BTN13 2013-11-20

Gogoan dut

Gogoan dut
Agustin Otsoa itzultzaileak bertsolaritzarekin izan zuen lehendabiziko harremanaz hitz egin digu asteko kolaborazioan.
Gogoan dut, inoiz ahaztuko ez dudalarik, bertsolaritzarekin izan nuen lehendabiziko hartu-eman pertsonala. Udako Euskal Unibertsitatera joan ginen hiru lagun, Euskal Herriko hiriburura, Iruñera, bertsolaritzari buruzko mintegi batera. Hizlaria, bertsolari dotorea, eskola zaharrekoa, klase handikoa: Sebastian Lizaso, alajaina.

Haren euskara jaso eta gozoaren entzutera hurbildu gura genuen, txoko bateko entzule huts erdi ezkutuen paperean. Izan ere, irten berriak baikinen euskararen mundura.

Baina, hara non, Sebastian jaunak nahitaezko boluntarioak behar eta nire lagunetako bat eta biok atera gintuen oholtzara. Hura izerdi hotza! Haiek masail gorri beroak! Estualdi galanta, bertsolaritzarekiko esperientzia traumatikoa.

Ordutik aurrera tamaina berekoa dut bertso-saioetako tarte isilek eragindako estresa eta bertsolariek eragiten didaten miresmena. Sekulako ariketa mental arin eta osoa.
Mirestekoa ere bada, miraritik hurbilekoa, azken urteotan bertsozaleek egindako lana eta erdietsitako emaitza. Ehunka bertso-eskola, milaka bertso-ekitaldi Euskal Herri osoan barrena, milaka lagun hurbiltzen dira bertso-ekitaldi nagusietara, footballaren pare.

Zer esanik ez gazteekin lortutako atxikimendu, hezkuntzan, oratorian, jende aurreko jardunerako dakarzkien gaitasun eta prestakuntza-aukera zeharo aberasgarriak ahaztu barik, bai eta euskalduntzeari berari ere. Lortu baitute tradizioaren mendetako produktua eguneratu eta molde berrietara egokitzea.

Honen guztiaren lekuko, Murgian gozatu dugun saio jendetsu, bero eta ederra, kanpoan neguaren gordina dugularik ere.
Anitz esker Bertsozale Elkarteari. Segi horrela.

Agustin Otsoa Eribeko Landa

Itzultzailea

Albiste gehiago

EHBT26 2026-10-10

Xabat Illarregi, Gotaineko gora beherei bertsoz bertso eutsiz

Igotz Alkorta Irastortza

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza