BTN13. Seigarren finalaurrekoa Donostian 2013-11-22

Orain oraingoa

Orain oraingoa
Igandean Donostian jokatuko da Txapelketa Nagusiko seigarren finalaurrekoa, bigarren itzuliko bigarrena. Fredi Paia, Etxahun Lekue, Alaia Martin, Aitor Sarriegi, Igor Elortza eta Jon Martin igoko dira oholtzara. Beraiekin hitz egin dugu saioaren bezperatan.
Gaska kiroldegian (eta ez aldamenean dagoen Atano III. pilotalekuan) izango da azkenean Donostiako saioa. Jende gehiagori aukera eman ahal izateko aldatu da lekua, eta arratsaldeko 17:30ean bertan izango dira sei bertsolari: Jon Martin, Igor Elortza, Alaia Martin, Aitor Sarriegi, Fredi Paia eta Etxahun Lekue. Finalaurrekoetako bigarren itzuliko bigarren saioa izango da hau, eta bertsolariak saioan zentratuta ikusi ditugu. Dena den batzuk, zeharka bada ere Barakaldora begiratzen dute.

JON MARTIN

"Aurreko saioak eta gero perfilatu samar geratu da finalerako borroka eta hor bagaude pelotoi txiki bat mirari bat behar genukeena falta den hori lortzeko. Iturriaga ere hor dago, baina hark erakutsi izan du mirari horietarako gai dela. Saio kuriosoa tokatu da, lehen saioan Villabonan ginenetik hiru gaudelako bertan. Berriro arrebarekin kantatzen dut. Lehenengo hartan pena pixka bat ematen zidan elkarrekin kantatu beharrak, baino orain ilusioa egiten dit. Baina batez ere lekuak egiten dit ilusio ikaragarria. Hemen, Donostian, ari naiz lanean, bertso saio gehien hemen egingo ditut… opari bat da niretzat hemen kantatzea. Ikasleak era bertan izango ditut… sarrera lortu badute. Giroa kristona izango da. Pena daukat aurrekoan poto hura egin izan ez banu akaso borroka horretan egongo nintzelako, baina era berean aukerarik gabe egoteak lasaitasuna ematen dit. Ea bertsotarako gorputzik onena dugun eta dena ondo ateratzen den."

FREDI PAIA

"Nik gogoa? Dena. Hor tropelean bagaude batzuk oraindik aukerekin, eta saiatzera. Denbora asko ez da egon, baina aritu naiz errepasatzen igandeko saioa. Zer egin dudan ondo, zer hobetu leiken, zer uste dudan saritzen dela, zer ez… eta hortik aurrera, egurra! Ariketa aldaketa dator oraingo saiorako, eta neri gustatzen zait datorrena. Arrisku gehiagoko ariketak dira behar bada (eta ez dut ahazteko 2001eko finalaurrekoetan bi poto egin nituela puntutan) baina pozik nago lanarekin. Ea denetan batzen asmatzen dudan."

AITOR SARRIEGI

"Ilusioz noa. Momentuz seigarren postuan nago eta horri eusteko asmotan. Hori besteen arabera ere badago, baina ni gogotsu nago. Lehenengo saioari begira kezka gehiago nuen, eta orain zalantza batzuk uxatuta BECera begira, baina egin behar dela jakinda. Pelota nere teilatuan balego bezala ikusten dut. Badakit nere buruari exigituko diodala, eta eskatzen diodan mailan arituz gero finalera sartzea lortu nezakeela, baina hori egin ezean kanpoan geratu nintekeela ere bai."

ETXAHUN LEKUE

"Ezer berririk gabe. Trankil. Nerbiosoen lehen saioan egongo nintzen, Oionen. Orain geroz eta lasaiago, eta gogotsu. Txapelketa ona izaten ari da niretzako, inoiz ez nintzen honaino ailegatu, eta gura nuke aho zapore gozo honekin amaitu. Ezin burua finalean eduki. Nik badakit ni baino maila hobea dutenak, eta ni baino leku hobean daudenak daudela hor, eta nere helburua saioa disfrutatzea da. Bertsotan ondo ez badut egiten orduan izango dut pena. Seikote edarra gaude, Igor, Fredi... Badaukat gogoa Fredirekin ofizioren bat egiteko, ea tokatzen zaigun."

IGOR ELORTZA

"Aurreko astean oso trankil egon naiz eta orain gutxiago falta dela tentsio gehiagorekin, beraz alde horretatik hobeto. Tolosan bide onean jarri nintzen, asmatu nuen edo, eta bide horretatik jarraitzea izango da nire asmoa. Gura nukena behintzat.  Aurreko saioko jarrera berarekin joango naiz, lehenengo bertsotik dena ematera. Badakit despistatu ez dudala egin behar, lasaitasun gehiegi ere txarra dela, eta bestalde Donostian, Gaskan, 2.500 lagun egongo dira, eta horri zor zaio. Plazer handia izango da han kantatzea, (Hertzainaken despedida kontzertuan bakarrik kantatu dut han) eta bertsolarion jarrera beti horrela izan behar duelako, hango saioa egitera noa. Orain eta hemen. Eta ahal dela gozatu eta gozarazi."

ALAIA MARTIN

"Aurrekoan baino lasaixeago nagoela uste dut, eta Donostiara saio zoragarri bat egitera noa. Aurreko bi saioetan, Villabonan eta Oiartzunen, gauza batzuekin oso gustura geratu naiz eta zenbaitekin ez hainbeste eta saio borobil bat egin nahi nuke oraingoan. Seikote polita gaude eta ni dana ematera joango naiz. Finalera gehiegi begiratu gabe, badakit aukerak dauzkadala, baina aukera horiek nik bertsotan ondo egitetik pasatzen dira. Horixe dago nire esku eta nire esku dagoen guztia egiten saiatuko naiz. Ilusio handia dut Donostian kantatzeko, data handia izango da egun hori bera, eta gero ondorioz finalera sartuko banintz bada, nere ametsa beteko litzateke."

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri