Bertsoaroaren balorazioa 2013-11-19

Bertsoaroa arrakastatsu joan da aurten ere

Bertsoaroak leku berezia egin du bertsolaritzaren plazan. Bat-bateko saioak, hitzaldiak, esperimentazioa, gazteen saioak... formatu eta izaera ezberdineko eskaintza osatzen du urtero Nafarroako Bertsozale Elkartean, Iruñeako Udalarekin elkarlanean. Eta urtetik urtera erreferentzialtasuna irabazten ari da Iruñean, bereziki gazteen artean. Aurtengo edizioak ere oso erantzun zabala utzi du.
Izaera ezberdineko hiru bertso-jaialdi, 'Ez gara Palestinaz ari' emanaldia, Igelaren Bandaren kontzertua eta Xabi Payaren hitzaldia izan dira Bertsoaroaren aurtengo eskaintza, bertsozale askok gozatu duena. “Lehen, batez ere, azken jaialdian biltzen zen jendea eta orain bertsozale asko ekitaldi guztietara etortzen da” dio Lorea Arburua Nafarroako Bertsozale Elkarteko eragileak.

Azpimarratu du Bertsoaroak batez ere gazteengan duen erakargarritasuna, eta gazte jaialdiaren urtetik urteko gorakada: "Orain dela urte batzuk pentsaezina zen gazte jaialdian 150 entzule biltzea" adierazi du Arburuak.  Azken jaialdiak, berriz, azken urteotan esperimentazio bideari heldu dio, “jendeak badaki hori eta konexio berezia sortzen da”. Aurten ere aretoa bete-bete egin dute Gurutze plazako Institutuan bildutako 600 bertsozalek. 

Hirugarren jaialdia urtetik urtera moldatu egiten da eta aurten txapelketaren inguruan antolatu dute, eta aretoa ere hirutik bi beteta kantatu zuten bertsolariek. Ekitaldiak oso ongi joan izana nabarmendu du Arburuak eta azpimarratu du Bertsoaroak Iruñeako euskarazko kulturgintzan garrantzia berezia duela.

Aurrera begira ere azken urteetako ildotik jarraitu nahi du Nafarroako Bertsozale Elkarteak: ahalik eta eskaintza erakargarriena osatu bertsolaritzako adierazpide ezberdinekin, Nafarroako bertsolariei toki berezia egin eta gazteen presentzia indartzen jarraitu.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri