bezala. Puntu erantzunetan ere betean asmatu du, eta bakarkakoan berriz piztu du entzulea (hemen zabar samar errima batzuekin ibili da) eta saioan gehienean bezala ideietan fresko.

Gaurko seikotetik, Silveira izango da aurrera egingo ez duen bakarra. Eta beste bostak finalerako leku batengatik borrokatuko dute hurrengoetan. Gaur eman dute horretarako pausua (bizpahiruk pausu luzea)

Hurrengo saioa bigarren bueltakoa izango da. Datorren larunbatean Elizondon.

Felix Irazustabarrena

 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri